Eusko Jaurlaritzak positibotzat jo du Euskadi osoa deskonfinamenduaren 2. fasera pasatzea

2020.eko maiatzak 22

Euskadi osoa pasatuko da astelehenean deskonfinamenduaren bigarren fasera, eta Eusko Jaurlaritzak positibotzat jo du albiste hori, Euskadiko herritarrei normaltasun berria berreskuratzeko bidean aurrera egiten jarraitzeko aukera emango baitie. Jaurlaritzaren ustez Euskadiko herritarren portaera eredugarriari eta milaka profesional sanitarioen, soziosanitarioen eta funtsezkoen lanari esker eman ahal izango da urrats hori.

Iñigo Urkullu lehendakaria bera buru duen Bizi Berri Planean oinarritut bigarren fasera pasatzeko Jaurlaritzak egindako proposamenean aurreratu zen bezala, Euskadi prest dago egoera epidemiologikoaren nahiz asistentzialaren ikuspegitik aurrera egiteko. Deskonfinamenduan aurrera egiteko erabakiak berresten du Eusko Jaurlaritzak egindako proposamena, oraingoan ere, egokia izan zela.

Kasu positibo berrien eta ospitalizazioen joera ona da, eta Euskadik lortu du pandemiaren hedapena geldiaraztea eta osasun-sistemaren kolapsoa gainditzea. Une hauetan zaintza eta kontrola egitea dagokio, birusari eustea lortzeko.

Azken hilabete hauetan egindako lan hori guztia oso gogoan izan behar da zuhurrak izateko eta prebentzio-gomendioei jarraitzeko. Hori guztia dela eta, ezinbestekoa da pertsonen artean bi metroko segurtasun-tartea uztea, distantzia hori utzi ezin denean maskara erabiltzea eta eskuak sarri garbitzea.

Bihar, larunbata, 12:00ean, emango dituzte koronabirusaren bilakaerari eta bigarren fasera pasatzeari buruzko xehetasun gehiago Arantxa Tapia eta Nekane Murga sailburuek.

Euskadiko 2. faserako baldintzak arautzea

Euskal Autonomia Erkidego osoan 2. faserako sarbidea berretsi ondoren, euskal herritarrak bezala, Eusko Jaurlaritza zain dago fase berri honetan izango diren malgutasun-baldintza berrien erregulazioaren azken xehetasunen berri izateko. Baldintza horiek Osasun Ministerioaren agindu batean zehaztu beharko dira.

Ministerio Agindu horren alderdi guztiak ezagutu ondoren, Eusko Jaurlaritzak itxi egingo du Euskadira mugatzen den araudia.

Gogora ekarri behar da Eusko Jaurlaritzak aldebiko moduan helarazi eta landu dituela hiru lurraldeetan aplikatu beharreko berezitasunak, eta bihar, larunbata, 12: 00etan, Arantxa Tapia eta Nekane Murga sailburuek xehetasun gehiago emango dituztela koronabirusaren bilakaerari buruz eta fase berrira sartzeko baldintzei buruz.