Eusko Jaurlaritzak abian jarritako kultur eragileentzako aholkularitza zerbitzuak 461 kontsulta jaso ditu hilabetean

Covid19.jpg

2020.eko maiatzak 28

  • Kontsulta gehien izan dituen sektoreak antzerkiarena (153), ikus-entzunezkoena (146) eta musikarena (125) izan dira.

 

Gasteiz, 2020/05/28       

Eusko Jaurlaritzak abian jarritako kultur eragileentzako aholkularitza zerbitzuak 461 kontsulta jaso ditu duela hilabete martxan jarri zenetik, eta kontsulta horien ia erdia (% 47,5) langile autonomoek egin dituzte. Kontsulta gehien jaso dituen sektoreak antzerkiarena (153), ikus-entzunezkoena (146) eta musikarena (125) izan dira. Gainera, kontsulten % 95,4 lotuta egon dira administrazioek abian jarritako laguntza eta prestazioekin Covid 19ren krisiak kulturaren munduan izan dituen ondorioak arintzeko.

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak kultura-arloko langileei zuzendutako aholkularitza-zerbitzu hau abian jarri zuen apirilaren 24an, Covid 19ren krisiaren ondorioei aurre egiteko bultzatutako laguntza eta neurriei buruzko informazio guztia errazteko. Zerbitzua Kulturklik Pro plataformaren bidez eskaintzen da (kulturklik.euskadi.eus/asesoria /), eta, gainera, kultura-sektore desberdinetako profesionalei eta eragileei zuzendutako bi gida eskaintzen dira.

Kontsultak egin dituzten herritarren % 47 inguru autonomoak dira, eta besteren konturako langileak, berriz, ia % 25. Halaber, % 8 beste batzuen kategorian kokatu dira, eta beste % 8 sozietate mugatu gisa. "Beste batzuk" kategoriaren barruan daude, adibidez, azken hilabeteetan inolako diru-sarrerarik izan ez duten pertsonak, besteren kontura edo autonomoen erregimenean kotizatzen ari ez direnak eta arazo gehigarriak izan ditzaketenak (etxea uztea).

Sektoreak

Sektore kulturalei erreparatuz gero, ikus daiteke antzerkia (% 33), ikus-entzunezkoa (% 32 inguru) eta musika (% 27) direla sektore erreferentziatuenak. Nabarmen atzerago daude arte bisualak (% 11,9), dantza (% 11, 5) eta liburua eta literatura (% 6,9). Halaber, kulturaren balio-kateari dagokionez, honako hauek dira erreferentziatuenak, hurrenez hurren: sorkuntza (% 56), ekoizpena (% 35), erakusketa (% 24) eta prestakuntza (% 22).

Kontsulten arrazoi zehatzei dagokienez, gehienek laguntzak eta prestazioak izapidetzearekin dute zerikusia (% 95), eta zalantza ohikoenak Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren epigrafeen ingurukoak dira (% 26,5), laguntza-lerroen bateragarritasunaren ingurukoak (% 23,5) edo, besterik gabe, kulturarako laguntza espezifikoei buruzko informazio orokorra eskatzen da (% 19,1). Azken astean, kontsulten % 73k zerikusia izan dute, zehazki, Eusko Jaurlaritzak kulturako langileei eskainitako laguntzekin.

Hizkuntza eta generoa

Kontsultak bideratzeko erabili den hizkuntzari dagokionez, % 34k kontsulta euskaraz kudeatzeko eskatu dute, eta % 66k gaztelaniaz kudeatzeko. Generoari erreparatuz, zerbitzuaren funtzionamenduko 5 asteetan, kontsulta horien % 48 gizonek egin dituzte, eta % 46 emakumeek. Halaber, 7 pertsonak, guztizkoaren % 1,5 ‘ez-bitarra’ dela adierazi dute, eta 18 lagunek (% 3,9) ez dute erantzun.

Azkenik, kontsulten jatorriari erreparatuta, kontsulten % 49 Bizkaian lan egiten duten edo bizi diren pertsonek eta erakundeek igorri dituzte; kontsulten % 38 Gipuzkoatik iritsi dira. Azkenik, kontsulten % 12 inguru Arabatik egin dituzte. Laugarren eta bosgarren asteen artean, behera egin dute, ehunekotan, Bizkaiko eta Gipuzkoako agenteek egindako kontsultek, eta gora, berriz, Arabakoak.