Euskadin organo-emateen eta -transplanteen jarduerak COVID-19aren pandemiaren aurreko erritmoari heldu dio berriro

2020.eko ekainak 03

Hil hauetan, presako eta lehentasunezko pazienteentzako arreta bermatu da, eta, aldi berean, organo-emaileek hartzaileei infekziorik ez transmititzeko neurriak hartu dira

Euskadin organo-emate eta -transplanteen jarduerak ohiko erritmoari heldu dio berriz, COVID-19aren pandemiak eragindako salbuespenezko egoeraren ondoren; bertan, presako edo lehentasunezko egoeran dauden pazienteentzako arreta bermatu da.

Hala egiaztatu du gaur Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak; sailburuak, Organo Emaileen Eguna dela eta, euskal herritarrei dei egin die organo-emateen bidez bizitzak salbatzen laguntzen jarraitzeko.

Sailburuak azaldu duenez, programek pandemiak eragindako egoeretara egokitu behar izan dute eta, horretarako, emaile izateko hautagaietan eta hartzaile izateko hautagaietan COVID19 kasu posibleak ebaluatzeko eta baztertzeko neurriak hartu dira; hala, hartzaile izan daitezkeenei infekzioa ez transmititzea lortu nahi izan da.   

Hala, martxoaren 15etik maiatzaren 15era igaro diren bi hiletan, Euskadin 17 transplante egiteko bide eman zuten 6 organo-emate izan ziren (10 giltzurrunenak, 4 gibelenak, 2 bihotzenak eta 1 pankrearena); horiek guztiak presako edo lehentasunezko pazienteetan egin dira, eta, Euskadin ez ezik, Asturiasen, Kantabrian, Galizian eta Madrilen ere egin dira. Pandemiaren inpaktua agerikoa da, baldin eta datuak iazko aldi berean 26 emaileri esker eginiko 55 transplanteekin erkatzen baditugu.

Hala ere, organo-emateen eta -transplanteen jarduera pixkanaka berreskuratzen doala ikusten da. Maiatzaren 15etik gaur arte, 5 emate gehiago erregistratu dira, eta, haiei esker, beste 17 transplante egin ahal izan dira (11 giltzurrunenak, 5 gibelenak eta 1 pankrearena), Euskadin ez ezik, Kantabrian, Galizian eta Madrilen ere. Era berean, aste honetan bertan, organo-emaile biziaren giltzurruneko transplante-programari berriz ekitea aurreikusten da.

Nekane Murgak euskal gizartearen elkartasuna nabarmendu du; izan ere, elkartasun horri esker, Euskadi organo-emateen abangoardian dago. Euskadiko tasa milioi bat biztanleko 60 emailetik gorakoa da eta izan da azken bost urteotan, eta 2.600 transplante baino gehiago egin dira azken hamarkadan.

Osasun sailburuak dio lorpen horiek emaileen familien eskuzabaltasunari esker, emate eta transplanteen prozesuan inplikatuta dauden profesional guztien lanari esker eta elkarteek duten funtsezko eginkizunari esker izan direla.

 

Vitoria-Gasteiz, 2020ko ekainaren 3a