Eusko Jaurlaritzak kidego diplomatikoari BERPIZTU programa aurkeztu dio

2020.eko abenduak 15

Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzaren eta Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusietako arduradunek, gaur goizean, topaketa telematikoa izan dute zenbait herrialdetako enbaxaden ordezkariekin, Euskadiko Ekonomia eta Enplegua Suspertzeko BERPIZTU programa aurkezteko.

Topaketa birtuala bideokonferentziaz egin da, eta, hartan, Jesús Peña Lehendakaritzako idazkari nagusiak eta Marian Elorza Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak parte hartu dute, bai eta Alemania, Argentina, Belgika, Kanada, Txile, Kolonbia, Hego Korea, Estatu Batuak, Finlandia, Frantzia, Grezia, Italia, Irlanda, Japonia, Mexiko, Herbehereak eta Portugal herrialdeetako enbaxaden ordezkariek ere. 

Lan-topaketaren izenburua “Euskadiko Ekonomia eta Enplegua Suspertzeko BERPIZTU programa” da, eta, haren bidez, kidego diplomatikoko kideei aurkeztu zaie osasun-pandemiak eragin duen ekonomia-krisiari aurre egiteko euskal erakunde-erantzuna. Programa hazkuntza jasangarriaren eremuan kokatzen da, eta konpromisoa hartzen du Euskadi berdeagoa, digitalagoa eta inklusiboagoa eraikitzeko hiru trantsizioei erantzuteko, Europako estrategiarekin bat etorriz. 

BERPIZTU bi ardatz bertikaletan egituratzen da: I. ARDATZA: Suspertze Ekonomikoa. II. ARDATZA: Enpleguaren dinamizazioa. Gainera, zeharkako hirugarren ardatza jaso da: Enpleguaren kalitatea eta genero-berdintasuna. Ardatz bertikal bakoitza 12 politika eragiletan zabaltzen da, eta haiek, aldi berean, 60 jarduketa-ildotan garatzen dira.  

Programak 2020-2024 aldirako Eusko Jaurlaritzaren aldetik 13.250 euroko ahalegin publikoa aurreikusten du, aurrekontu-baliabide eta berme publikoetan. Helburua da galdutako enplegu guztia berreskuratzea eta langabezia-tasa berriz ere % 10etik behera egotea. Hori dela eta, Euskadiko Ekonomia eta Enplegua Suspertzeko BERPIZTU programaren xede dira: 135.000 enplegu sustatzea; 6.000 enpresa eta mikroenpresa berri sortzen laguntzea; 1.000 ikerketa- eta garapen-proiektu berri sustatzea; 10.000 industria-enpresari laguntzea; 4.000 industria eta zerbitzu aurreraturen balio erantsia areagotzea; 100 elikadura-industriaren balio erantsia areagotzea, eta 1.400 milioian areagotzea merkataritzaren, ostalaritzaren eta turismoaren balio erantsia.  

Gaurkoa azken urteotan Madrilen Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzan egin ohi diren topaketen ohiko egutegian sartzen da; hartan, Eusko Jaurlaritzako arduradunak eta kidego diplomatikoko ordezkariak batu ohi dira, Euskadiko plan eta ekimen estrategikoen berri emateko. Lehen aldiz egin da, pandemiaren ondorioz, bideokonferentziaz.