Eusko Jaurlaritzak 8,47 milioi bideratuko ditu eskola-garraioko ibilbideen kontrataziorako datozen bi ikasturteetan (Gobernu Bilera 2020-07-28)

fotoconsejo.jpg

2020-07-28

  • Hezkuntza Sailak datozen bi ikasturteetarako eskola-garraioko 108 ibilbide kontratatzeko lehiaketa publikoa irekiko du
  • Ikastetxe publikoetako 21.564 ikaslek erabiltzen dute egunero Euskadin eskola garraio zerbitzua 2019-2020 ikasturte honetan

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran baimendu du, Hezkuntza sailburuaren proposamenez, 8.471.325 euroko kopurua bideratzea Hezkuntza Sailaren menpeko ikastetxe publikoetako eskola-garraio zerbitzua kontratatzeko, datozen bi ikasturteetan (2020-2021 eta 2021-2022).

Zehazki, Hezkuntza Sailak egun Euskadin dauden eskola-garraiko 573 ibilbideetatik 108 aterako ditu lehiaketara. 108 ibilbide horietatik 56 Bizkaian daude, 31 Araban eta 21 Gipuzkoan.

Ibilbide hauen esleipenerako lehiaketan parte hartu nahi duten garraio enpresek, zerbitzua garatzeko beharrezko den administrazio-baimena izan beharko dute –Bidaiarien Errepideko Garraioari buruzko 4/2004 Legean aurreikusia-, 443/2001 Errege Dekretuak eta 894/2002 Errege Dekretuak (aurrekoa modifikatzen dena), Eskola-garraioko eta adin txikikoen garraiorako segurtasun baldintzei buruzkoak, ezartzen dituen gutxieneko baldintzak bete.

21.564 ikasle garraiatu

 Eskola-garraioko zerbitzu osagarriak hezkuntzarako sarbidearen unibertsaltasuna bermatzen du. Hezkuntza Sailak kudeatzen duen eskola garraioa erabiltzeko eskubidea dute bizilekutik ikastetxera 2 kilometro edo gehiagoko distantzia duten ikasleek, Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen zikloan. Gutxieneko distantzia hori 4 kilometro edo gehiagokoa izan beharko da DBHko bigarren zikloan eta Oinarrizko Lanbide Heziketan, eta 500 metrokoa besterik ez mugikortasun urriko ikasleen kasuan.

Egun, 2019-2020 ikasturte honetan, ikastetxe publikoetan ikasten ari diren 21.564 ikasle garraiatzen dira egunero Euskadin, orotara 259 ikastetxe publikori zerbitzua ematen dieten 573 ibilbideen barnean.