Eusko Jaurlaritzak "COVID-19.EUS" jarri du abian, herritarren sareko bokazioa duen aplikazioa, koronabirusa geldiarazten laguntzeko

2020.eko martxoak 28

Euskadin 5.136 pertsona daude konfirmatuta koronabirusarekin, 241 hildako eta 1.023 berreskuratu edo alta emanda

Eusko Jaurlaritzak, EricTel euskal enpresarekin batera, COVID.EUS garatu du, koronabirusa geldiarazten lagunduko duen HERRITARREN SARE bat sortzea helburu duen aplikazioa. Horretarako, haren prebentzioan, detekzioan eta jarraipenean lagunduko du.

Osasuneko sailburu Nekane Murgak gaur aurkeztu du ekimen hau. Lankidetza publiko-pribatuaren emaitza da, eta dagoeneko eskuragarri dago Androiden eta laster prest egongo da IOSen ere. Tresnak OMEren eta Gaixotasunak Kontrolatzeko Europako Zentroaren jarraipen-eredu bera erabiltzen du. Aurkezpenean, sailburuarekin batera izan dira BIOEF Berrikuntza eta Ikerkuntza Sanitarioko Euskal Fundazioko zuzendaria, Iñaki Gutierrez; eta ERICTEL ingeniaritzako euskal enpresako presidentea, Mikel Carcedo.

COVID.EUS sare sozial bihurtzeko bokazioarekin sortua da eta hiru helburu hauek ditu:

  • BAT: PREBENTZIOA.

Edonork aukera du aplikazioa deskargatzeko, autodiagnostiko baten bidez bere osasun-egoera gehitzeko eta bere hurbileko zirkulua eransteko, bai familiakoa, bai lagunartekoa, bai lanekoa/hezkuntzakoa. Horrela, pertsona guztiak elkarrekin konektatuta egongo dira, ohiko gomendioak jasoko dituzte, beren osasunaren jarraipena egingo dute eta besteen egoera ikusiko dute. Horrek, prebentzioa oraindik ere gehiago areagotzen lagunduko du.

  • BI: ETXEETAN EGON DAITEZKEEN KASUEN JARRAIPEN HANDIAGOA.

Osasun Sailari eta Osakidetzari beren etxeetan sintomekin dauden pertsonak gehiago ezagutzea eta haien jarraipen handiagoa egitea ahalbidetuko die, betiere modu anonimoan. Horrek aurrerapen garrantzitsua dakar hobeto eta hurbiltasun handiagoaz artatzeko, baita ahaleginak gehien behar dutenengan zentratzeko ere. Laguntzako osasun-profesionalek egunero emango diete estaldura berrogeialdian dauden eta afektazio arina edo moderatua duten pertsonei, litekeen larriagotze bat aurreikusten saiatzeko. Osasun-profesionalek egunero ebatziko dituzte beren zalantzak eta, horrela, antsietatea murrizten lagunduko dute.

  • HIRU: KASU-KONTZENTRAZIOEN ANALISIA.

Epidemiologia-taldeen lanerako errefortzu gisa balioko du. Izan ere, kasuak non dauden kokatu ahal izango dute, eta, behar izanez gero, transmisio handiko eremuetan diagnostikorako eta jarraipenerako esku-hartze indibidualizatuagoak egin ahal izango dituzte.

Osasun Sailak berretsi du ebidentzia zientifikoan oinarrituta dagoela aplikazio hori, eta "berme guztiak" betetzen dituela. Gainera, azpimarratu dute datuak modu "anonimoan" partekatuko direla. Alta emateko hurrengo bi gauza soilik beharko dira: posta edo telefono mugikor bat (kontu faltsua ez dela egiaztatzeko) eta posta kodea, erabiltzailea bizi den gunea zein den jakiteko. Hori guztia anonimotasuna zaintzeko eta datuen babesa betetzeko helburuarekin.

DATU EGUNERATUAK

Guztira 5.136 lagun daude koronabirusarekin kutsatuta Euskadi , atzoko 20:00ak arte 535 positibo zenbatu ondoren. Horietatik 1.722 bertan ospitalizatuta daude. Era berean, 241 pertsona hil egin dira koronabirusarekin.

Lurraldeka:

  • ARABAN, 1.779 kutsatu daude, eta horietatik 345 ospitalizatuta daude.
  • BIZKAIAN, 2.463 lagun kutsatu dira, eta horietatik 1.087 ospitalizatuta daude.
  • GIPUZKOAN, positiboak 894 dira (horietatik 290 ospitalizatuta daude).

Euskadik ahalegin handia egiten jarraitzen du detekzio goiztiarrean: guztira 12.665 test egin ditu, 1.178 atzo bakarrik. Gainera, datu positibo gisa, nabarmendu behar da berreskuratutako eta alta emandako pertsonen artean 1.023 direla guztira.

Martxoaren 28ko eguneratzea

Kasu positibo berriak

Pertsona ospitalizatuak

Hildako pertsonak

Kasu positiboak GUZTIRA

ARABA

169

345

109

1.779

BIZKAIA

277

1087

103

2.463

GIPUZKOA

89

290

29

894

EAE GUZTIRA

535

1722

241

5.136

 

Informazio gehiago datuen buletinean: https://www.euskadi.eus/contenidos/informacion/boletin_coronavirus/es_def/adjuntos/27_marzo_Boletin.pdf