Eusko Jaurlaritzak 1,5 milioi euro inguruko dirulaguntzak onartu ditu 2021ean landa eta itsasertzeko eremuen garapen sozioekonomikorako (Gobernu Bilera 2020-12-22)

fotoconsejo.jpg

2020.eko abenduak 22

  •  Euskadiko landa guneko eta itsasertzeko 122 udalerrik atera ahal izango diote etekina laguntza deialdi honi
  • Laguntzetan aintzat hartzen dira udalerrietako azpiegituretako, oinarrizko zerbitzuetako eta berrikuntza lanetako inbertsioak eta enpresak sortu, handitu eta modernizatzeko inbertsioak.

Eusko Jaurlaritzak, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko Sailburuaren Aginduaren bidez, 1,46 milioi euroko laguntzak iragarri ditu, EAEko Landa Garapenerako 2015-2020 Programaren esparruan onartutako Leader eremuko landa guneko udalerriak sustatu, garatu eta dibertsifikatzeko. Helburua da Partaidetzazko Toki Garapeneko Estrategian finkatutako printzipioak betetzea, enpresak sortu eta modernizatzen lagunduz, kontratazioa bultzatuz, azpiegituren eraikuntza eta konponketa lanak babestuz eta etxebizitzen eskuragarritasuna hobetuz.

“FEADER” Landa Garapenerako Nekazaritza Funts Europarraren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura finantzatuko dira laguntzak, 2015-2020 Euskal Herriko Landa Garapeneko Programan ezarritakoaren arabera. 

Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura 1.460.000 euro aurreikusi dira; horietatik 672.000 euro udalerrietako azpiegitura, oinarrizko zerbitzu eta berrikuntza lanetarako laguntzei dagozkie, 606.000 euro enpresak sortu, handitu eta modernizatzeko inbertsioak egiteko dira, eta gainerakoa ekintzailetza eta besteren konturako kontratazioa bultzatzeko. 

Eremu geografikoa eta onuradunak 

Laguntzen aplikazio eremu geografikoan sartzen dira Leader eremurako aukeratutako euskal udalerri guztiak (122 udalerri guztira, non 93.000 lagunetik gora bizi diren).

Dirulaguntza ez-itzulgarritzat jotzen dira laguntzak, eta laguntzen onuradunak izan daitezke pertsona fisiko edo juridikoak, publikoak zein pribatuak, nortasun juridikoa dutenak zein ez dutenak, edo edozein eratako unitate ekonomiko edo ondare bereizia, izaera juridikoa eduki ez arren esandako udalerrietan aurreikusitako proiektuak eta jarduerak egin baditzakete. 

Hauek dira deialdi honen xede diren lerroak hauek:

  • Ekintzailetza bultzatzeko laguntzak.
  • Enpresak sortu, handitu eta modernitzatzeko inbertsioetarako laguntzak.
  • Besteren konturako langileak kontratatzeko laguntzak.
  • Udalerrietako azpiegituretarako, oinarrizko zerbitzuetarako eta berritze lanetarako laguntzak.
  • Etxebizitzarako laguntzak.

Eskabideen aurkezpena 

Pertsona fisikoek modu presentzialean zein elektronikoan aurkeztu ahal izango dituzte eskariak. Modu presentzialean: eskabideak "MENDINET Landa Garapenaren Aurrerapenerako Elkartean" aurkeztuko dira. Hau da elkartearen egoitzaren helbidea: Arkauti, z.g. (01192) Vitoria-Gasteiz (Araba).

Pertsona juridikoek eta nortasun juridikorik gabeko erakundeek soilik bide elektronikoaren bidez www.euskadi.eus/zerbitzuak) izapidetu ahal izango dute eskabidea, eta ez dira kontuan hartuko modu presentzialean aurkeztutako eskabideak.

Eskabideak aurkezteko epea agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta 2020ko otsailaren 28an bukatuko. 

Eusko Jaurlaritzako Landa eta Itsasertzaren Garapenaren eta Europar Politiken Zuzendaritza arduratuko da programa kudeatzeaz, «MENDINET Landa Garapenaren Aurrerapenerako Elkartearekin» elkarlanean, izan ere, elkarte horrek aztertuko ditu eskabideak eta eskatutako dokumentazioa, Toki Ekintzarako Taldea den heinean.