Euskal talentuak protagonismo handia izango du Donostiako 68. Zinemaldian

basquecult.jpg

2020.eko irailak 18

  • Gaur, aurrekaririk gabeko edizio hibridoa hasiko da, irailaren 26ra arte (larunbata).
  • ‘Akelarre’, Pablo Agüero argentinarrak zuzendua eta Euskal Herriko hainbat enpresak ekoitzia, Sail Ofizialeko lan gogokoenetako bat da.
  • New Directors sailak David Pérez Sañudo (‘Ane’) eta Imanol Rayo (‘Hil kanpaiak’) euskal zinemagileen film luzeak aurkeztuko ditu. Beste hamaika film luzek eta zazpi laburrek (Kimuak 2020 Hautaketa) osatzen dute Zinemira saila.


Donostiako Zinemaldiak euskal presentzia nabarmena izango du bere atal gehienetan, eta horrek erakusten du euskal sektorea une onean dagoela, nahiz eta osasun egoerak zailtasun handiak ekarri. Gaur hasi eta datorren irailaren 26ra arte, euskal zinemagile askok erakutsiko dituzte beren lanak.

‘Akelarre’ filma, Pablo Agüeroren zuzendaritzapean egina eta Koldo Zuazuak (Kowalski Films), Iker Ganuzak (Lamia Producciones), Gariza Produkzioak eta La Fidéle Productionek ekoitzia, Urrezko Kontxa eskuratzeko lehiatuko da. Drama historiko hau, 1609an Euskadin izandako sorginkeriagatiko prozesu judizial batean oinarritua, euskaraz eta gaztelaniaz filmatuta dago, eta Amaia Aberasturi eta Alex Brendemühl ditu protagonista. Gainera, 68. edizio honetan, Sail Ofizialak ‘Patria’ telesailaren proiekzio berezia ere izango du, Aitor Gabilondoren azken lana, Fernando Arambururen nobela arrakastatsuan oinarritua.

New Directors sailean, David Pérez Sañudoren opera prima aurkeztuko da, ‘Ane’, desagertutako ama baten eta haren alabaren arteko mugez eta komunikazioaz mintzo dena, baita Imanol Rayoren bigarren lana ere, ‘Hil kanpaiak/Campanadas a muerto’, Miren Gorrotxategiren ‘33 ezkil’ eleberrian oinarritua. Zabaltegi – Tabakalerak ere euskal proiektu ugari hartuko ditu: Marina Palacioren estreinako lana, Kimuak programan hautatutako ‘Ya no duermo’ (Gariza Films) eta Laida Lertxundiren obra esperimentala, ‘Autoficcion’, ezagutuko ditugu.


WIP Europak, zinemaldiak aurkezten duen jarduera berriak, Arantza Santesteban zuzendari nafarraren ‘918 gau’ filma ekarriko digu. Txintxua Films eta Hiruki Filmak enpresek ekoitzi dute, eta Ikusmira Berriaken 2018ko edizioan garatutako proiektu homonimotik sortu da. Halaber, Carmen Chaplinen ‘Charlie Chaplin, A Man Of The World’ (Kanaki Films) eta Rubén Cresporen ‘Del Fuego Al Hielo’ (Mirokutana) euskal produkzioak Lau Haizetara Dokumentalen Koprodukzio Foroan parte hartuko dute.

Zinemira saila, berriz, beste hamaika film luzek eta Kimuak 2020 hautaketako zazpi laburrek osatuko dute. Euskal gastronomiaren zati txiki bat Culinary Zinema sailean aurkituko dugu Asier Altunaren eta Bainet ekoiztetxearen eskutik. Izan ere, ‘Arzak sinze 1987’ estreinatuko dute. Dokumental honetan, donostiar sukaldari ospetsuak eta haren alabak, Elenak, bizitza osoaren balantzea egingo dute, eta sukaldaritza tradizionala autore-sukaldaritza bilakatu arte nola aldatu den aztertuko dute.

Gero eta telesail gehiago aurkezten dira mundu osoko jaialdietan, eta 68. Donostiako Zinemaldian hiru euskal lanek hartuko dute parte. Lehen aipatutako ‘Patria’-z gain, ‘Alardea’-ren lehen bi kapituluak ikusgai izango dira. David Pérez Sañudoren estreinako miniseriea alarderen gatazkan inspiratua dago eta Itziar Ituño eta Carmen Climent ditu protagonista. ‘El Estado contra Pablo Ibar’ (Irusoin) sailak, aldiz, Ibarri egindako epaiketaren xehetasunak erakusten ditu.

Era berean, Donostiako Zinemaldiaren 68. edizioaren esparruan, Europa Creativa Desk MEDIA Euskadi bulegoak hainbat industria-jarduera antolatu ditu; besteak beste, honako mahai-inguruak: ‘Europaz haraindiko audientzia sortzen’ (astelehenean, 17:00etan), ‘30 gomendio MEDIA bulegoen ikuspegitik’ (asteartean, 12:00etan), eta Agustina Chiarino (Mutante cines), Olmo Figueredo (La claqueta PC) eta Francisco Ramos (Latinoamerikako Netflix-en eduki originalen lehendakariordea), ekoizleen arteko solasaldia gauzatuko da asteazkenean, hilak 23, 18:00etan. Ekoizpen independentearen eta, oro har, ikus-entzunezko industriaren sektorearen erronka eta aukerei buruzkoa izango da mahai-ingurua. European Film Forumaren edizio berria ere burutuko da Donostia Zinemaldian zehar, asteartean, 15:00etatik aurrera, eta ikus-entzunezko industriari buruzkoa izango da.