Euskal unibertsitateek, Unibasq-ek eta Hezkuntza Sailak unibertsitate-autonomia defendatu dute, eta ikasturtea kalitate-irizpidez osatzea

2020.eko apirilak 02

  • Euskadik, autonomia-erkidego gehienekin batera, Unibertsitate-ikasturtearekin jarraitzearen alde egin du Unibertsitateen Konferentzian
  • Ikasleentzako lasaitasun mezua helarazi da, koronabirusaren erruz ikasle bakar batek ez duela ikasturtea galduko adieraziz
  • Unibertsitate Ministerioarekin eta gainerako autonomia-erkidegoekin egindako bileran, Eusko Jaurlaritzak adierazi du Euskal Unibertsitate Sistemako unibertsitateek, Unibasq-ek eta Hezkuntza Sailak adostuko dituztela hartu beharreko neurriak.

Gaur goizean, bideokonferentzia bidez, autonomia-erkidegoen eta Unibertsitate Ministerioaren arteko bilera izan da, eta Eusko Jaurlaritzak ere bertan parte hartu du. Bilera horretan, Eusko Jaurlaritzak eta gainerako parte-hartzaileek ikasturtearekin jarraitzeko beharra defendatu dute, ikasleei eta irakasleei lasaitasun mezua helarazteaz gain. Koronabirusaren krisiaren ondorioz ikasle bakar batek ere ikasturtea gal ez dezan lan egitearen garrantzia nabarmendu da. Horretarako, ohiko jarduketak eta epeak egungo egoerara egokituko dituzten formulak aztertzen eta hartzen jarraitzen da.

Bilerarako aurreikusitako gai-zerrendari dagokionez, Hezkuntza Sailak eztabaida gaien inguruko bere jarrera azaldu du. Horien artean; "presentzialtasuna" amaitutzat emateko asmoa; unibertsitateko praktiketan %50eko salbuespena egiteko asmoa; eta unibertsitateko ikasturtearen amaiera bateratzeko asmoa.

Planteamendu horren aurrean, Hezkuntza Sailak bere gaitzespen osoa azaldu nahi izan du. Adolfo Morais Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordeak zalantzan jarri ditu proposamen horiek, ez dituztelako errespetatzen ez Euskadiren eskumenak, ez Euskal Unibertsitate Sistemako unibertsitateen autonomia, ez Unibasq Kalitate Agentziaren independentzia. Bileran adierazi bezala, Euskadin etengabeko koordinazioa egon da euskal unibertsitate-ekosistema osoaren artean. Euskal Herriko Unibertsitatea, Deustuko Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea, Unibasq –Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentzia – eta Hezkuntza Saila lanean ari dira irizpideak adosteko eta ikasleen, hezkuntza-sistemaren eta, oro har, gizartearen onurarako neurriak adosteko.

Ikasturte presentzialaren amaierari dagokionez, Moraisek adierazi du funtsezkoa dela lasaitasun-mezua helaraztea, eta euskal unibertsitate-sistemaren sendotasuna zein lan bikaina egiteko duen gaitasuna azpimarratzea, urtetan zehar erakutsi izan duen bezala, horiek baitira bermerik onena gure unibertsitateetako ikasleentzat. Gainera, adierazi du, funtsezko gakoa modu koordinatuan lan egitea dela, Euskal Unibertsitate Ekosistemaren ezinbesteko ezaugarria. Unibertsitateak prest daude bi egoera posibleetako edozeinen aurrean: bai uneren batean jarduera presentzialera itzultzeko, bai Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak adierazi duen osasun-larrialdiko egoerarekin bat etorriz hartu beharko litzatekeen beste edozeinetarako.

Unibertsitateko praktikei dagokienez, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak nabarmendu du, arau zorrotzak hartzea ezohiko egoera horretan erabakiak hartzeko behar den malgutasunaren aurkakoa dela; izan ere, unibertsitate-titulu bakoitzak bere kasuistika berezia du, eta balio zorrotz bat ezartzeak ikasle-talde bat praktika horiek gainditzeko aukeratik kanpo utz lezake. Izan ere, izurriteak inor ez kaltetzea baita helburu nagusia: ikasketa batzuetan murrizketa are handiagoa izan liteke, ikasketa-planari larriki eragin gabe; eta beste batzuetan aldiz, ehuneko bat ezartzea aurreikusitako eta beharrezko gaitasunak eskuratzearen aurkakoa da. Kontuan izan behar da unibertsitate-ikasketa guztiak aldez aurretik ebaluatu zituela Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziak (Unibasq-ek), eta ehunekoak murrizteak ondorioak izan ditzakeela onetsitako planaren legezkotasunean, aintzat harturik gainera, plan horien kalitatea ondorengo ebaluazioen bidez egiaztatua izan zela. Euskal unibertsitate-sistema osatzen duten kide guztiak izan dira jarrera horren aldeko, eta une honetan unibertsitate-ikasketa guztiak aztertzen ari dira, haietako bakoitzerako irizpiderik onenak ezartzeko.

Unibertsitate-egutegia

Unibertsitateko egutegiari dagokionez, Eusko Jaurlaritzak adierazi du ez duela zentzurik egutegi bateratu bakar bat ezartzeak, kontuan hartuta unibertsitate bakoitzak une jakin batean hasi zuela bere ikasturtea. Hala, Hezkuntza Sailak, gainerako premiazko gaiekin bezala, unibertsitateekin eta Unibasq-ekin batera aztertzen ditu hartu beharreko erabakiak, betiere euskal unibertsitate bakoitzak eta Unibasq-ek duten autonomiaren barruan.

Bileran zehar, Eusko Jaurlaritzak Euskal Unibertsitate Sistema Estatuko gainerako sistemetatik bereizten duten kasuak adierazi nahi izan ditu. Errealitate hori, besteak beste, honako gai hauetan bistaratzen da:

  • Unibertsitateko Prestakuntza Dualaren eredua. Errealitate bereizgarria da gaur egun, gainerako autonomia-erkidegoekiko eta titulazio gehienekiko betekizun desberdinak dituena.
  • Egiaztapen Instituzionalaren hedapena. Egiaztapen Instituzionala duten unibertsitate-fakultate eta -eskolen ehunekorik handiena du Euskadik, eta horrek autonomia handiagoa ematen die, eta prestakuntza-eskaintza propioa diseinatzeko baimena ematen die.
  • Unibasq Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentzia. Agentzia horrek harreman zuzena, arina eta gure testuingurura egokitua errazten du egoera orotan, eta euskal unibertsitate-prestakuntzaren kalitatearen bermea da.

Unibertsitateko ekosistemako kideak lanean ari dira, bi egoera posible aurreikusiz: ikasturte honetan aurrez aurreko prestakuntza berreskuratzeko aukera, edo egungo ikasturteari ikasgeletatik kanpo aurre egiteko beharra. Bi agertoki horiek lantzen ari dira, eta eszenatoki baterako eta besterako hainbat jarduera egiten ari dira. Datozen egunetan lan-bilerak egitea aurreikusita dago Euskal Unibertsitate ekosisteman. Bihar bertan, Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua bideokonferentzia bidez bilduko da Nekane Balluerka EHUko errektorearekin eta Deustuko Unibertsitateko – José María Guibert- eta Mondragon Unibertsitateko – Bixente Atxa- errektoreekin, euskal unibertsitateen eta Hezkuntza Sailaren arteko lankidetza estuan lanean jarraitzeko.