Eusko Jaurlaritzak bainurako guneak ezarri ditu Bermeoko portuan

bermeo.jpg

2020.eko uztailak 02

  • Martillo kaian kokatutako 600 m2-ko azalera, eta honen aldamenean 2.377 m2-ko ur-lamina.
  • Bermeoko Udalak bere gain hartuko du gune horren antolaketa eta kontrola. Bertan, edukierari, neurri sanitarioei, jendearen arteko distantziari, ordutegiei, uraren kalitateari edo segurtasunari buruzko informazioa emango du.
  • Bainurako gunea mugatuko duen kortxo-ilara bat ere ezarriko du, ontziak igarotzeko pasabidea libre utziz

Portuen Zuzendaritzaren ebazpen baten bitartez, datozen hiru urteetan, udako denboraldian —ekainaren 15etik irailaren 30era—, Bermeoko portuan bainua hartzeko baimenduko diren guneak finkatu ditu Eusko Jaurlaritzak.

Bermeoko Udalak bainua hartzeko portuko guneak edo esparruak mugatzeko eskatu zuen. Hortaz, Jaurlaritzak honako gune hauek ezarri ditu:

  • Lehorreko azalera: 600 m2, Martillo kaian.
  • Ur-lamina: 2.377 m2, Martillo kaiaren aldameneko gunean.

Bainurako gune horien kudeaketa eta kontrola Bermeoko Udalaren esku geratuko da. Bertan, edukierari, neurri sanitarioei, jendearen arteko distantziari edo portuko zona dela kontuan hartuz horrek dituen arriskuez ohartarazteko informazioa emango duten seinaleak ezarri beharko ditu Udalak.

Erabiltzaileei uraren kalitateari eta ordutegiei buruzko informazioa emango die, eta uretan xaboia edo produktu kimikoak erabiltzea edo bertara isurtzea debekatua dagoela ere jakinaraziko die. Bainua hartzea baimenduta egongo den lekuetan kortxo-ilara bat ipiniko da gunea mugatzeko. Hala, ontziek, tarteka, kaiaren ondoan dagoen pantalana erabili ahal izango dute.

Gainera, Bermeoko Udalak bere gain hartuko du gune horren kudeaketa, kontrola eta erantzukizuna, bertako segurtasuna, garbiketa, higiene-neurriak eta neurri sanitarioak eta abar bermatzeko behar den pertsonala ezarriz.  Bertan gertatzen diren gorabeherak Bermeoko Udaltzaingoak ebatziko dituela aipatu behar da.