Eusko Jaurlaritzak 330.000 euro bideratu ditu Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko liburutegietan irakurzaletasuna sustatzeko jardueretara (Gobernu Bilera 2020-07-21)

fotoconsejo.jpg

2020.eko uztailak 21

  • Lerro honen bidez, 162 udal-erakundek jaso zuten iaz diru-laguntzaren bat

Eusko Jaurlaritzak 330.000 euroko partida onartu du, bere gaurko Gobernu Kontseiluan, irakurketa sustatzeko Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko liburutegi publikoetan. Partida horrek 70.000 euroko gehikuntza dakar iazko deialdiarekin alderatuta; iaz 162 diru-laguntza eman ziren lerro honen bidez.

Diru-laguntza deialdi honen xedea da liburutegi publikoen titular diren Euskal Autonomia Erkidegoko udalei laguntza ekonomikoa ematea, bai eta udal-liburutegi publikoen arloan eskumena edo eginkizunak dituzten toki-erakundeei ere, beti ere liburutegiak Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarean sartuta badaude. Laguntza-lerro hau Eusko Jaurlaritzak Sareko liburutegiei laguntzeko dituen hiru lerroetako bat da, liburuak erosten laguntzeko deialdiarekin eta liburutegietan teknologia berriak garatzeko laguntza-lerroekin batera.

Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzako Liburutegi Zerbitzuak Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarea sortu zuen 2004an, Euskadiko liburutegi publiko guztiak biltzeko eta zerbitzuak hobetzeko sinergiak sortzeko. Sare hau udal titulartasuneko liburutegiek osatzen dute nagusiki, nahiz eta zerbitzu honetan udalarenak ez diren liburutegiak ere sartzen diren (Eusko Jaurlaritza, Euskadiko Artxibo Historikoa, habe, Lazkaoko Beneditarren Artxiboa, Zarauzko Photomuseuma, Arabako Foru Aldundiaren menpeko liburutegiak...).