Eusko Jaurlaritzak 560.000 euro onartu ditu sorkuntza lantegien jarduera bultzatzeko (Gobernu Bilera 2020-06-23)

fotoconsejo.jpg

2020.eko ekainak 23

  • Sorgune izeneko deialdi honen bidez, iaz sei kultur guneren jarduera diruz lagundu zen

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 560.000 euroko partida bat onartu du sorkuntza lantegiak bultzatzeko, sorgune izeneko laguntza deialdiaren bidez. Laguntza-lerro honen helburua da sorkuntza-praktikak bultzatzen dituzten kultura-gune independenteen programak babestea. Iaz sei proiektu diruz lagundu ziren deialdi honen bidez.

Sorguneei zuzendutako deialdiaren helburua beren sormen-lana garatzen laguntzea da, "arte-adierazpenen berrikuntza, talentuaren babesa, kudeaketa parte-hartzailea eta tokiko ingurunearekiko harremana bideratuz". Jarduera-proiektu horiek kultura- edo sormen-sektoreren batean kokatuta egon beharko dute (ikusizko arteak, zinema eta ikus-entzunezkoak, dantza, literatura, musika, antzerkia…). Hautatutako proiektu bakoitzari gehienez 120.000 euro emango zaizkio, eta gehienez ere aurrekontuaren % 70.

Iaz, sei sormen-gune babestu ziren laguntza-deialdi honen bidez, 51.983 eta 120.000 euro bitarteko laguntzekin. Honako hauek izan ziren laguntzak jaso zituzten kultura-guneak: Wikitoki Elkartearen laborategia, Bulegoa z/b, Arropaineko Arragua, baratza, Fab Lab Bilbao eta Haztegia.

Sorkuntza-lantegietarako deialdi horrez gain, Eusko Jaurlaritzak urtero Bitartez deialdia jartzen du martxan, iaz 500.000 euroko aurrekontua izan zuena. Bitartez deialdiaren helburua da talentuaren sustapena bultzatzea, “harreman- eta bitartekaritza-bide berriak sortzea hainbat publikorekin harremanetan jartzeko, elkarrekin sortzea eta hibridazioa bultzatzea, sormen-potentziala bultzatzeko edo kultur jardunbideetatik kultura eta gizartea berritzeko estrategiak planteatzen dituzten ekimenak garatzeko”.