Eusko Jaurlaritzak eta Gogora institutuak Belokeko monasterioko monje beneditarrak omendu dituzte, 1936tik 1940ra bitarte euskal herritarrei eskainitako laguntza eta babesagatik

2020.eko urtarrilak 24

  • Lehendakariak azpimarratu du Euskadi abegiz hartutako gizartea izan zela, eta orain gizarte abegikorra izan behar duela gerratik, bidegabekeriatik edo miseriatik ihesi egiten duten pertsonentzat

Eusko Jaurlaritzak eta Gogora institutuak Ahurtin (Lapurdi) dagoen Belokeko monasterioko monje beneditarrak omendu dituzte, 1936tik 1940ra bitarte euskal herritarrei eskainitako laguntza eta babesagatik. Iñigo Urkullu lehendakaria buru zuela, Eusko Jaurlaritzaren eta errefuxiatu batzuen senideen ordezkaritza txiki bat eta Frantziako hainbat erakundetako ordezkariak, horien artean,  Iparraldeko presidentea Jean-René Etchegaray eta Pirinio Atlantikoetako Departamenduko Kontseiluaren presidente Jean-Jacques Lasserre, Belokeko monasteriora joan dira lan hori eskertzeko asmoz. Zehazki, Lehendakariak eskertu eta aitortu egin du, hartutako pertsonen eta familien izenean eta euskal gizartearen izenean, Belokeko beneditarraren abadiak eta, oro har, beren ateak eta besoak ireki zituzten, hau da, “elkartasuna ekintzekin erakutsi zuten” Iparraldeko pertsona eta erakunde guztiek egindako lan humanitarioa.

Gerra Zibila bete-betean zegoela, berrogei bat euskaldunek (euskal kulturako eta politikako pertsona garrantzitsu batzuk barne, hala nola Jose Ariztimuño –Aitzol–, Jose Miguel Barandiaran, Antonio Labaien eta Joseba Elosegi) abadia horretan aurkitu zuten babesa, herrialdetik baldintza penagarrietan ihes egin ondoren. Ildo horretan, pertsona horiek gerraren izugarrikeriatik ihes egin zutela eta giza elkartasun beroa aurkitu zutela azpimarratu nahi izan du lehendakariak. “Gizakiaren alderdirik txarrenetik ihes egin eta alderdirik onena aurkitu zuten”, adierazi du. Ildo horretan, eta iraganaren memoria kritikoa eginez, lehendakariak azpimarratu du iraganaren izugarrikeriaren egiaztapen hori dela etorkizunarekiko itxaropenaren oinarria.

Belokeko monje beneditarrek jazarritako pertsonei laguntzeko agertutako konpromisoa etengabea izan da monasterioaren historia hurbilean. Izan ere, II. Mundu Gerran ere babesa eskaini zioten Frantziako erresistentziari, eta erregimen frankistak errepresaliatutako euskaldunak hartu zituzten berriz 60ko hamarkadan. Gaur egun, ildo berean jarraitzen dute lanean, eskualdera iristen diren etorkin eta errefuxiatuei laguntza eta babesa eskainiz.

Lehendakariak oraina aipatu nahi izan du, eta gogorarazi du gaur egun mundu osoko milioika pertsona doazela ihesi gerratik, bidegabekeriatik edo miseriatik, babes bila. Ildo horretan, azpimarratu du Euskadi abegiz hartutako gizartea izan zela behar izan zuenean, eta orain gizarte abegikorra izan behar duela. Giza eskubideen defentsan eta elkartasunean oinarritutako gizarte bat eraikitzeko eta defendatzeko egindako ahalegina gorde behar dugu oroimenean”, adierazi du.

Ekitaldia lehendakariaren eta abadiako monjeen arteko bilera pribatu batekin hasi da. Ondoren, gonbidatu guztiek monasterioa bisitatu dute, eta, azkenik, plaka bat ipini da. Ekitaldia Gogorak antolatu du, eta Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak 2019. urtean memoria historikoaren arloan ezarritako ildoari jarraitzen dio; horren bidez, euskal erbestea nabarmendu nahi izan da.