Otsailaren 21a, Ama-hizkuntzaren Nazioarteko Eguna
Ama-hizkuntzaren Nazioarteko Eguna dela eta, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailaren Gazteen Euskal Behatokitik Euskadiko gazteen ama-hizkuntzari edo lehen hizkuntzari buruzko datuak aurkeztuko ditugu. Haurrak 3 urte bete arte etxean, gurasoengandik zein etxean bizi diren beste seniderengandik, jasotzen duen hizkuntzari deitzen zaio ama-hizkuntza edo lehen hizkuntza.
Aldiro egiten den azken Inkesta Soziolinguistikoa 2016an burutu zen. Horren datuen arabera, Euskadiko 15 eta 29 urte bitarteko gazteen % 18,7rentzat euskara izan da beren ama-hizkuntza bakarra eta beste % 10,8rentzat gaztelaniarekin batera. Guztira, 30 urtetik beherako gazteen % 29,5ek jaso zuten euskara etxean umetan.
Portzentaje horrek gora egin du azken urteetan eta 1986an % 21,7 izatetik 2016 % 29,5 izatera pasatu da.

Gazteen eta Euskadiko biztanleria osoaren datuak seriearen hasieran eta bukaeran alderatzen baditugu, ikus dezakegu 1986an euskara ama-hizkuntza zuten gazteen portzentajea biztanleria osoari zegokiona baino txikiagoa zela, baina 2016an gazteen portzentajea biztanleria osoaren batez bestekotik gora dagoela.

2016an izandako emaitzak bakarrik kontuan hartuta, agerian geratzen da ez dagoela alderik gizon eta emakume gazteen artean, baina bai adin-taldeen artean eta are alde handiagoak bizi diren lurralde historikoei erreparatuz gero.
Adinean gora egin ahala jaitsi egiten da ama-hizkuntza euskara (bakarrik edo gaztelaniarekin batera) izan duten gazteen portzentajea. Euskara izan da 15 eta 19 urte bitartekoen % 34,8ren ama-hizkuntza, 20 eta 24 urte bitartekoen % 29,9rena eta 25 eta 29 urte bitartekoen % 24,5ena.
Bestalde, aipatzekoa da lurralde historikoen arteko aldea. Gipuzkoan ia gazteen erdiek (% 48,3k) etxean euskara ikasi dute, Bizkaian % 22,0k eta Araban gutxiagok, % 13,0k, hain zuzen ere.


