Eusko Jaurlaritzak 2021eko aurrekontuen proiektua onartu du Gobernua sortu zenetik 100 egun betetzen direnean

2020.eko abenduak 15

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren osteko ohiko prentsaurrekoan, Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasuneko sailburuarekin batera.

Bingen Zupiriak gogoratu duenez, aste honetan betetzen dira ehun egun hamabigarren legealdiko koalizio-gobernua osatu zenetik eta gaur Gobernu Kontseiluak bi erabaki nagusi hartu ditu, Gobernuaren lehen ehun egunetako jarduerarekin zerikusi zuzena dutenak. Batetik, legealdi honetarako aurreikusita dauden Plan Estrategikoen onarpena, bestetik, 2021eko aurrekontuen lege-proiektuarena.

Biak hala biak, koalizio-gobernuaren lehenbiziko ehun egunen balantzean sartzen dira eta hala jasotzen dira Lehendakariak gaur goizean Gobernu Kontseiluan aurkeztu duen bilduma-dokumentuan: EUSKADI EN MARCHA, EUSKADI ABIAN.

Gobernuaren hasierako ehun egun hauetako ekimen nagusien titularrak hamar ataletan laburbil ditzazkegu:

  • Gobernu-programa onartzea
  • Sailburuek Legebiltzarrean egindako agerraldiak, legegintzaldi honetarako jarduera-ildo nagusiak azaltzeko.
  • Aurrekontu-gidalerroak onartzea; erabaki hori gaur amaitu da, 2021eko aurrekontuen lege-proiektua onartu baita.
  • Ekonomia suspertzeko eta enplegua berreskuratzeko BERPIZTU programak eta NEXT-Euskadi proiektu eraldatzaileen programa egitea eta abian jartzea, ekonomia suspertzeko Europako funtsak erakartzeko eta gauzatzeko.
  • Lehendakariak alderdi politikoekin izandako topaketak.
  • Legegintza-programa onartzea; guztira, 36 ekimen.
  • Sailetako egitura-dekretuak onartzea eta plan estrategikoen agenda onartzea; gaur goizean onartu da dokumentu hori.
  • Eta, bistan denez, Gobernuaren ekintza eta erreakzioko 100 egun hauetako ardura eta okupazio nagusi gisa, koronabirusaren pandemiaren aurkako borroka irmoa, iraunkorra eta koordinatua.

PLAN ESTRATEGIKOAK

Gaurko Gobernu-Kontseiluak Lehendakaritzak berak eta Sail bakoitzak legealdi honetarako aurrikusita dauzkan Plan Estrategikoak ere onartu ditu. Guztira 16 plan nagusi dira Jaurlaritzak euskal gizartearen aurrean hartutako konpromisoen muina osatzen dutenak, eta Sailez-Saileko beste 78 plan osagarrirekin, Jaurlaritzatik eragin nahi diren hobekuntza-ekimenen motorra osatzen dute.

Bingen Zupiriak azpimarratu duenez, “plan estrategiko hauek bat datoz Gobernu Programan zehaztutako lau ardatzekin: Oparotasuna, Pertsonak, Planeta eta Autogobernua. Halaber, bat datoz Nazio Batuen garapen jasangarriko 16 helburuekin eta Europa berdeago, digitalago eta inklusiboago bat eraikitzeko Europar Batasunak daukan estrategiarekin”.

AURREKONTUAK

Bestalde, Gobernu Kontseiluak gaur onartu du Euskal Autonomia Erkidegoko 2021erako 12.442M/€-ko Aurrekontu Orokorren Proiektua. Ekonomia eta Ogasun Sailburu Pedro Azpiazuk azaldu duenez, horrek esan nahi du finantza-aktiboak isolatuz (gastu erreala) politika publikoetan gastatzeko dagoen aurrekontu operatiboa 770M/€ igoko dela, hau da, iaz baino % 7,1 handiagoa izango dela. Aurrekontu orokorra 668M/€ handiagoa da, hau da, % 5,7ko igoera izango du. Azpiazuk azaldu duenez, “asmo handiko aurrekontua, Eusko Jaurlaritzak inoiz izan duen aurrekontu indartsuena, pandemiak sortutako ekonomia- eta osasun-krisiari behar den indarrarekin aurre egiteko, aurrekontuen ziurtasunean eta egonkortasunean oinarrituta oraina finkatzeko eta etorkizunari begiratzeko”.

Politika publikoetan murrizketarik izango ez duten eta austeritatetik urrun egongo diren aurrekontuak izango dira, Azpiazu sailburuak gidalerroen aurkezpenean aurreratu zuenez. “Aurrekontu hau, gure etorkizunari ematen zaion begirada ausarta da, Euskadin gizartea berreraikitzeko eta ekonomia eta enplegua suspertzeko bidea. Indarrarekin eta konfiantzarekin egingo diogu aurre”, aurreratu du Azpiazuk.

Proiektuak nabarmendu beharreko 3 alderdi jasotzen ditu:

  1. HAZKUNDE HANDIA OSASUNEAN ETA HEZKUNTZAN. 236,6M/€-ko hazkundea osasunean eta 169M/€-koa Hezkuntzan.
  2. 542M/€-KO COVID PROGRAMA: sail guztien artean banatuta pandemiari aurre egiteko.
  3. INBERTSIO PUBLIKO HANDIAGOA (+% 6,4) ETA GASTU GEHIAGO I+G-N (+% 9,7): 2021ean, inbertsio publikoa –Euskal Y-a eta Hegoaldeko Saihesbidea kontuan hartu barik– 955M/€-tik gorakoa izango da, eta I+Gra bideratutako gastuak, berriz, 47 milioitik gorako hazkundea izango du, 535,8M/€-ra iritsi arte.

Abenduaren 17an erregistratuko da aurrekontu-proiektua Eusko Legebiltzarrean.

BESTELAKO NEURRIAK

Beste era bateko neurrien artean, Gobernantza Publiko eta Autogobernu sailburuak, Euskal Autonomia Erkidegoan Jokoa Arautzen duen legea aldatzeko, Elkarrekin-Podemos legebiltzar taldeak egindako lege-proposamenari, ezezkoa emateko arrazoiak agertu ditu.

Bestalde, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saiak bi diru-laguntzetarako deialdiak jakinarazi ditu gaur . Batetik  hiru milioi ta erdi (3,56 milioi €) EREIN programan, landa-eremuko 116 herritan ekimen pribatuko enpresak sortu eta garatzeko, dibersifikazioa eta autonomoen ekintzailetza sustatu, eta enplegu berriak sortzeko helburuarekin. Bestetik lau milioi euro, landa eremuko biztanleen bizi-kalitatea hobetu eta bisitariak erakartzeko proiektuei zuzenduak, informazio eta azpiegituretan, nahiz kultura-ondarearekin edo ingurumenarekin zerikusia duten proiektutan.

Hezkuntza Sailak, bere aldetik, milioi bat euro bideratuko ditu ikasturte honetan Sailak berak antolatzen dituen ibilbideetara egokitu ezin litezkeen ikasleen garraio-premiak betetzeko.

Azkenik, Lan eta Enplegu Sailak proposatuta, gaurko Gobernu Kontseiluak 459,5 milioko gastu aurreratua baimendu du, urtarriletik Aurrekontuak onartu arteko denboran, Diru-Sarrerak Bermatzeko Errenta eta Etxebizitzarako Prestazio Osagarria ordaindu ahal izateko.

Gai-zerrenda

Prentsa-txostena