Eusko Jaurlaritzak, Foru Aldundiek eta Udalek zerga arloko neurriak aztertu eta horien eragina ahalik eta lasterren neurtzea eranaki dute

2020-03-18

EUSKO JAURLARITZAK, FORU ALDUNDIEK ETA UDALEK ZERGA ARLOKO NEURRIAK AZTERTU ETA HORIEN ERAGINA AHALIK ETA LASTERREN NEURTZEA ERABAKI DUTE

 

Euskadiko Zerga Koordinaziorako Organoa (OCTE) osatzen duten erakundeek, COVID19aren eragina arintzeko onartzen ari diren zerga arloko neurriei buruzko hausnarketa bateratua egin dute gaur. Horrela, Eusko Jaurlaritzak, Foru Aldundiek eta Udalek konpromisoa hartu dute erakunde-maila desberdinetan onartzen diren zerga arloko aldaketak partekatzeko, koordinatzeko eta jakinarazteko, eta zerga-bilketan duten eragin osoa ahalik eta lasterren neurtzeko.

Oinarrizko helburu partekatua, zergen ikuspegitik, kaltetutako pertsonei eta enpresei ahalik eta likidezia handiena ematea da, zergak geroratuz eta zatikatuz, baina, era berean, bat etorri dira esatean hori administrazio publiko guztiei baliabide nahikoak bermatzearekin bateragarria izan behar dela, osasun arloko larrialdi egoera gainditutakoan haien politika publikoak gauzatzen jarraitzeko.

“Argi dago COVID19ak eragin negatiboa izango duela diru-bilketan”, adierazi du Itziar Agirre Ogasun sailburuordeak. Ondorioz, Euskadiko hiru erakunde-mailen arteko baliabideen banaketan ere gauza bera gertatuko da.

Komunikaziorako eta koordinaziorako ildo egokiari eustea erabaki da, onartu diren edo onartuko diren neurriek ekonomian eta finantzetan izan dezaketen eragina partekatzeko, eta baliabideak banatzeko barne-sisteman duten eragina elkarrekin ebaluatzeko. “Gaur egun ezinezkoa da horien oihartzunaren kuantifikazio zehatza egitea”, ondorioztatu du Agirrek.