Eusko Jaurlaritzak bi milioi euroan areagotu ditu covid-19-aren ondorioz krisian dauden enpresentzako Bideratu laguntzak (Gobernu Bilera 2020-11-24)

fotoconsejo.jpg

2020.eko azaroak 24

  •  Hasieran 20 milioi euro bideratu ziren; orain, 22.067.704 euro bideratuko ditu
  • Dagoeneko, 17,8 milioi euro eman zaizkie 32 enpresari
  • Deialdi honetarako baliabide ekonomikoak pandemiaren ondorio ekonomikoei aurre egiteko gaitutako funtsetatik datoz 

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak eskatuta, Gobernu Kontseiluak Bideratu programara beste bi milioi euro bideratzea onetsi du; 2020ko apirilaren 3ko Aginduak jasotzen duenaren arabera, 20 milioi euro bideratu behar ziren programara, covid-19-ak eragindako inpaktu ekonomikoaren ondorioz krisian dauden enpresak berregituratu eta berriz sustatzeko. 

Honako enpresa txiki eta ertain (ETE) hauek izan daitezke Bideratu programaren onuradun: erauzketa-industriakoak, eraldatzaileak, produktiboak, aurrekoei lotutako zerbitzu teknikoetakoak (produktu-prozesuari lotuta) eta informazioaren eta komunikazioaren gizartearen eremukoak, eta covid-19-ak eragindako inpaktu ekonomikoaren ondorioz krisian daudenak. 

Eskabideak aurkezteko epea 2020ko azaroaren 30eko 15:00etan amaituko da. Hasieran esleitutako 20 milioi euroetatik 17,8 milioi eman zaizkie, dagoeneko, 32 enpresari. 

Era berean, hiru espediente daude analisi-fasean; haiek onestekotan, aurrekontua agortuko lukete. Hori dela eta, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak aurrekontu-partida handitzeko beharra ikusi du. 

Bideratu, programa berezia eta Europar Batasunak bermatua 

Pasa den udaberrian, Euskadik Covid 19-aren ondorioz bizi duen ekonomia- eta industria-krisi larriaren hasieraren testuinguruan, Eusko Jaurlaritzak premiazko programa berria gaitu zuen, industriala baino ez, euskal ekonomiaren eragilea indartu eta etorkizunera begira berrindustrializazio-fase berria abiarazteko. 

COVID19-a industrian eragiten ari zen salbuespenezko egoeraren aurrean, Europako Batzordeak aurretik, martxoaren 19an, “Covid-19-aren krisia dela eta Ekonomia bultzatzeko Laguntzei buruzko Aldi Baterako Esparrua” onetsi zuen, eta hark araudi-esparru berria ireki zuen, industriako ETEak erreskatatu ahal izateko. 

Berme horrekin, Eusko Jaurlaritzak krisian zeuden ETEentzako laguntza-lerroa ireki zuen; hura bi milioi euroan handitu da, eta, ondorioz, guztira, 22 milioi ditu. Kopuru horren bidez, covid-19-aren pandemia euskal ekonomian eragiten ari den ondorio negatiboak arindu nahi dira.