Eusko Jaurlaritza lanean ari da EBA Proiektua ezartzeko, eta aurrerapauso handia izango da indarkeriaren biktima diren emakumeak hautemateko eta eraginkortasunez babesteko

punto_lila_horizontal1.jpg

2020.eko azaroak 22

Tratu txarrak jasan dituzten 4.781 emakumek jasotzen dute une hauetan Ertzaintzaren babesa
Genero-indarkeriaren eta etxeko indarkeriaren arloetako Ertzaintzaren eta Euskadiko udaltzaingoen espediente guztien kudeaketa partekatzeko aukera emango duen sistema digitala da, eta honako hauek egitea ahalbidetzen du: espediente guztiak formatu berean sortzea eta partekatzea; emakume bakoitzaren eta bere seme-alaben arrisku-ebaluazio guztiak homologatzea, salaketa zein polizia-kidegotan jartzen den kontuan izan gabe; diagnostikatzen den arriskuaren araberako babesa ezartzea, etab.
Ertzaintzaren babesa 4.781 emakumek jasotzen dute, salaketa jarri ondoren edo poliziak horren berri izan ondoren. Lurraldez lurralde, 2.254 dira Bizkaian poliziaren babes-espedientea duten biktimak, 838 dira Araban eta 1.689 Gipuzkoan. Iaz, 2019ko azaroan Ertzaintzaren babes-neurriren bat zuten emakumeak 4.659 ziren guztira: Bizkaian 2.356, Araban 752 eta Gipuzkoan 1.551.
Ertzaintzak babesten dituen 4.781 emakumeetatik 3.344 epaileak aginduta babesten dituzte (1.492 Bizkaian, 523 Araban, eta 1.329 Gipuzkoan), eta gainerako 1.437 emakumeek biktima bakoitzaren arriskua aztertzen duten polizia-protokoloei jarraituz jasotzen dute babes hori.
Ertzaintzak 2000. urtetik ditu araututa emakumeen kontrako tratu txarrei aurrea hartzeko eta aurre egiteko jarduketa-prozedurak. Egungo prozedurak 2006an jarri ziren abian: kasu berri bat hautematen den bakoitzean, Ertzaintzak erregistratu egiten du “Etxeko indarkeria” edo “Genero-indarkeria” espediente batean. Une horretatik aurrera, Ertzaintzak babes aktiboa ematen dio biktimari, esleituta duen arrisku-maila eta epaileak kasua ebatzi duen alde batera utzita. Espediente bakoitzak kasuaren historial osoa biltzen du kronologikoki: elkarrizketak, salaketak, epailearen aginduak edo beste aplikazio informatiko batzuetako datuak, besteak beste.
Kasurik larrienetan epaitegietako tramiteak errazteko eta babes handiagoa ematera iristeko, tratu txarrak jasan dituen emakumeari epaitegira laguntzen diote agenteek lehenengo tramiteak egitera joaten denean. Bestalde, gizarte-zerbitzuekin harremanetan egoteko bidea dago tratu txarrak izaten direnean seme-alaba adingabeei arreta emateko.
EBA proiektua
Espediente horien kudeaketan aurrerapauso bat emateko eta biktimak hautemateko eta babesteko prozesuan eraginkorragoak izateko helburuarekin, Eusko Jaurlaritzak “Etxekoen eta Emakumeen Babesa” (EBA) proiektua jarri zuen abian, eta proiektu estrategiko hori legealdi honetan zehar ezarriko da. Genero-indarkeriaren eta etxeko indarkeriaren arloetako Ertzaintzaren eta Euskadiko udaltzaingoen espediente guztien kudeaketa partekatzeko aukera emango duen sistema digitala da, eta honako hauek egitea ahalbidetzen du: espediente guztiak formatu berean sortzea eta partekatzea; emakume bakoitzaren arrisku-ebaluazio guztiak homologatzea, salaketa zein polizia-kidegotan jartzen den kontuan izan gabe; seme-alaben arriskua berdin ebaluatzea; diagnostikatzen den arriskuaren araberako babesa ezartzea, etab.
Hasiera honetan, sistema pilotuan Ertzaintza eta Bilboko, Donostiako, Gasteizko, Basauriko, Barakaldoko, Errenteriako eta Getxoko udaltzaingoak ari dira parte hartzen, baina asmoa da udaltzaingo guztiek parte hartzea eta emakumeen aurkako indarkeria-kasu bakoitzean inplikatuta dauden gainerako agenteei ere parte hartzeko aukera ematea: Judikaturari, Fiskaltzari, Gizarte Zerbitzuei, Osakidetzari, Emakunderi, Auzitegi Medikuntzako Institutuari, etab.
Emakumeak babestea
Genero-indarkeriako edo etxeko indarkeriako espediente bat irekitzen denean, Ertzaintzak arriskua baloratzen du eta lau mailatan sailkatzen du: oinarrizkoa, moderatua, handia eta berezia. Ebaluazioa jarraitua izaten da, eta alda daiteke, beraz, biktimaren edo erasotzailearen inguruabarrak aldatzen badira. Biktima guztiei ezartzen zaien lehenengo segurtasun-neurria autobabeserako formakuntza da.
Oinarrizko beste babes-erremintetako bat APP Bortxa da. Telefonia mugikorrerako aplikazioa biktimaren mugikorrean integratzen da, eta Ertzaintzarekin eta SOS Deiak zerbitzuarekin azkar komunikatzeko aukera ematen dio. Aplikazio horri esker biktima berehala jar daiteke harremanetan Eusko Jaurlaritzako 24 orduko arreta-zerbitzuko 900 840 111 telefono-zenbakiarekin ere, eta GPS lokalizazioa duen alarma aktibatzeko aukera ere ematen du, besteak beste.
Une hauetan 334 dira aplikazio hori bere telefono pertsonalean integratuta duten emakumeak: 182 Bizkaian, 67 Araban eta beste 85 Gipuzkoan.
Azkenik, arrisku handieneko kasuetan, Ertzaintzak bizkartzain pertsonalaren zerbitzua ematea erabakitzen du, iraunkorra edo noizbehinkakoa, arriskuaren arabera. Une hauetan 59 dira babes hori jasotzen duten biktimak: Bizkaian 42, Araban 10 eta Gipuzkoan beste 7.
Erasotzaileen kontrola
Kasu batzuetan, eta epailearen aginduz, erasotzaileari eskumuturreko elektroniko bat jartzen zaio urruntze-agindua betetzen duela ziurtatzeko. Ertzaintzak kudeatzen ditu gailu horien alertak koordinazio-zentroen bidez. Une hauetan 54 agindu daude emanda Euskadin: 37 Bizkaian, 6 Araban eta 11 Gipuzkoan.