Eusko Jaurlaritzak Lanbide "langabeziaren bulego bat baino askoz ere gehiago" izateko egindako esfortzua azpimarratu du

2020.eko urtarrilak 10

  • 2019an, Lanbidek 400.000 pertsona baino gehiago hartu zituen EAEn dituen 42 bulegoetan

  • Urkullu lehendakariak eta Artolazabal sailburuak Euskal Enplegu Zerbitzuaren Salburuako (Vitoria-Gasteiz) bulego berriak bisitatu dituzte, Lanbide abian jarri zenetik hamar urte betetzen direnean

2020an Lanbidek bere modernizazioaren hirugarren faseari ekin dio. Fase horretan, bere bulegoen barne-antolaketa eta obra berriak aurreikusi dira. Lan horiek urtearen amaiera aldera —2021. urtearen hasiera— bukatuko dituzte, Bilbao-Errekaldeko, Bilbao-Mazarredoko eta Durangoko lokalak zabalduz.  Hobetzeko proiektu handinahi horri esker, Vitoria-Gasteizko herritarrek jada Lanbideren hiru bulego berri dituzte Zaramagan, Zabalganan eta Salburuan.

Lanbide sortu zela hamar urte betetzen direnean, Iñigo Urkullu lehendakariak, Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalekin batera, 2019ko urriaren 15ean zabaldu ziren Salburuako instalazioak bisitatu ditu.

Duela gutxi zabaldutako Gasteizko Salburuako bulegoetan, Lehendakariak bertatik bertara ezagutu ahal izan du Euskal Enplegu Zerbitzuaren arretarako eredu berria. Horri esker, eskatzaileak edo enpresak laguntza pertsonalizatua jasotzen du, aurretik ematen zen askotariko laguntzaren ordez. Era horretan, eskatzaileari edo enpresari emandako erantzunaren kalitatea hobetuko da. Honako hau izan da Lehendakari batek Lanbideren 42 bulegoetako bat bisitatzen duen lehen aldia.

Iñigo Urkullu lehendakariak azpimarratu duenez, zerbitzu integral, pertsonalizatu eta berritzaile hau, iaz, Euskal Autonomia Erkidegoko 400.000 lagun baino gehiagok erabili zuten, enplegu bat eskatzeko, edo prestakuntza-ikastaro baten edo gizarte-prestazio baten inguruan galdetzeko. 

“Ikuspegi arkitektonikotik, batez ere erosotasuna eta erabiltzaileari emandako banakako tratua hartu dira kontuan lan-espazio berriak diseinatzeko garaian.

Arretarako espazioen diseinu horri esker arreta hobea emango den arren, kalitatearen aldeko apustua haratago doa. Baliabide teknologikoak, berrikuntza eta arreta pertsonalaren proaktibitatea hobetzen jarraituko dugu”, azpimarratu du Lehendakariak.

Artolazabal sailburuak gaineratu bezala, azken batean Lanbide “langabezia-bulego bat baino askoz ere gehiago izateko”. “Enplegua aurkitzeko eta DSBEren gizarte-zerbitzuak jasotzeko guregana hurbildu beharra duten pertsonentzako gero eta espazio atseginago eta abegikorrago bat errealitate bihurtu nahi dugu”, azpimarratu du sailburuak.

Iaz, 18.000 lagun baino gehiago hasi ziren lanean Euskal Autonomia Erkidegoan. Hala, Euskadin 980.000 pertsona baino gehiago iritsi dira Gizarte Segurantzan kotizatzera; azken hamarkadako kopuru handiena. Halaber, bai INEren bai Eustaten datuen arabera, langabezia-tasa % 9,2raino murriztu bazen ere, Lehendakariak esan duenez “ez da nahikoa.  Elkarrekin lanean jarraitu behar dugu, partekatzen dugun guztien ongia lortzeko: enplegu gehiago eta hobea”.

“Lanbide modernizatzen ari da gero eta erabilgarriagoa eta eraginkorragoa izateko. Langabeziak behera egiteak eta DSBEren jasotzaileen kopuruak etengabe behera egiteak arnasa hartzeko aukera eman digu orainari eta etorkizunari buruz gogoeta egiteko. Ez dugu aukera hori galduko”, esanez amaitu du Beatriz Artolazabalek.

EREDU BERRIA

Elkarrizketa eta erantzunaren kalitatea hobetzeaz gain, Lanbidek arreta-eredu berri bat landu du, eskatzaileak eta enpresak informazioa kudeatzeko aukera izan dezaten. Gainera, prestatuta dagoen eta herritarrei arreta emateko bokazioa duen pertsonala dauka. Arreta integraleko eredu bat. Eta arreta hori modu bereizi eta tutorizatu baten bidez ematen zaie herritarrei.

2009an abian jarri zenetik, Lanbidek 42 bulego zabaldu ditu.  Egun burutzen ari den modernizazio-planari esker bulego horietako heren bat jada berritua dago, 18 lokaletan 15 milioi euroko inbertsioa eginez. Bilbao-Errekalden, Bilbao-Mazarredon eta Durangon irekitzea aurreikusi diren bulegoez gain, Euskal Enplegu Zerbitzuak beste lokal bat erosi du Laudioko bulegoa bertara eramateko —2021eko bigarren seihilekoan egitea aurreikusi da—. Garai horretan ere Bilbao-San Inazioko, Bilbao-Miribillako eta Gernika-Lumoko bulegoak inauguratzeko asmoa dago.  Zarauzko bulegoa tokiz mugitzeko —oraindik data zehaztu gabe dago— eta Zallan lokal bat erosteko asmoa ere badago.