Eusko Jaurlaritzaren Ekoetxea Sarearen ingurumen-zentroek ehun mila bisita izan zituzten 2019an

Argitalpen-data: 

Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailak kudeatzen duen Ekoetxea sareko ingurumen-interpretaziorako zentroek 100.000 bisitari baino gehiago izan zituzten 2019an. Zentroak Azpeitia eta Txingudin daude kokatuta, Gipuzkoan, eta Meatzaldea-Peñas Negras eta Urdaibain, Bizkaian. Ingurumen-sentsibilizaziorako espazio hauetara gero eta publiko gehiago etortzearen arrazoia da askotariko jarduerak eskaintzen dituztela ondare naturalaren babesaren eta bizi-kalitatearen artean dagoen lotura deskubritzeko.

Zentroen sare horren barruan, Urdaibai ekoetxea nabarmentzen da. Izan ere, bertara 67.000 pertsona hurbildu ziren iaz, eta, hortaz, 2008ko ekainean ireki zenez geroztik milioi erdi bat bisita baino gehiago izan du. Jasangarritasunarekin lotutako hezkuntza- eta aisialdi-eskaintza zabala funtsezkoa izan da marka horretara iritsi dadin. 2019an, zentro honek 450 jarduera baino gehiago antolatu ditu, eta 170 ikastetxetako 14.000 ikasle baino gehiago hartu ditu bere Eskola-programa Didaktikoan.  Sareko gainerako zentroei dagokienez, 14.000 pertsonak Peñas Negras Ekoetxea bisitatu zuten, 14.000 pertsonak Txingudikoa eta 5.000 pertsonak Azpeitikoa.

“Euskadiko Ekoetxea Sareak funtsezko eginkizuna betetzen du jasangarritasunerako ingurumen-hezkuntzaren alorrean. Sare hau tresna garrantzitsuenetako bat da gure inguruneko ingurumen-gakoak komunikatzeko eta gako horiek euskal herritarrekin lantzeko. Gainera, ekintzara pasatzea ahalbidetzen dieten jarraibide garbiak ematen dizkie”, adierazi du Iñaki Arriola Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailburuak.

Ekoetxea izeneko zentro publikoen sareak hezitzaile talde mardula du bere esku, eta beraren bitartez joerak, metodologiak eta hezkuntza-estrategiak aztertzen ditu, bisitariei esperientziarik onenak eskaintzeko, haien adin, profil eta eskariei egokituta.

Ingurumen-hezkuntzaren Munduko Eguna

Datorren igandean, urtarrilak 26, Ingurumen-hezkuntzaren Munduko Eguna ospatuko da. Ospakizun hori 1975ean sortu zen, urte horretan Ingurumen-hezkuntzaren Nazioarteko Mintegia antolatu baitzen Belgraden, 70 herrialdetatik baino gehiagotik etorritako adituen parte-hartzearekin.

Topaketa horretan, ingurumen-hezkuntzaren printzipioak ezarri ziren, Nazio Batuen Erakundearen programen baitan. Eta, horren ondorioz, Belgradeko Gutuna argitaratu zen, Ingurumen-hezkuntzaren errebindikazio nagusiak islatuz. Beraren helburuak honako hauek dira: munduko biztanleria ingurumenaz eta berari lotutako arazoez kontzientziatzea eta horien inguruan kezkatzea, eta herritar horiek ezagutza, gaitasun, jarrera, motibazio eta konpromisoa izan ditzatela banaka eta kolektiboki lan egiteko, bai oraingo arazoetarako irtenbideak bilatzeko eta bai arazo berriak prebenitzeko.