Eusko Jaurlaritzak Alexander Boto Bastegieta Ihobeko zuzendari nagusi izendatuko du

AlexanderBoto_Ihobe.jpg

2020.eko irailak 24

  • Jesus Losada Besteiro ordezkatuko du karguan

Alexander Boto Bastegieta Ihobeko zuzendari nagusi izendatuko dute gaur arratsaldean; Ihobe Arantxa Tapia sailburua buru duen Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari atxikitako sozietate publikoa da.

Alexander Boto Ihobeko Ingurumen Plangintzako koordinatzaile teknikoak Jesus Losada ordezkatuko du; Eusko Jaurlaritzako zenbait estrategia abiarazi dituzte elkarrekin, besteak beste Ingurumeneko Esparru Programa, ekonomia zirkularra, klima-aldaketa eta biodibertsitatea Euskadin.

Jesus Losada Besteirok legegintzaldi honetan Lanbideko Enplegurako Prestakuntzako eta Diru-sarrerak Bermatzeko zuzendari kargua beteko du.

Ihobeko zuzendari nagusi berria Ekonomia Zientzietako lizentziatua da Euskal Herriko Unibertsitatean, eta Lurralde eta Ingurumen Plangintzako masterra, London School of Economics-en. Eusko Jaurlaritzako Ingurune Natural, Klima Aldaketa eta Ingurumen Plangintzako zuzendaria izan da, eta Europako Batzordeko ingurumenaren arloko TAIEX aditu-taldean dago. Hainbat biltzarretan parte hartu du, Eusko Jaurlaritzaren ordezkari gisa, nazioarteko sareetan, besteak beste: Regions4, The climate group edo Iclei.

Ihobe zuzenbide pribatuko sozietate publikoa da; Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari atxikita dago, eta haren eginkizuna da Euskadin ingurumen-hobekuntza sustatzea eta bultzatzea, eta, horretarako, herritarren ongizatea hobetzen laguntzen du, giza garapen jasangarriaren bidez.

Eusko Jaurlaritzaren esparru estrategikoak ingurumen-erronka handiak jaso ditu, haien artean interdependenteak direnak, eta Ihobe ari zaie, dagoeneko, aurre egiten. Erronka horiek etorkizuneko jarduketak markatuko dituzte: klimaren aldeko ekintza, gure kapital naturala babestea eta ekonomia zirkularra sustatzea.

Ihobek, horrela, 2030 Agendan ezarritako garapen jasangarriko helburuetan nabarmen laguntzen du. Jomuga nagusiak honako lau helburu hauek dira: 9. garapen jasangarriko helburua –Industria, berrikuntza eta azpiegitura–, euskal enpresetako ekonomia zirkularraren eta ekoberrikuntzaren bidez; 11. garapen jasangarriko helburua –Hiri eta erkidego jasangarriak–, Udalsarea 2030 euskal udalerrien sarea sustatzearen bidez; 12. garapen jasangarriko helburua –Ekoizpen eta kontsumo arduratsuak–, Erosketa eta Kontratazio Publiko Berdearen sustapenaren bidez, eta Ekoetxea sareen bidez, jasangarritasunarekiko konpromiso soziala inspiratzeko; eta 13. garapen jasangarriko helburua -Klimaren aldeko ekintza-, berrikuntza-proiektuetan diharduten eragile asko mugiarazten dituena eta berriki Urban Klima 2050 graduarteko Life proiektua koordinatzen duena.

Gainera, Ihobek honako hauetan parte hartzen du: Aclima ingurumen-klusterra, BC3 Basque Centre for Climate Change, European Environmental Protection Agencies network, Common Forum on contaminated land of Europe, Observatorio Pirenaico de Cambio Climático. Eta, gainera, Euskal Herriko Unibertsitatearekin, Deustuko Unibertsitatearekin eta Mondragón Unibertsitatearekin dihardu lankidetza estuan.

Curriculum Vitae. Alexander Boto Bastegieta (1966/03/07)

  • Ekonomia Zientzietan lizentziaduna Euskal Herriko Unibertsitatean. Lurralde Plangintzako Masterra London School of Economics-en eta Enpresen Kudeaketako Masterra Euskal Herriko Unibertsitatean.
  • 25 urte Ihobe Ingurumeneko Sozietate Publikoan lanean, Zuzendariorde tekniko, Estrategia-zuzendari eta Jaurlaritzaren ingurumen-plangintzaren koordinatzaile gisa.
  • 2014 eta 2016 artean, Eusko Jaurlaritzako Natura Ingurunearen, Klima Aldaketaren eta Ingurumen Plangintzaren zuzendaria.
  • Ingurumenaren eta lehiakortasun ekonomikoaren arloko laguntza teknikorako Europako Batzordeko (TAIEX) aditua.
  • Estatuko zein nazioarteko kongresuetako aurkezpenak, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailaren ordezkari gisa (nazioarteko sareak: Regions4, The climate group, Iclei).
  • Arlo akademikoan, graduondoko eskolak ematea hainbat Unibertsitatetan (UPV-EHU, UPNA, Txileko Talca Unibertsitatea), arlo hauetan: Agenda 2030, Ingurumen-berrikuntza, Lehiakortasun-jasangarria, Ekonomia zirkularra, Klima-aldaketa; Tokiko jasangarritasuna.
  • 2013 eta 2016 artean, Agirre Lehendakaria Center for Social and Political Studies (ALC) erakundeko Senior Associate. Ikerketa akademikoko lanak koordinatzea Columbiako Unibertsitatearekin (AC4-Earth Institute) eta George Masonekin, eraldaketa sozio-ekonomikoaren euskal eredua ikertu eta nazioartean partekatzeko.
  • 2008-2014 bitartean, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Saileko “Ekonomiaz” aldizkariko Erredakzio Kontseiluko kidea.