Eusko Jaurlaritzak covid-19ari aurre egiteko osasun-lankidetzan jardungo du Perun, Médicos Sin Fronteras erakundearekin lankidetzan

2020.eko uztailak 10

Atzo bertan abiatu zen Euskaditik lehen osasun-taldea. Taldea 6 pertsonak eratzen dute (Osakidetzako 5 eta Aragoiko Osasun zerbitzuko 1), Covid-19aren kasuen maneiu klinikoan esperientzia zuzena dutenak, osasun-materialarekin; alegia, arnasgailu, aireztapen mekaniko ez-inbaditzailerako ekipo, fluxu handiko ekipo, monitore, medikamentu eta NBEekin. Egun batzuk geroago, euskal osasun-taldea beste 8 pertsona gehiagok osatuko dute.

Pasa den ekainaren 2an, Médicos Sin Fronteras erakundeak Eusko Jaurlaritzari honako eskaera hau egin zion: Covid-19aren aurka borrokatzeko duen esperientzia orain epidemiaren faserik gogorrena bizitzen ari diren Latinoamerikako beste herrialde batzuekin partekatzeko. Peruko pandemiaren bilakaera kontuan hartuta, eta agintarien erabakia ezagutu ondoren, esku hartzea egokia dela ebaluatu zen. 2020ko uztailaren 1ean, Peruko Gobernuko Osasun Ministerioak Lehendakariari Eusko Jaurlaritzaren lankidetza eskatu dio formalki.

Hala, Eusko Jaurlaritzak Médicos Sin Fronteras erakundearekin esku-hartze humanitario hori prestatu du, Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren Idazkaritza Nagusiaren, Garapenerako Lankidetzako Euskal Agentziaren, Osasun Sailaren eta Osakidetzaren artean koordinatuta.

Esku-hartze solidario horren helburu nagusia da Covid-19aren ondoriozko infekzioagatik heriotza-tasa eta gaixotze-tasa murrizten lagundu ahal izatea, bereziki San Martín eta Loreto departamentuetan, Perun.

Helburu zehatzak honako hauek dira: 1) Esku hartzeko guneetan transmisioa maila komunitarioan eteten laguntzea; 2) Paziente kritikoen arreta sendotzea, zehazki ZIUn, ospitale identifikatuetan; 3) Paziente eta tratamendu-protokoloen zirkuituak zehazten laguntzea, Peruko Osasun Ministerioko osasun-egiturei atxikitako langileekin elkarlanean; 4) Langileen prestakuntza eta haiek paziente horien maneiuan duten autonomia sustatzea; 5) Egungo egoeran “funtsezko”tzat jotzen diren medikamentuak eta ekipamendua; O2a eta NBEak etengabe erabilgarri daudela bermatzeko ahalegina egitea.

 

 COVID-19ARI BURUZKO DATU EGUNERATUAK

 

EGINDAKO PROBAK

Atzo 3.966 proba egin ziren guztira (3.448 PCR eta 518 test azkar).

 BAIEZTATUTAKO KASUAK ETA SENDATU DIRENAK

  • Atzo PCR bidez baieztatu zituzten positibo berriak 31 dira, Lurraldeka, 5 Araban, 8 Bizkaian, eta 18 Gipuzkoan.
  • Atzo "test azkarraren" ondorioz atzemandako 43 kasu daude. Proba horrek hartutako immunitatea edo pertsona batek sortutako antigorputzak neurtzen ditu, eta iraganeko infekzio bat adieraz dezakete.

Gainera, atzoko egunean, COVIDik gabeko 27 pertsona erregistratu ziren (PCR negatiboa dutenak gaixotasuna hartu ondoren) eta 7 lagunek jaso zuten ospitaleko alta.

 POSITIBOEN ETA OSPITALEEN EGOERA

Atzo ez zen hildakorik izan.   

Horrez gain, COVID diren edo izan diren 6 pertsona daude ZIUn. 

 

Egoera epidemiologikoa:

https://www.euskadi.eus/contenidos/informacion/boletin_coronavirus/es_def/adjuntos/10_julio_Boletin.pdf

 

Egoera asistentziala:

https://www.euskadi.eus/contenidos/informacion/boletin_coronavirus/es_def/adjuntos/10_julio_Datos_Asistenciales.pdf