Eusko Jaurlaritzak akordio bat sinatu du NBE Ingurumenarekin, Garapen bidean dauden herrialdeei ekonomia zirkular eta ekodiseinuan laguntzeko

Argitalpen-data: 

ONU_Medioambiente-1.jpg

Bilboko Euskalduna Jauregiak ekonomia zirkular eta ekodiseinuaren alorrean Europan egiten diren ekitaldi nagusietako bat hartuko du bihartik –asteazkena- aurrera: Basque Ecodesign Meeting (BEM 2020). Hiru jardunaldietako lehenengoan, azpimarratzekoa da NBE Ingurumenak eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak sinatuko duten hitzarmena, azken horrek Ihobe sozietate publikoaren bitartez, berau ekitaldiaren antolatzailea baita Basque Ecodesign Centerrekin batera.

Era horretan, Eusko Jaurlartitza atxiki den lehenengo eskualde-gobernua da eta Bizi-zikloaren Ekimenaren eragile bihurtuko da. Ekimen hori Nazio Batzuen Ingurumenerako Programak bultzatutako estrategia bat da ezagutza aditua partekatzeko, eta bertan ondoko gobernuek hartzen dute parte: Argentina, Txile, Frantzia, Alemania, Italia, Japonia, Malaysia, Hegoafrika, Suedia, Suitza, Thailandia eta Ameriketako Estatu Batuak, Europako Batzordeaz gain.

Ekimenaren helburua produktuen bizi-zikloaren analisiari buruzko sare global bat sortzea da, GLAD izenekoa (Global Life Cycle Assesment Data Access, ingelesezko siglengatik), datuen eskuragarritasun eta elkarreragingarritasun hobea lortu nahi duena. Sarea datu-baseek (nodoek) osatuko dute, eta erabiltzaileei parte-hartzaileen bizi-zikloaren inbentarioko datu-multzoetara sartzeko aukera emango diete. Horrela, bada, GLAD-ek bizi-zikloaren ebaluazioa bultzatuko du, mundu osoko datu-iturrietara errazago iristeko aukera emanez, bereziki garapen bidean dauden herrialdeei lagunduz ekonomia zirkular eta ekodiseinurako norabidean.

 

Ekimenak bizi-zikloaren kontzeptuaren ezagutzan sakontzen du, erabaki publiko eta pribatuak hobetzeko produktuen, teknologien, bizi-estiloen eta ekonomia orokorraren alorretan. Ekoizpen eta kontsumoa birpentsatzeko forma horrek aztertu nahi du zer inpaktu dituzten produktuek ingurumen, gizarte eta ekonomian, haien bizi-ziklo osoan, sortzen direnetik berrerabili edo suntsitzen diren arte. Beraren azken helburua jasangarritasuna bermatzea da.

Eusko Jaurlaritzak bere egin duen bizi-zikloaren ekimen horren asmoa honako hau da: ikuspegi hori 15 herrialdetan eta 30 enpresatan aplikatzea 2022 baino lehen; eremu publiko eta pribatuan erabakiak hartzen dituzten 2.500 pertsona trebatzea; eta gai horren inguruko ezagutza guztiekin interkonektatzea, estandarrak eta kontsentsuak sortuz haren inguruan.

Erabaki konkretuetan du eragina: konturatzea gure lehentasunak ez daudela isolatuta, baizik eta sistema zabalago baten zati direla; erabakiak epe luzera pentsatuz hartzea, beharrezkotzat jotzen diren ingurumen- eta gizarte-gai guztiak kontuan hartuz; eta sistema osoak hobetzea, sistemen zatiak hobetu beharrean, ingurumen-arazo bat konpondu baina beste bat sortzen duten erabakiak saihestuz.

Ekimena bat dator Garapen Jasangarriaren Helburuekin (GJH) eta Parisko Akordioarekin, “ahaleginak batzeko eta azkarrago eta modu eraginkorragoan aurrera egiteko”, azpimarratzen dute bi erakundeen ordezkariek, alegia, NBE Ingurumeneko Kontsumo eta Ekoizpen Jasangarrien Unitateko arduradun Elisa Tondak eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako Sailburu Iñaki Arriolak.  

Hogeita hamar aditu inguru hiru jardunalditan

Tonda bera izango da BEM 2020ren hasierako ekitaldian parte hartuko duena, Arriola sailburuarekin batera; haien ostean, Europako Batzordeko César Santosek hitz egingo du, Europako Itun Berde Berriaren inplikazioak zehazteko.

Inaugurazio-ekitaldia, berriz, Marc Vidal aholkulari digital de 4.0 industrian adituak emango du, “Gizateriaren aroa” izenburupean. Beraren ostean, zenbait mahai-inguruk osatuko dute lehenengo egunaren hausnarketa, honako gai hauek jorratzeko: ekodiseinua, enpresa-lehiakortasuna hobetzeko tresna gisa; ekodisenuak ekonomia zirkularraren alorrean dituen betekizun berriak; ekonomia zirkularraren lehentasunezko materialak; negozioaren birdiseinua; eta kontsumitzaileei eman beharreko ingurumen-informazioa. Mahai horiek guztiak Ihobeko kideek dinamizatuko dituzte, eta hainbat enpresa eta instituzioaren parte-hartzea izango dute, hala nola Ingurumenerako eta Energiaren Kontrolerako Agentzia nazional frantziarra edo Kataluniako Generalitat, beste batzuen artean; halaber, Europar Batasuneko Ingurumen Komisario izandako Janez Potocnikek bideo bitartez hitz egingo du.

Elikadura, IKT, altzarigintza, energia berriztagarri eta beste sektore batzuetako erakundeetako 700 profesional baino gehiago akreditatu dira jadanik ekodiseinu eta ekonomia zirkularrari buruzko zita garrantzitsu honetara etortzeko eta arau-aldaketak ezagutzeko.