15 eta 29 urte bitarteko gazteen % 14k esan du tratu txar motaren bat jasan duela
Azaroaren 25ean Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna ospatzen da. Gazteen Euskal Behatokia oraingoan gai honen inguruko datuekin dator, gazteek indarkeria sexistaren inguruan dituzten jarrerei buruzko azken datuekin, han zuzen ere.
Horretarako, Euskadiko 15 eta 29 urte bitarteko gazteek emandako erantzunetan oinarrituko gara, indarkeria mota desberdinei egozten dieten larritasunari buruz galdetu zaienean. Informazio hori Gazteen Euskal Behatokiak lau urtean behin egiten duen Euskal Gazteak azterlanaren datuen aurrerapena da, eta azken edizioa, 2020koa, azterketa-prozesuan dago.
Ikerketa honen bidez, besteak beste, euskal gazteek indarkeria mota desberdinen larritasunaz egiten dituzten balorazioak ezagutu nahi dira, hala nola, indarkeria fisikoak eta sexu-abusuak, hitzezkoak (irainak, mehatxuak, mespretxuak, etab.), indarkeriaren piramidea deiturikoan definitutako kontzeptuei jarraituz.

Piramide horrek lau maila dituela jotzen badugu, ikerketa honetan 2. eta 3. mailak hartu dira kontuan. 2. mailan umiliazioa, desbalorizazioa, bazter uztea, gutxiestea, xantaia emozionala eta erruduntzea daude; 3. mailan, berriz, eraso fisikoak, bortxaketa, sexu-abusua, mehatxuak, oihu egitea eta iraintzea.
Ikerketa honetarako erabili den galdera sortan, honako indarkeria mota hauen balorazioa egin da:
- Iraintzea
- Gauzak erabakitzen ez uztea
- Mehatxatzea
- Etxetik irtetea debekatzea
- Sexu-harremanak borondatearen aurka izatera behartzea
- Mespretxuak egitea
Euskadiko gazte guztiek uste dute norbait bere borondatearen aurka sexu-harremanak izatera behartzea larria dela (% 96k oso larritzat jotzen dute eta % 4k nahiko larritzat).
Bikotearen mugimenduak mugatzea oso larria da % 90arentzat eta larria % 9rentzat, eta ehunetik gazte batek soilik uste du jokabide ez oso larria dela.
Mehatxu egitea oso edo nahiko larria da gazteen % 98rentzat. Sare sozialetan bikotekidea kontrolatzea tratu txarra delako kontzientzia ere oso zabalduta dago, eta % 96rentzat jokabide oso edo nahiko larria da.
Gauzak erabakitzen ez uztea oso larria da % 94rentzat. Proposatutako jokabide guztiak, baita hain esplizitua ez den indarkeria dakartenak ere, hala nola mespretxuak edo irainak egitea, larritzat jotzen dira, eta % 94ra iristen da bikotekidea mespretxatzea oso edo nahiko larritzat jotzen dutenen ehunekoa, eta % 82ra, berriz, iraintzea ere larritzat jotzen dutenena.

Sexuaren araberako aldeak txikiak dira, eta indarkeria-jokabide ez hain esplizituetan gertatzen dira, emakumeak baitira jokabide horien larritasuna gehien hautematen dutenak.
Adinak alde batzuk markatzen ditu, txikiak badira ere: 20 urtetik behera, indarkeria sotilenen larritasunaren kontzientzia txikiagoa da.
Tratu txarren mota desberdinak oso edo nahiko larritzat jotzen dituzten 15-29 urteko gazteen ehunekoa, sexuaren eta adin-taldeen arabera, 2020 (%)
Gainera, 15 eta 29 urte bitarteko euskal gazteen % 14k dio indarkeria horietakoren bat jasan duela bikote-harreman batean. Emakumeen artean portzentajea % 19koa da eta gizonena % 8koa.

Zenbat eta zaharragoak izan eta, beraz, bikote-harremanetako esperientzia gehiago izan, orduan eta handiagoa da ehunekoa: % 19 dira 25-29 urtekoen taldean, % 11 20-24 urtekoen taldean eta % 8 15-19 urtekoen taldean.