Eusko Jaurlaritzak 500.000 euroko partida onartu du kultura- eta gizarte-berrikuntzarekin lotutako proiektuak laguntzeko (Gobernu Bilera 2020-06-30)

fotoconsejo.jpg

2020.eko ekainak 30

  • Bitartez izeneko laguntza-lerro horri esker, iaz 24 kultura-ekimen babestu ziren

Eusko Jaurlaritzak 500.000 euroko partida onartu du, bere gaurko Gobernu Kontseiluan, kultura- eta gizarte-bitartekaritza eta kultura- zein gizarte-berrikuntzako proiektuak bultzatzeko. Laguntza-lerro honen izena Bitartez da, eta kultura- eta gizarte-berrikuntzako estrategiak babestu nahi ditu, kultura-praktiken bidez. Iaz 24 ekimen diruz lagundu ziren deialdi honen bidez.

Zehazki, laguntza-lerro honek diruz laguntzen ditu “talentuaren sustapena sustatzera bideratutako proiektuak, harreman- eta bitartekaritza-bide berriak sortzera bideratutako proiektuak, askotariko publikoetara bideratzeko”. Era berean, “elkarrekin sortzera eta hibridaziora bideratutako proiektuak lagundu nahi dira, sormen-potentziala bultzatzeko, edo praktika kulturalen bidez berrikuntza kultural eta sozialeko estrategiak planteatzen dituzten ekimenak garatzeko”.

Bitartez izeneko diru-laguntza deialdiaren bidez, kultura- eta gizarte-bitartekaritzako eta -berrikuntzako 24 proiekturi eman zitzaien laguntza ekonomikoa. Guztira, 500.000 euro bideratu ziren deialdi horretara, 2.267 eta 40.000 euro bitarteko diru-laguntzekin. Diruz lagundutako proiektuetako batzuk Gau Irekia 2019, Urbanbat 8. liburukia, Plazan edo Gorputzaldiak izan ziren.

Diru-laguntza deialdi horrekin batera, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak Sorguneak deialdia ere bultzatzen du. Joan den astean onartu zuen Gobernu Kontseiluak, 560.000 euroko aurrekontuarekin. Beste laguntza-lerro hori sormen-praktikak bultzatzen dituzten kultura-gune independenteen programak laguntzera bideratuta dago.