Eusko Jaurlaritzak kultura arloko langileei zuzendutako aholkularitza zerbitzuak 520 kontsulta baino gehiago jaso ditu apirilean abian jarri zenetik

Argitalpen-data: 

Mikroenpresak.png
  • Azken asteotan, zalantza gehienak lotuta daude Sailak kultur sektoreko mikroenpresentzako abian jarritako diru-laguntza deialdiarekin; laguntza horiek eskatzeko epea ostegunean amaituko da.

 

Gasteiz, 2020/07/28       

Eusko Jaurlaritzak kultura arloko langileei zuzendutako aholkularitza zerbitzuak 520 kontsulta baino gehiago jaso ditu apirilean abian jarri zenetik. Zerbitzua Kulturklik PRO plataformaren bidez  eskaintzen da (kulturklik.euskadi.eus/aholkularitza/), eta bere helburua da Covid 19ren krisiaren ondorioei aurre egiteko abian jarritako laguntzei eta neurriei buruzko informazio guztia argitzea kulturako langile, eragile eta enpresei. Azken asteotan, zalantza gehienak lotuta daude Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak kultur sektoreko mikroenpresentzako abian jarritako diru-laguntza deialdiarekin; laguntza horiek eskatzeko epea ostegunean amaituko da.

Aholkularitza-zerbitzu horren bidez, Eusko Jaurlaritzak laguntza pertsonalizatua eskaini nahi dio sektoreari, erakundeek abian jarritako laguntza-lerro guztiei buruzko informazioa argituz. Zerbitzuak, halaber, informazioa eskaintzen du Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren kultur sorkuntzarako ohiko deialdien inguruan (12 deialdi eta 50 modalitate).

Aholkularitza pertsonalizatu honek zalantza zehatzak argitzeko aukera ematen die bai partikularrei bai kultur arloko erakunde eta enpresei. Galderak telematikoki bideratzen dira, eta interesdunek 24 ordu baino lehen jasotzen dute erantzuna posta elektronikoz edo telefonoz. Sailak, halaber, galdetegi bat bidaltzen die erabiltzaileei, aholkularitza-zerbitzuaren kalitatea aztertzeko.

Era berean, Eusko Jaurlaritzak hainbat gida jarri ditu abian, kulturaren arloko langileentzat interesgarriak diren hainbat neurri azalduz: autonomoen zerbitzura jarritako laguntzak eta prestazioak; zerga-erraztasunak; finantzaketa-ildoak; aldi baterako okupazio-erregulazioko espedienteei buruzko informazioa; edo hipoteketen zorrari buruzko luzapenen gaineko Informazioa. Gidak ere Kulturklik PRO plataforman aurki daitezke.

Laguntzak mikroenpresentzat

Azken asteetan, Kulturklik PROren bidez abian jarritako aholkularitzari igortzen zaizkion zalantza gehienak lotuta daude Eusko Jaurlaritzak Covid 19aren ondorioen aurrean abian jarritako azken deialdiarekin. Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren deialdi honek 2 milioi euroko aurrekontua izango du, eta onuradun bakoitzak 10.000 euro jasoko ditu gehienez ere. Laguntzak eskatzeko epea ostegunean itxiko da, hilaren 30ean.

Deialdi honen asmoa da kultura-arloko enpresei eta elkarteei babesa ematea, Covid-19a dela-eta bertan behera geratutako jarduerak ustiatzeko kontuen gainean eragin handia duten gastu arrunten partidak finantzatuz. Ez dira kontuan hartuko langile-kostuak (gizarte-segurantza eta soldatak), neurri handi batean jada irekitako beste laguntza-lerro batzuen bitartez finantzatzen baitira. Eusko Jaurlaritzaren helburua da kultura-sektoreko mikroETEen enpresa-egiturak mantentzen laguntzea; mikroETE horiek izan daitezke sozietatedun pertsona autonomoak, sozietateak eta elkarteak.

Deialdi honi lotuz, sozietateen edo elkarteen pertsona autonomoen  gastu finkoek edo egiturakoek eskura dezakete diru-laguntza. Zehazki, gastu hauek hartuko dira kontuan:

  • Lantokiaren errentamendua, betiere eskatzen duen pertsonaren etxebizitzaren zati ez bada.
  • Lan-jarduerarako garraio-ibilgailuen eta material teknikoaren errentamenduaren kostua.
  • Lantokiaren hornidurak (ura, telefonoa, internet…), betiere eskatzen duen pertsonaren etxebizitzaren zati ez badira.
  • Hauengatik sortutako interesak:
    • Jarduera egiten den establezimendua erostera bideratutako hipoteka-maileguen kuotak.
    • Alarma-egoera (2020ko martxoaren 14an) indarrean sartu aurreko bosturtekoan egindako inbertsioei dagozkien maileguen edo inbertsioen finantzaketatik sortutako maileguen kuotak, jarduerak behar bezala funtzionatzeko behar diren ondasunak erostera bideratuak direnean.
    • Jarduera Covid"19ak ezarritako baldintzetara egokitzeko behar diren elementuetan inbertitzeko kuotak.
  • Bestelako gastu arruntetatik sortutako interesak, adibidez, gastu hauetakoak:
    • Jarduera arruntari lotutako aseguruaren kuotak.
    • Alarma-aldian kontratatutako profesional independenteen zerbitzuak (aholkulariak, kontsultoreak…), salbu eta auditoretzetatik sortutako kuotak.
    • Udal zergak.
    • Zirkulazioko kapitala finantzatzetik sortutako kostuak.
  • Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren urteko aurrekontuetan aitortutako elkarte profesionaletako kidetza-gastuak.

Halaber, laguntzen onuradunek mikroETEen definizioan ezarritako irizpideak bete behar dituzte (Europar Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/EE); zehazki, 10 langile baino gutxiago izan behar dituzte, eta urteko fakturazioan 2 milioi euro baino gutxiago eskuratu). Halaber, frogatu behar dute osasun-larrialdiaren ondorioz geratu dela beren jarduera bertan behera edo, 2019aren aldean, % 75 baino gehiago murriztu zaiela fakturazioa.

Interesdunek informazio gehiago eska dezakete kulturklik.euskadi.eus/aholkularitza/ webgunean.