Eusko Jaurlaritzak Artxiboen Nazioarteko Eguna ospatu du, Manuel de Ynchaustiren eta Andrés de Irujoren familia-artxiboen dohaintzak eskertuz

2020.eko ekainak 09

  • Iñigo Urkullu Lehendakaria buru izan da ekitaldian, eta bertan Agirre Lehendakariaren erbesteko irudi argitaragabeak ikusi ahal izan dira.

 

Bilbo, 2020/06/09           

Iñigo Urkullu Lehendakaria buru izan da Artxiboen Nazioarteko Eguna ospatzeko aurtengo ekitaldian, gaur arratsaldean Euskadiko Artxibo Historikoan. Urtero legez, artxiboen garrantzia nabarmendu nahi izan dute ekitaldian, herri baten memoria dokumentala osatzen baitute. Aurtengo ekitaldian, Artxibo Historikoak orain gutxi jaso dituen bi dohaintza berri eskertu nahi izan dute: Manuel de Ynchaustiren familia-artxiboa eta Andrés de Irujorena, orain dela egun gutxi iritsi dena Bilbora.

Lehendakariaz gain, honako ordezkari hauek izan dira ekitaldian: Bingen Zupiria, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua; Marian Elorza, Kanpo Harremanetarako Idazkari Nagusia; Mikel Aizpuru, Kultura Ondarearen zuzendaria; Gorka Alvarez, Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendaria; eta Borja Aguinagalde, Euskadiko Artxibo Historikoaren arduraduna. Halaber, Manuel de Ynchaustiren senitartekoak ere bertaratu dira eta ekitaldiaren amaieran Lehendakariak Andrés de Irujo zenaren alargun María Elena Etcheberryrekin hitz egin du, bideokonferentzia bidez. Artxibo horien xehetasunak ezagutzeaz gain, bisitan Jose Antonio Agirre Lehendakariaren irudi argitaragabeak ikusi ahal izan dituzte, Manuel Ynchaustiren funtsetik ateratako filmazioen bidez.

Manuel de Ynchaustiren artxiboa

Manuel de Ynchausti y Romeroren (Manila, 1900 – Uztaritze, 1961) artxiboa negozio-gizon eta filantropo euskaltzale ospetsu honek hamarkadetan zehar bildu zuen dokumentu-funts bat da. Artxiboak eremu pribatuko dokumentuak, kultura eta politika arloetako bere interesei loturiko interes publikoko dokumentuak eta, hirugarrenik, urtez urte arreta handiz antolaturiko gutun ugari biltzen ditu. Euskadiko Artxibo Historikora iritsi aurretik ehun bat kutxatan gordeta zegoen funtsa, Uztaritzeko (Lapurdi) Intxausti Baita etxean.

Artxiboaren jabearen biografiak ondo erakusten du zer motatako dokumentuak aurki daitezkeen funts honetan. Gipuzkoar jatorri zuen eta XIX. mendeko amaieran Filipinetara joan zen familia batean sortu zen Manuel de Ynchausti. Han, irla horietako familia ospetsuenetariko bat bilakatu ziren Ynchaustitarrak, industria eta merkataritza arloetako interesek zirela medio. Manuel de Ynchausti Espainiara joan zen ikasketak amaitzera eta Zuzenbideko ikasketak egin zituen Madrilgo Unibertsitate Zentralean. 1926. urtean, ikasketak amaitu eta Ana Belén Larrauri donostiarrarekin ezkondu zen.

Madrilen ere Leizaola familia ezagutu zuen, eta haien eraginez, euskaltasuna errotu eta euskal abertzaletasunaren ideiak ezagutu zituen Ynchaustik. 1933. urtean aldaketa politiko handiak bizi izan ziren Filipinetan eta, ondorioz, Ynchausti y Cía enpresa itxi eta Europara bueltatzea erabaki zuen. II. Errepublikan Donostian instalatu zen Manuel de Ynchausti, bere enpresa-jarduera berreskuratuz eta lotura estuagoak ezarriz testuinguru politiko eta kultural euskaltzaleekin.

