Eusko Jaurlaritzak, euskal unibertsitateek eta Unibasq-ek urrutiko prestakuntza bultzatzea adostu dute

2020.eko apirilak 08

  • Hezkuntza Sailak, UPV/EHUk, Deustuko Unibertsitateak eta Mondragon Unibertsitateak adierazpen bateratua sinatu dute; besteak beste, urrutiko prestakuntza (online) bultzatzea adostu dute, baina unean uneko jarduera presentziala baztertu gabe
  • Euskal Unibertsitate Sistema guztiz prestatuta eta gaituta dago ikasturte amaierari berme osoz aurre egiteko, aurrez aurrekoa ez den formatuan.
  • Eusko Jaurlaritzak eta euskal unibertsitateek berretsi dute ikasle bakar batek ere ez duela ikasturtea galduko koronabirusaren erruz

Atzo arratsaldez bilera izan zuten Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak, Nekane Balluerka Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreak, Jose Maria Guibert Deustuko Unibertsitatekoak, eta Bixente Atxa Mondragon Unibertsitateko errektoreak. Bideokonferentzia bidezko topaketa honek jarraipena eman die unibertsitateko arduradunek eta sailburuak –euren taldeetako kideak eta Unibasq agentziakoak lagun zituztela– aurrez aurreko eskolak etetea erabaki zenetik izan dituzten bilerei.

Bileran, Hezkuntza sailburuak eta errektoreek egungo egoera aztertu dute, bai eta adierazpen bateratua adostu ere amaieran. Gaur egungo osasun-larrialdiko egoeraren aurrean, ahaleginak lehentasun hauetan zentratzea adostu dute:

  1. Osasun-krisiari eta pertsonei arreta ematea unibertsitate-testuinguruan, unibertsitate-komunitatearen osasuna eta segurtasuna lehenetsiz.
  2. 2019-2020 ikasturtea osatzea, urrutiko prestakuntzara joz, larrialdietarako urruneko irakaskuntza-metodologiak erabiliz eta uneoro lehenetsiz ikaskuntzaren emaitzak lortzea eta gaitasunak eskuratzea, titulazioetan formulatutako eran, ahalik eta kalitate-estandar onenekin.
  3. Aurrez aurreko jarduera esperimentaletan eta kanpoko praktiketan aurreikusitako ikaskuntza-emaitzak arrazoizko neurrian lortzen direla ziurtatzea. Horretarako, unibertsitateek hainbat aukera baloratu ahal izango dituzte, hala nola, ikasgai horiek birprogramatzea, aurrez aurreko jarduerari mugak kentzen zaizkionean; praktikak prestakuntza-metodologia alternatiboekin osatzea, ahal denean; edo ezohiko jarduera profesionalak aitortzea.
  4. Jarduera akademiko presentzial batzuk planteatzeko aukera ematea, unibertsitate-jarduerara pixkanaka itzultzeko plangintzaren testuinguruan, betiere unibertsitate-komunitatearen osasuna eta segurtasuna zainduz, jarduera hori urrutiko modalitatean egitea ezinezkoa den kasu zehatzetarako.
  5. Baldintza sozio-ekonomiko, teknologiko edo bestelakoengatik urrutiko unibertsitate-prestakuntza normaltasunez baliatzeko zailtasun bereziak dituzten ikasleen zailtasun gehigarriak arintzea.
  6. Planifikatutako egutegi akademikoari eustea, Gradu Amaierako Lanak, Master Amaierako Lanak eta Doktorego-tesiak aurkezteari lotutako salbuespenetan izan ezik, bai eta titulazioen oinarrizko praktikak egiteko ere, ikasleen garapen akademiko egokia bermatzeko ahaleginak eginez.
  7. Euskal unibertsitate-eskaintza akademikoaren eta Euskal Unibertsitate Sistema osatzen duten unibertsitate-erakundeen kalitatea bermatzea, eta bereziki, bereziki, larrialdi-egoeraren testuinguruan prestakuntza dualaren eta gaitzailearen kalitatea.
  8. Euskal unibertsitate-ekosistema indartzea urrutiko prestakuntzaren esparruan eta etorkizuneko balizko larrialdien aurrean eman beharreko erantzunen aurreikuspenean eta plangintzan.

Eusko Jaurlaritzak, UPV/EHUk, Deustuko Unibertsitateak, Mondragon Unibertsitateak eta Unibasq agentziak unibertsitate-komunitate osoak, salbuespenik gabe, egindako lana eta egokitzapen-ahalegina aitortzen eta eskertzen dute: arduradunak, irakasleak, AZP, ikasleak eta unibertsitate-misio nagusian, hau da, prestakuntzan, laguntzen duten eragileak.

Bestalde, enpresa-eragileekin izandako lankidetza sendoak prestakuntza dualeko eskaintzaren ikaskuntza-emaitzak lortzea bermatu du. Askotariko egoerak gertatu dira; ikasleen portzentaje handi batek telelanaren modalitatean jarraitu ahal izan du ikasten, beste zati bat beste enpresa batzuetara birbideratu da, eta abar. Ikasleen tutoretza oro har, irakasleen aldetik zein enpresen aldetik, mantendu egin da.

Egiaztapen instituzionala Euskal Unibertsitate Sisteman hedatzea, euskal unibertsitateen funtsezko elementua da. Kalitatea egiaztatzeko eredu hori, eragileen arteko erantzunkidetasunean oinarritzen dena, Euskal Unibertsitate Sisteman modu zabal eta berezian hedatutako ezaugarria da. Unibasq -  Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziak egiaztapen instituzionalaren eredu propioa indartzeko lan egingo du, euskal sistemaren berezitasunari are gehiago erantzuteko moduan.

2019-2022 Unibertsitate Sistemaren Plana tresna sendoa eta malgua da, eta helburu nagusia Euskal Unibertsitate Sistemako unibertsitateak indartzen laguntzea du. Jarraipen-batzordeak deitu dira 2019-2022 aldirako Planean egin beharreko aldaketak aztertzeko, osasun-krisi honi aurre egiteko eta urrutiko hezkuntzaren modalitatean Euskal Unibertsitate Sistema indartzeko.

Jaurlaritza, unibertsitateak eta Unibasq bat datoz lankidetzan jarraitu behar dela esatean, Hezkuntza Sailak unibertsitate-politikaren arloan dituen eskumenak, unibertsitateen autonomia eta Unibasq agentziaren independentzia errespetatuz. Euskal unibertsitate-ekosistemak sendotasuna, malgutasuna eta erantzuteko gaitasuna erakutsi du larrialdiaren aurrean, erantzunkidetasunez jokatuz, konfiantzaz eta eragile guztien arteko elkarlanean.