Eusko Jaurlaritzak 2021. urterako Giza Eskubideen Defendatzaileentzako Babeserako programan sartzeko deialdia ireki du

2020.eko irailak 17

Vitoria-Gasteiz, 2020/09/18

Eusko Jaurlaritzak Giza Eskubideen Defendatzaileak Babesteko 2021eko programan sartzeko hautagaiak aurkezteko epea ireki du; programa Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzak antolatzen du, urtero.

“Munduko eskualde eta herrialde askotan, giza eskubideak defendatzen dituzten pertsonek eta erakundeek mehatxuak eta jazarpenak jasaten dituzte, eta, ondorioz, beren bizitza eta osotasun fisikoa eta psikologikoa arriskuan daude, bai eta beren familiena ere. Beraz, kolektibo hori bereziki kaltebera da beren lurraldeetatik edo jarduteko espazioetatik lekualdatzera behartuta egoteko”, esan du Monika Hernando Eusko Jaurlaritzako Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariak. Hori dela eta, programa honen helburua da Euskadin giza eskubideak defendatzeko jarduera dela eta jazarpen- eta mehatxu-arriskua jasaten ari diren edo jasaten duten eta oinarrizko gizarte-erakundeekin lotura duten pertsonak aldi baterako hartzea.

 “Hainbat indarkeria-ekintza izaten dira: erailketa, eraso eta mehatxuen joerak kezkagarria eta orokortua izaten jarraitzen du munduan; justizia-sistema, sarritan, haien lana mugatzeko erabiltzen da, isilarazten saiatzeko eta haien sinesgarritasuna hondatzeko, zigorgabetasuna nagusitzen dela; gizarte-protestak zapaldu egiten dira, erabat, eta estigmatizazio-kanpainak jartzen dira abian”, azaldu du Hernandok.

2011tik

Eusko Jaurlaritzak 2011tik giza eskubideen defendatzaileei arreta emateko programak ditu abian; “horrek erakusten du konpromiso irmoa duela giza eskubideekin eta nazioarteko elkartasunarekin”, esan du Hernandok.

Interesa duten euskal erakunde, elkarte eta GKEek 2020ko urriaren 15era arte aurkeztu ahalko dituzte beren hautagaien inprimakiak; CEAR Euskadiri bidali beharko dizkiete (programa.proteccion@cear-euskadi.org), hark kudeatuko baitu programa. Eskabideak beste herrialde eta eskualde batzuekin elkartasunean lan egiten duten euskal gizarte-erakunde edo -mugimenduen bidez aurkeztu behar dira; izan ere, haiek ari dira laguntzen hautagaiak murgilduta dauden giza eskubideen defentsarako prozesuetan eta, beraz, haiek ezagutzen dute testuingurua eta haiek dute hartan lan egiten duten erakunde, instituzio eta elkartasun-sareetarako sarbidea.

Eskabideak jaso ondoren, Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzak Hautaketa Batzordea deituko du, eta hura izango da 2021ean Euskadin sei hilez programan parte hartuko duten hiru pertsonak izendatzeko arduraduna. Era berean, Harrera Sarea sortuko da, eta hura izango da hautatutako pertsonei dagozkien jatorriko erakundeekin koordinazioan egoteko arduraduna.