Eusko Jaurlaritzak Covidaren krisiari aurre egiteko "neurri bakarreko" soluzioak baztertu ditu NBEn, eta erantzun egokituen alde agertu da

Argitalpen-data: 

Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako idazkari Marian Elorzak Europako Eskualdeen Batzordean parte hartu du

Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako idazkari nagusi eta Europako Eskualdeen Batzordeko kide Marian Elorzak Covid-19aren arazoari aurre egiteko "neurri bakarreko" soluzioak baztertu egin beharko liratekeela eta erantzun "egokituak" behar direla adierazi du NBEk "Konpromiso globaletarako tokiko ekintza. Tokiko erantzun eta susperraldi inklusiboa, erresilientea eta berdea Covid-19aren aurrean” lelopean antolatutako foro batean.

Elorzak modu birtualean parte hartu zuen astearte gauean 'Konpromiso globaletarako tokiko ekintza' foroaren laugarren ekitaldian, Nazio Batuek New Yorkeko egoitzan antolatutako 'Tokikoa 2030. Garapen Iraunkorreko Helburuak tokiko eremura eramatea' ekitaldiaren esparruan.

Ekitaldian, bi panel sartu ziren, honako hauek ardatz hartuta: tokiko gobernuek Covid-19aren pandemiari erantzuteko eta suspertzeko aldian dituzten erantzukizunak, eta inklusioak eta jasangarritasunak tokiko susperraldia gidatzeko duten garrantzia.

Eusko Jaurlaritzako eta Europako Eskualdeen Batzordeko ordezkariak 'Tokiko erantzuna eta susperraldia Covid-19aren agerraldiaren aurrean' panelean parte hartu zuen, eta azpimarratu zuenez, "neurriak errealitate jakin batera egokitu behar direnean, eskualdeetako eta tokiko gobernuek funtsezko zeregina betetzen dute".

"Herritarrengandik eta gure lurraldeko ekonomia-saretik hurbilago gaudela eta, askotan, politika publiko batzuen ardura duen gobernu-maila bakarra garela" gaineratu, eta Eusko Jaurlaritza osasun, hezkuntza, gizarte-laguntza edo sustapen ekonomikoko politiken "erantzule osoa" dela azpimarratu zuen.

Covid-19aren inpaktua leku guztietan berdina izan ez dela eta "eskualdetik eskualdera aldeak daudela bistakoa" dela adierazi ondoren, gaineratu zuen pandemiak Euskal Autonomia Erkidegoan eragin “handia" izan zuela, gaur egun egoera "kontrolpean" badago ere.

Halaber, gogorarazi zuen Eusko Jaurlaritzak premiako erantzun-plan bat onartu zuela hasieran, pandemiaren ondorio sozioekonomikoei aurre egiteko. Azaldu zuenez, "Covid-19 Funtsak 1.500 milioi euroko balioa du, eta hainbat tresna biltzen ditu, ikuspegi hirukoitzarekin: Euskal Osasun Sistema indartzea; pertsonen eta familien euskarri izatea (kohesio sozialari eustea); eta gure sare ekonomikoa babestea, batez ere ETEak eta profesional liberalak" 

Bestalde, Elorzak Nazio Batuen Erakundean ziurtatu zuenez, erakundeen egonkortasuna "funtsezkoa" da susperraldi-fasean arrakasta izateko, eta "giltzarritzat" jo zuen erakundeen eta eragile sozial eta ekonomikoen arteko ahalik eta batasunik handiena eraikitzea.

"Gure kezka nagusia suspertzeko eta enplegurako Plan berri bat zehaztea da. Enplegu gehiago eta hobea eta hazkunde inklusiboa lehenetsiko dituen estrategia partekatu bat, inor atzean ez uzteko”, adierazi zuen.

Ildo horretan, adierazi zuen “euskal gizartearen etorkizuna, hainbat belaunalditan, krisi globala gainditzeko moduaren araberakoa izango dela”. Gaineratu zuenez, "enplegu gehiago eta hobearekin, hazkunde inklusiboarekin eta kohesio sozialarekin batera, trantsizio hirukoitz bati egin behar diogu aurre: trantsizio teknologiko-digitala, energia- eta ingurumen-arlokoa, eta trantsizio sozial eta sanitario berria: ongizate kolektiboan aurrera egitea, aukera-berdintasuna ahultzen duten gizarte-arrailak (soldata-arraila, genero-arraila, belaunaldi-arraila eta abar) ixtearen bidez".

Azkenik, ziur agertu zen susperraldi ekonomikoa lortzeaz, "aurrean izan ditugun krisiak gainditzeko ahalmena duela erakutsi izan baitu Euskadik iraganean". Amaitzeko adierazi zuenez, “oraingoan aurrekaririk gabeko egoera bati aurre egin behar badiogu ere, jarrera egokia nagusi bada (hau da, informazioa egiaztatzeko, erantzun-ildo orokorrak partekatzeko eta indarrak batzeko borondatea badago), egoera honetatik berandu baino lehen irtetea lortuko dugu”.