Ekintza Katolikoa eta Jesuitak bezalako erlijio-erakunde ezberdinen jarraitzailea, Espainiako II. Errepublika ezarri eta erlijio-erakundeak kanporatuak izan zirenean lan sutsua egin zuen Konpainiaren alde. Horri esker, Pio XI. Aita Santuak Gregorio Deunaren Ordena eman zion. Urte horietan ere, ‘Patronato Nuestra señora de Lourdes’ delakoa sortu zuen Manilan, gaixo zeuden txiroei laguntzeko.

Gerra Zibila hastean Donostian zegoen eta herritartasun estatubatuarra zuenez, herrialde hartako Itsas Armadak handik atera zuen (1936-07-26). Nolanahi ere, Espainian zituen ondasunak konfiskatu egin zitzaizkion. Mugaz bestalde jada, Uztaritzen hasieran eta Parisen ondoren, José Antonio Agirre Lehendariaren Eusko Jaurlaritzarekin batera lanean hasi zen eta Gerra hartako euskal errefuxiatuen -haurrak bereziki- aldeko bere lan humanitario garrantzitsuari ekin zion. Manuel de Ynchausti Gerrako euskal umeak artatu eta laguntzea xede zuten ekimen ugariren sortzailea izan zen. Espainiako gerra amaitu ostean ere, artatutako umeak etxera bueltatzen lagundu zuen.

1939-1940 urteetan, Bigarren Mundu Gerratik ihesi AEBetan bizi zela, herrialde hartako Estatu Departamentuarekin harremanetan jarri eta negoziazioak egin zituen José Antonio de Agirrek eta bere familiak AEBetan sartzeko aukera izan zezaten, Gestapo beren atzetik baitzuten. AEBetatik ere, Euskaldunen Lagunen Nazioarteko Ligaren ‘Amerika’ izeneko adarra eta Euskadiren izenean Frantziako armadari nazismoaren aurka borroka zezan eman zitzaion anbulantziaren dohaintza antolatu zituen. Manuel de Ynchaustik hamaika ekimen burutu zituen euskal abertzaletasunaren politikak aliatuen ekintzaren barruan lerrokatzeko xedearekin. Honela, 1940. urtean Franklin D. Roosevelt presidentearekin batzartu zen, alboan emaztea, Manuel de la Sota eta zenbait hau euskaldun zituelarik. Horrexegatik, New Yorken bilduriko Eusko Jaurlaritzak bere eskerrik beroenak eman zizkion 1945eko irailean.

Mundu Gerra amaituta, 1947ko urrian Ynchausti Uztaritzera bueltatu zen eta kultura eta politika arloetako bere aktibismoari ekin zion berriz ere. 1948. urtean aktiboki lan egin zuen Eusko Ikaskuntzen VII. Kongresua (Biarritz) antolatzen. Ondoren, euskaldunek hainbat herrialde eta kulturatan egin duten lana islatzea xede zuen areto bat antolatu zuen Baionako Euskal Museoan, Eusko Ikaskuntzaren Baionako VIII. Kongresurako (1954). Halaber, Igandea izeneko argitalpen katolikoa editatu eta bere kostuak ordaindu zituen, eta Eusko Ikaskuntzarekin lan egin zuen ere. Kultura sustatzeko egin zituen lan ezberdinen artean nabarmentzekoak dira (Aita Donostiarekin batera) Erronkari eta Zaraitzuko ibarretan herri-dantza, -ohitura eta -kirolei buruz egin zituen filmazio etnografikoak.

Manuel de Ynchaustiren artxiboko dokumentu pribatu eta publikoak zein gutunak bere bizitza osoan garatu zuen kultura, politika, arlo humanitarioan eta enpresa arloetan egin zuen lan oparo horri lotuta daude.

