Eusko Jaurlaritzak 3.150.000 euroko aurrekontua onartu du euskaltegietako ikasleei euskara ikasteko diru-laguntzak emateko (Gobernu Bilera 2020-06-30)

fotoconsejo.jpg

2020.eko ekainak 30

  • Partida hau iazkoa baino % 27 handiagoa da, B2 mailara arteko doakotasunaren konpromisoa betetzeko

Eusko Jaurlaritzak 3.150.000 euroko partida onartu du, bere gaurko Gobernu Kontseiluan, Euskal Autonomia Erkidegoko euskaltegietako ikasleen euskara ikasteko prozesua diruz laguntzeko. Partida hori iazkoa baino % 27 handiagoa da, euskara B2 mailara arte doan ikasi ahal izateko konpromisoa betetzeko.

Gaur onartutako diru-laguntza partida Euskal Autonomia Erkidegoko ehun euskaltegitako ikasleei zuzenduta dago, baina jaso nahi dutenek bi baldintza bete beharko dituzte: % 75eko asistentzia bermatzea eta dagokien maila gainditzea. Euskararen irakaskuntzan B2 mailara arteko doakotasuna lortzeko helburua aurten gauzatu da, eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek ere partekatu dute, baita udalek ere. Aldundiek zein udalek diru-ekarpen garrantzitsuak egiten dituzte helburua bete ahal izan dadin.

Diru-laguntzak emateko prozedurari dagokionez, 2020ko irailera arte bi bide egongo dira. Batetik, A1, A2 eta B1 mailen kasuan, euskaltegietan ebaluazio jarraiaren bidez egiaztatzen duten ikasle guztiei eman ahal izango zaie diru-laguntza, betiere baldintzak betetzen badituzte. Bestalde, B2 mailako ikasleen kasuan, HABEk kudeatutako B2 azterketa gainditu beharko dute diru-laguntza jaso ahal izateko eta ikaskuntza-prozesua doakoa izateko. Datorren urteko diru-laguntza deialdian, ordea, B2ra arteko mailakoentzat, nahikoa izango da euskaltegietan maila gainditzea.