Eusko Jaurlaritzak Gasteizko Arte eta Lanbide Eskolaren Fundazioaren funts bibliografikoa Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarean sartuko du (Gobernu Bilera 2020-02-11)

fotoconsejo.jpg

2020.eko otsailak 11

  • 2004an sortutako Euskadiko Irakurketa Sareak milioi bat erabiltzaile ditu, eta 1.200.000 titulu inguru

Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak hitzarmen bat onartu du, bere gaurko bileran, Gasteizko Arte eta Lanbide Eskolaren Fundazioarekin, erakunde horren funts bibliografikoa Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarearen lineako katalogoan sartzeko. Akordio berri honek Sarearen eskaintza osatzen du, 1.036.217 erabiltzaile eta 1.200.000 titulu ezberdin inguru biltzen dituena.

Gaur onartutako hitzarmenaren xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta Gasteizko Arte eta Ofizioen Eskola Fundazioaren arteko lankidetza- eta funtzionamendu-araubidea ezartzea, liburutegiko funts bibliografikoa Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarearen lineako katalogoan integratzeko, funts bibliografikoa partekatzeko aukera eskainiz, ikusgarritasuna irabaziz eta haren kontrola eta sarbidea erraztuz. Akordio horren ondorioz, liburutegi hori Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak kudeatutako liburutegi-kudeaketako sistema informatiko komunean sartuko da.

Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzako Liburutegi Zerbitzuak Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarea sortu zuen 2004an, Euskadiko liburutegi publiko guztiak biltzeko eta zerbitzuak hobetzeko sinergiak sortzeko helburuarekin. Sare hori udal-titulartasuneko liburutegiek osatzen dute batez ere, baina udalarenak ez diren beste liburutegi batzuek ere osatzen dute (Eusko Jaurlaritza, Artxibo Historikoa, HABE, Lazkaoko Beneditarren Artxiboa, Zarauzko Photomuseuma, Arabako Foru Aldundiaren mendeko liburutegiak...). Sareak 1.036.217 bazkide ditu, eta bere funtsen artean (6.000.000 baino gehiago) 1.200.000 titulu ezberdin inguru ditu.

Euskadiko Irakurketa Sare Publikoan parte hartzeak abantaila ugari dakarzkie erabiltzaileei:

  • Liburutegietan banatutako funtsetara sartzeko txartel bakarra eta doakoa izatea (liburutegi batean ezin bada titulu bat eskuratu, beste batean eskatzen da).
  • Liburutegi guztietako funts edo bildumei buruzko informazioa biltzen duen katalogo kolektibo bakarra egotea.

eLiburutegian parte hartzeko aukera ematen die, hain zuzen ere, Estatuko liburutegi digital handienean.