Eusko Jaurlaritzaren aurreikuspen ekonomikoak

2020.eko irailak 25

EUSKO JAURLARITZAK BPG-AREN %10,1EKO JAITSIERA AURREIKUSTEN DU 2020AN, ETA %8,9KO IGOERA INDARTSUA 2021EAN

 

Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak Eusko Jaurlaritzaren aurreikuspen berrien berri eman du gaur, Eustaten urteko bigarren hiruhilekoari buruzko kontu ekonomikoak eta ingurune ekonomikoari buruzko datu berriagoak ezagutu ondoren. Datu horien arabera, BPG %10,1 jaitsiko da 2020an, eta %8,9ko igoera indartsua izango du 2021ean. Horrek, datorren urteko abenduan 2018ko BPGaren mailetara itzuliko ginatekeela erakutsiko luke.

Enpleguaren arloan, 2020an 30.000 pertsona inguruk galduko dute beren enplegua, eta horrek %11,2ra arte handituko du langabezia tasa. 2021ean, langabezia tasa %10,7ra jaitsiko da ziurrenez, eta 15.100 lanpostu inguru sortuko dira.

Horrela, esparru taula honela geratuko litzateke:

 

Euskadiko taula makroekonomikoa 2019-2021

 

2019

2020

2021

BPG

2,2

-10,1

8,9

Azken kontsumoa

1,9

-7,9

7,4

    Etxeen kontsumoa

1,8

-10,8

8,9

    Administrazio publikoen kontsumoa

2,2

3,1

1,5

KEG

3,3

-11,7

9,3

Barne-eskaria

2,2

-8,8

7,7

Kanpoko eskariaren ekarpena

0,0

-0,8

0,7

BPG nominala

3,3

-10,1

10,1

BPG deflaktorea

1,1

0,0

1,1

Enplegua (lanpostuak)

1,5

-8,9

7,9

Lanean dauden pertsonak (PRA)

1,4

-3,2

1,7

Langabezia tasa

9,8

11,2

10,7

Iturria: Ekonomia eta Plangintza Zuzendaritza

 

Eskariaren ikuspuntutik, 2020ko jaitsieraren parte nagusia barne-eskariaren bilakaera txarraren ondorio izango da, kanpoko saldoak ere hazkundeari hamarren bat kenduko dion arren, esportazioak inportazioak baino gehiago murriztuko baitira. Azken kontsumoaren gastua %7,9 murriztuko da aurten, eta kapitalaren eraketa gordina, berriz, %11,7. Kontsumoaren barruan, etxeena %10,8 jaitsiko da, eta administrazio publikoena, berriz, %3,1, pandemiaren garaian osasun, hezkuntza eta gizarte zerbitzuen arloan sortu diren beharrak direla eta.

Sektoreen araberako ikuspegiak iradokitzen duenez, industria izango da gaur egungo egoeraren ondorioz kalte handiena jasango duen sektorea, bere balio erantsiaren galera %14,0koa izango baita, baina eraikuntzak eta zerbitzuek ere nabarmen egingo dute okerrera aurten. Zerbitzuen kasuan, balio erantsiaren jaitsiera %9,0koa izango da, baina tasa horrek, zerbitzu publiko hedakorrek era partzialean konpentsatzen duten zerbitzu pribatuen bilakaera negatiboagoa barne hartzen du.

2021erako aurreikusitako susperraldi handia aurtengo ezohiko jaitsieraren ondorio zuzena izango da. Hurrengo urterako aurreikusten den errebote-efektua, neurri handi batean, hasiera batean tipikoa zen urte bat (2021) egoera atipiko batekin (2020) alderatzearen emaitza da. Testuinguru horretan, barne-eskariak %7,7 egingo du gora, eta kanpoko saldoak zazpi hamarren gehituko dizkio ekonomiaren suspertzeari. Kontsumo pribatua eta inbertsioa suspertu egingo dira, eta %8,9ko eta %9,3ko balioak erregistratuko

dituzte, hurrenez hurren. Bestalde, kontsumo publikoa berriro haziko da (%1,5), baina 2020an baino erritmo txikiagoan, egonkortzaile automatikoek intzidentzia txikiagoa izango dutelako eta jarduera ekonomiko gehienak euren jarduerara itzuliko direlako.

Hiruhilekoak igaro ahala, sektore handien jarduera suspertu egingo da. Bereziki nabarmena izango da industriaren suspertzea (%10,5), kanpoko merkatuen irekierak bultzatuta. Zerbitzuek hobera egingo dute, baina horien erritmoa ekonomia orokorrarena baino zertxobait txikiagoa izango da, turismoaren eta ostalaritzaren azpi-sektoreek oraindik zailtasunak izango dituztelako.

Agertoki makroekonomiko hori gauzatzeko, inguruko ekonomietarako aurreikusten diren hazkundeak hartu dira kontuan. Horrela, Espainiaren kasuan aurten %10,2ko BPGaren jaitsiera aurreikusi da, eta %10,1eko suspertze indartsua hurrengoan, Ceprederen aurreikuspenek erakusten dutenez. Eurogunerako, erabilitako datuak -%7,9koa eta %6,7koa dira, aipatutako bi urteetarako. Biurteko horretan ez da prezioetan tentsiorik aurreikusten, eta euroaren kotizazioa dolarrarekiko 1,14 dolarrekoa izango da aurten, eta 1,16 dolarrekoa datorren urtean. Azkenik, interes tasek zertxobait negatiboak izaten jarraituko dute.

 

2020ko abuztuko ekonomiaren termometroa

Abuztuan, euskal ekonomiaren termometroak 35,5eko balioa erakutsi zuen, eta horrek oraindik atzeraldi handian murgilduta gaudela adierazten du, emaitza hori hobetu egin den ondoz ondoko laugarren hilabetea izan arren. Aldagai koiuntural gehienek urte arteko tasa negatiboak izaten jarraitzen dituzte, baina jaitsierak moteldu dituzte. Adierazgarria da industriari buruzko estatistiketan izandako hobekuntza. Txikizkako merkataritzak zein etxebizitzen salmentak igoera positiboak lortu dituzte azken hilabeteetan.

 

Vitoria-Gasteiz, 2020ko irailaren 25a