Eusko Jaurlaritzak txosten eguneratua aurkeztuko die alderdi politikoei osasun-larrialdiak Euskal Autonomia Erkidegoan izan duen bilakaerari, egungo egoerari eta aurreikuspenei buruz

2020.eko apirilak 29

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak eta Gobernantza Publikoko eta Autogobernuko sailburuak ohiko prentsaurrekoa eman du Gobernu Kontseiluaren ondoren, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapena eta Azpiegituretako sailburuarekin, Iñaki Arriola Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuarekin eta Nekane Murga Osasun sailburuarekin batera.

ALDERDI POLITIKOEN MAHAIA

Josu Erkorekak Gobernu Kontseiluan aztertutako gaien berri eman du. Bozeramaileak azaldu duenez, Lehendakariak “Alderdi Politikoen Mahaia” deitu du biharko. Mahai horretan, “osasun-larrialdiko adierazpena” ebaluatuko da eta Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen deialdiari begira egon daitezkeen agertokiei buruzko gogoeta egingo da.

Josu Erkorekak gaineratu duenez, hausnarketa horri eusteko, Eusko Jaurlaritzak txosten eguneratua aurkeztuko du osasun-larrialdiak Euskal Autonomia Erkidegoan izan duen bilakaerari, egungo egoerari eta aurreikuspenei buruz.

Bozeramaileak gogoratu duenez, “Lehendakariak aurreratu du behar-beharrezkoa dela gai hori behar besteko aurrerapenez jorratzea, egoeraren ezohikotasuna aintzat hartuz”. 

Biharko bileran, alderdi politikoek aukera izango dute haien ikuspuntuak planteatzeko, baita erabakirik egokiena hartzea ahalbidetuko duen harremanetarako bidea ezartzeko, betiere egungo egoera eta etorkizuneko itxaropenak kontuan hartuta.

BANDA ZABALA

Horrez gain Josu Erkorekak jakinarazi duenez, Gobernu Kontseiluak Itelazpirekin elkarlanean banda zabala Euskal Autonomia Erkidego osora hedatzea helburu duen hitzarmena onartu du.

Erkorekak azaldu duenez, Covid-19aren pandemiak eragindako osasun-krisiak agerian utzi du zer garrantzitsua den gizarte konektatua izatea. Konfinamenduan, belaunaldi berriko banda zabaleko sarea erabili ahal izatea erabakigarria izan da pandemiaren kudeaketarako. Gainera, azpimarratu duenez, sare digitalak erabili ahal izateak aukera eman du urrutiko hezkuntza eskaintzeko, enplegu-erregulazioko espedienteak online tramitatzeko, familiei eta enpresei laguntzak emateko, edo erosketak online egiteko, etxetik irten behar izan gabe.

Bozeramaileak gogoratu duenez, Eusko Jaurlaritzaren helburua da pertsona eta enpresa guztientzat % 100eko konektagarritasuna lortzea, “Euskadiko 2020ko Agenda Digitalean” jaso zen bezalaxe. Orain arte, 18 milioi euro inbertitu dira xede horrekin.

Gaur onartutako hitzarmenari esker, banda zabala hedatu ahal izango da “eremu zuritzat” jotzen diren beste 58 populazio-gunetara. Izatez, eremu horietan ez dago belaunaldi berriko banda zabalaren bidez Interneterako sarbidea ahalbidetzen duen telekomunikazio-azpiegiturarik, operadoreentzat ez baita errentagarria.

Hitzarmen honek, beraz, ildo bereko aurreko hitzarmenak berritzen ditu; izatez, 2017az geroztik, hitzarmen horiei esker, 473 populazio-guneetan banda zabala hedatu ahal izan da eta eremu horiek “zuritu” ahal izan dira.

ETXEBIZITZEN ALOKAIRUA ORDAINTZEKO LAGUNTZA PROGRAMA

Erkorekak prentsaurrekoan gogorarazi duenez, duela hilabete, Eusko Jaurlaritzak abian jarri zuen Covid-19aren pandemiaren ondoriozko ekonomia- eta gizarte-krisialdiari aurre egiteko Talka Plana. Euskal enpresei, batez ere enpresarik txikienei, laguntzeko 1.025 milioi euroko premiazko lehen funtsa onartu zuen. Funts hori beste 30 milioi eurorekin osatu zen, autonomoei eta mikroenpresei zuzendutako zuzeneko laguntzen bidez. Ondoren, beste 500 milioi eurorekin gehitu zen enpresei zuzendutako zirkulatzaileko finantzaketa-lerroa. Covid-19aren Funtsak 1.555 milioi eurotan baloratutako ekimenak hartzen ditu aintzat.

Gaurko Gobernu Kontseiluan etxebizitzaren alokairua ordaintzeko zailtasunak dituzten pertsonei etxebizitzaren alokairua ordaintzen laguntzeko programa onartuko dugu.

Horrela, COVID-19aren krisiaren ondorioz kalteberatasun ekonomikoko egoeran dauden Euskal Autonomia Erkidegoko alokairu libreko etxebizitza parkeko errentariei laguntza zuzenak ematea arautzen da.

Larrialdi sanitarioak eragindako krisiaren ondorioz langabezian geratu diren edo aldi baterako enplegu-erregulazioa jasan duten pertsonak laguntza horren onuradun izan daitezke, baita, langile autonomoak edo enpresariak izanik, euren diru-sarrerak edo salmentak % 40 edo gehiago murriztu zaizkienak ere. 

JARDUERAREN SUSPERTZEA 

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuak  Euskal Autonomia Erkidegoan jarduera suspertzeko eta Covid-19ari aurre egiteko proiektua aurkeztu du.

Tapiak azaldu duenez, jarduerari berriro ekitean eta txertorik ez dagoen bitartean Covid-19a hedatzea eragozteko oinarri teknologikoko azpiegitura bat erabiliko du Eusko Jaurlaritzak. Horretarako maiatzean zehar BRTAko langileekin eta garraio publikoko profesionalekin lehen proba pilotua egingo da, Adimen Artifiziala aplikatuz Euskadiko laborategi-sarean kudeatutako test estentsiboen prestaketan oinarrituta.

KORONABIRUSAREN DATUAK

Bestalde, osasun sailburu Nekane Murgak Euskadiko koronabirusaren inguruko azken datuak eman ditu.

Gai zerrenda

Prentsa dosierra