Andrés de Irujoren artxiboa

Andrés de Irujo y Olloren (Lizarra, 1907 – Buenos Aires, 1993) artxiboa aurreko astean iritsi zen Bilbora, Argentinatik bidaia luzea egin ondoren. Dohaintza María Elena Etcheberry bere alargunaren (Argentinako Errepublikan bizi da oraindik) eskuzabaltasunari eta Andrésen iloba-txiki Xabier de Irujo historialariaren bitartekaritzari esker posible izan da. Izan ere, Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendari Gorka Alvarez Aramburu eta Kultura Ondarearen zuzendari Mikel Aizpuru Argentinan egon ziren iaz artxiboen egoera han bertan kudeatu eta aipatuak Euskadiko Artxibo Historikoan gordetzeko aukera aztertzeko.

Irujo familiak zein Argentinara erbesteratutakoek sustatu zituzten ekimen ugarirekin lotutako artxibo ugari biltzen ditu funts honek. Berez, bost artxibo-funts ezberdin dira: Ekin argitaletxea (Andrés de Irujok eta Isaac López Mendizabalek 1941. urtean sortu zuten); Eusko Lurra-Tierra Vasca aldizkaria (Andrésen anai Peio Irujo azken zuzendaria izan zen); Instituto Americano de Estudios Vascos delakoa (Andrés de Irujo izan zen azken zuzendaria); Peio Irujoren artxibo pertsonala; eta Andrés Irujo jaunaren artxibo pertsonala.

Artxibo horiek Argentinan egon badira ere hamarkadetan zehar, beren dokumentazioa Euskal Herriko dokumentu-ondarearen parte da. Ekin funtsak, esaterako, eskuz idatzitako jatorrizko dokumentu asko gordetzen ditu (Agirre Lehendakariarenak batzuk), zenbait film eta gutun ugari. Peio Irujoren artxiboetan, halaber, Eusko Jaurlaritzaren jatorrizko dokumentuak eta argazkiak identifikatu dira, bai eta Andrés de Irujoren eta bere anai Manuel de Irujoren dokumentuak biltzen dituzten karpetak ere.

Artxibo hauetako balio nagusienetako bat beren sorreraren testuinguru historikoa da. Dokumentu gehienak frankismoaren garaian idatzi baitziren eta balio itzeleko iturria baitira garai hartako Euskadiren historia dokumentatu ahal izateko.

Daniel de Irujo y Urra abokatu abertzalearen semea, Andrés Irujo kultura sustatzaile garrantzitsua izan zen Gerra Zibilaren ondoko erbestealdian. Zuzenbideko ikasketak egin ostean, Bigarren Errepublikan hasi zuen bere ibilbide profesionala, EAJko militante historiko, diputatu eta Gobernuko Justizia Ministro Manuel de Irujoren laguntzaile gisa. Gerra Zibilean zehar Gipuzkoako Herrizaintza Batzordeko kide izan zen Andrés, bai eta Justizia Ministroaren (Manuel anaia) idazkari ere. Erbestean jada, Eusko Jaurlaritzaren ordezkaria izan zen Frantzian.

Erbestealdian, eta bere emaztearekin batera, lan garrantzitsua egin zuen euskal kultura eta nortasuna sustatzeko. Ekin argitaletxea sortzeaz gain, Instituto Americano de Estudios Vascos izeneko erakundearen sortzaileetako bat izan zen, beste ekimen askoren artean. Andrés de Irujok, halaber, ekarpen esanguratsuak egin zizkion euskal historiografiari: Los Vascos y la República Española, Contribución a la Historia de la guerra civil 1936-1939 edo Los Vascos y las Cruzadas lanak idatzi zituen, besteak beste.

Artxiboa Euskadiko Artxibo Historikoan zainduko da, ‘Euskal Diasporaren Artxiboa’ atalaren barruan. Aipatu atala Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako ekimena da eta Lehendakariak berak aurkeztu zuen, iragan azaroaren 2an, Mar del Plata hirian (Argentina).