Euskal gizataldeetako pertsonen premia larriko egoerei erantzuteko laguntzak (Gobernu Bilera 2020-03-31)

fotoconsejo.jpg

2020.eko martxoak 31

Eusko Jaurlaritzak Euskal Etxeetarako 202.000 euroko laguntza-saila onartu du gaur. Euskal gizataldeetako pertsonen premia larriko egoerei eta laguntza-beharrei erantzuteko bideratuko da diru hori.

Gaur onartutako laguntzei esker arreta jasoko dute gizarte-bazterketako egoera larrian dauden pertsonek, dela herrialde batzuetan izandako moneta-oszilazioen eta ekonomia-gabezien egoeragatik, dela adinagatik, dela gabezia-egoerengatik, dela osasun-krisialdiengatik edota bat-batean sortutako istripuen ondoriozko ezgaitasunengatik. 

Eskatzaileek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

  1. a) Euskal gizataldeko kidea direla egiaztatzea.
  2. b) Atzerrian bizitzea.
  3. c) Laguntzako beharrei edo premia larriko egoerei aurre egitea ahalbidetzen duten ondasunik edo diru-sarrerarik ez edukitzea.
  4. d) Etxe partikularretan bizitzea, eta araudi edo estatutuengatik laguntza eman behar dieten talde, komunitate edo erakundeetako kide ez izatea.

Laguntzak emateko orduan familiako egoera ekonomikoa hartuko da kontuan herrialdeko batez besteko errentarekin lotuta, bai eta osasun-gertakizunaren edo premia handiko egoeraren larritasuna eta eskaera beharretara egokitzea ere.

Eskatutakoaren ehuneko 100era iritsi ahal izango dira laguntzak, eta Euskal Autonomia Erkidegoan indarrean dagoen oinarrizko errentaren zenbatekoa izango da muga; nolanahi ere, osasun-gertakizunei aurre egiteko laguntzek ez dute muga hori izango.

2003an abiarazi zenetik, Eusko Jaurlaritzak urtero deitu du laguntza-programa hau, eta horren bidez laguntza jaso dute 70-100 familiak; gehienbat Argentina, Txile, Uruguai, Venezuela eta Kubakoak izan dira onuradunak.