Euskadik klima-aldaketaren aurrean duen konpromisoa indartu du, Parisko Akordioak bost urte betetzean

Argitalpen-data: 

Parque_Eolico_de_Oiz.jpg
  • Berotegi-efektuko gasak murrizteko helburuak eguneratzeko eta EBk hartutako konpromisoarekin bat egiteko konpromisoa hartzen du Eusko Jaurlaritzak.
  • Eusko Jaurlaritza lanean ari da Energia-trantsizioaren eta klima-aldaketaren Legean. Legearen helburua da 2050ean berotegi-efektuko gasen isurien neutraltasuna lortzea.
  • Euskadik beste bultzada bat emango dio energia garbia sortzeari, energia berriztagarriak energiaren azken kontsumoaren % 20 izan daitezen.

Parisko Akordioa 2015ean sinatzea mugarri historiko bat izan zen mundu mailan klima-aldaketaren aurrean, planetako nazio guztiek aurre egin behar dioten ingurumen-erronka premiazkoenetako bat hain zuzen ere.  Harrezkero, Eusko Jaurlaritzak klima-ekintza sartu du Euskadiren politika egituratzen duten ardatzen artean. Hala, Iñigo Urkullu lehendakariak 2019ko uztailean sinatutako Klima-aldaketaren larrialdiari buruzko Adierazpen Instituzionalean 2050ean Euskadi karbonoaren lurralde neutroa izateko “ekintza urgenteak eta asmo handikoak” iragarri zituen.

Efemeride hori, gainera, bat dator atzo Europar Batasunean berotegi-efektuko gasen murrizketaren eskakizuna handitzeko lortutako akordioarekin, emisio hori % 40tik % 55era murrizteko helburuarekin. Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldian, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak, Arantxa Tapiak, jada iragarri zuen ezarritako % 30eko helburua bide onetik zihoala, eta hura gorantz berrikusteko konpromisoa agertu zuen, Europako erakundeek ezarritako irizpideekin bat egiteko. Atzoko akordioaren ondoren, konpromisoa gure egin eta Euskadiko Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren etorkizuneko Legean zehazteko unea iritsi da, Europar Batasunaren ildoko asmo handiagoko helburuekin.

Gaur egun, 195 herrialdek sinatu dute nazioarteko hitzarmen hori; helburua da mundu mailan klima-aldaketaren mehatxuari ematen zaion erantzuna indartzea, munduko mende honetako tenperaturaren igoera industriaurreko mailen gainetik 2 gradu zentigradu baino gutxiagoan mantenduz, eta ahalegintzen jarraitzea tenperaturaren igoera 1,5 gradu zentigradura mugatzera.

Eusko Jaurlaritzaren klima-ekintzaren barruan, Energia-trantsizioaren eta klima-aldaketaren Legearen idazketa nabarmentzen da. Arantxa Tapia buru duen Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak aurkeztuko du legegintzaldi honetan legea. “Lege berriaren helburua da 2050erako berotegi-efektuko gasen isurien neutraltasuna lortzea eta klimaren efektuen aurrean hobeto prestatutako lurralde baterantz aurrera egitea”, adierazi du sailburuak.

Testuinguru horretan, helburu gisa markatu da datozen lau urteetan berotegi-efektuko gasak (BEG isuriak) % 30 murriztea. Halaber, legegintzaldi honetan energia berriztagarrien kuota bat lortzea, energiaren azken kontsumoaren % 20 izango dena, gasa trantsizio-energia gisa mantenduz. Energia berriztagarrien aldeko apustu sendo hori duela egun gutxi gauzatu da, Euskal Autonomia Erkidegoan lau parke eoliko abian jartzea onetsi baitzen. Eskaera Aixeindar sozietate publiko-pribatuarena da, Energiaren Euskal Erakundeak (% 40) eta Iberdrolak (% 60) osatutakoak. Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak uste du ekonomia- eta enplegu-sorkuntzarako aukera bat dela eta exekutiboak energia-trantsizioarekin eta klima-aldaketaren aurka borrokatzeko duen konpromisoarekin bat egiten duela.

Konpromiso horiek Euskadiko Klima Aldaketaren Klima2050 Estrategiaren barruan sartzen dira. Estrategiak BEG isuriak 2030erako gutxienez % 40 murriztea (helburua eguneratu egingo da EBk hartutako konpromisoaren ondoren) eta 2050erako % 80 murriztea ezartzen ditu helburu gisa 2005. urtearekin alderatuta, eta Euskal lurraldeak klima-aldaketarekiko duen erresilientzia ziurtatzea. Estrategiaren beste helburu bat da 2050ean azken kontsumoaren gaineko energia berriztagarriaren % 40eko kontsumoa lortzea.

LIFE Urban Klima 2050 ekintza klimatikoaren Europako proiektuaren aurrerapena

Ekintza horiekin batera, LIFE Urban Klima 2050 proiektua martxan dauka Eusko Jaurlaritzak. Ihobe sozietate publikoak gidatzen du proiektua, eta proiektu horrek lurraldea eraldatuko du, klima-aldaketa arintzeko eta klima-aldaketara egokitzeko 40 proiektu eta ekintza koordinatuko baititu guztira. Bertan 20 euskal erakundek hartu dute parte, eta zazpi udalerritan ari dira lanean. Orain arte, proiektu honek 1,7 milioi euro inbertitu ditu; hau da, proiektuaren aurrekontu osoaren % 9. Ekintza gehienak martxan daude, eta aurreikusitako epearen barruan egiten ari dira, pandemiak eragindako ezohiko egoera gorabehera.

Proiektuetako bat da gaur egun degradatuta dagoen Bermeoko gune bat osorik berreskuratzea; Natura 2000 Sareko ingurumen-balio handiko 3 kilometroko kostalde-tarte bat da, eta Biosfera Erreserbako gune gisa sailkatuta dago. Erabilera publikoko hiri-inguruneko azpiegitura berde bat sortzeak, irizpide jasangarriekin eta klima-aldaketari egokitutako irizpideekin ingurumen- eta gizarte-eraldaketa ekarriko du.

Beste ekintza bat da Estepona ibaian –Bakion– esku hartzea. Bi uholde-lautada sortuko dira eskuin-ertzean, uholdeak laminatzeko eta udalerriko hirigunearen uholdea murrizteko ahalmenarekin. Horrela, ibaiaren amaierako zatiak Bakioren hirigintza-garapenik izan ezean erakutsi beharko lituzkeen habitat naturalak lehengoratzen lagunduko da.

Bestalde, klima-aldaketa arintzen laguntzeko proiektu batzuk egitea aurreikusi da. Esate baterako, eskualdeko karbono-aztarna kalkulatzeko tresna: Urban Klima 2050 proiektuaren esparruan garatzen ari da, Udalsarea 2030ekin lankidetzan (Jasangarritasunerako Udalerrien Euskal Sarea; EAEko 186  udalerri biltzen dira bertan). Udalerriei zuzendutako antzeko tresna bat egokitzeak aukera emango die eskualdeko erakundeei beren eskualdeko nahiz lurraldeko isuriak kalkulatzeko.