Euskadik C Hepatitisaren baheketa-programa espezifikoa jarriko du abian 2020ko lehen hiruhilekoan

2020.eko urtarrilak 22

Osasuneko sailburuaren hitzaldia Madrilgo Europa Press foroan

 

Nekane Murgak euskal osasun-sistemaren erronkatzat hartu ditu osasunaren prebentzioa eta sustapena (minbizia bereziki kontuan hartuta), lehen mailako arreta sendotzea, koordinazio soziosanitarioa hobetzea eta ikerketan eta berrikuntzan aurreratzea

      

C hepatitisaren baheketa-programa aurtengo lehen hiruhilekoan hasiko da Euskadin, eta bi baheketa mota egingo dira: arriskuan dauden herritarrei zuzendutako baheketa eta baheketa oportunista. Horixe berretsi du gaur Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburu Nekane Murgak Madrilgo Europa Press foroan eman duen hitzaldian.

Sailburuak euskal osasun-sistemaren egungo egoeraren errepasoa egin du, eta, adierazi duenez, funtsezko lau erronka ditu.

Lehen erronka osasunaren prebentzioa eta sustapena da, munduko heriotza-arrazoi nagusiari, hots, minbiziari aurre egiteko bereziki. Horretarako, Euskadiko Onkologia Planak pazientearen arreta humanizatzea du helburu, medikuntza pertsonalizatuaren bidez eta dauden baheketa-programei eutsiz (kolon eta ondesteko minbiziaren, bularreko minbiziaren eta umetoki-lepoko minbiziaren baheketa-programei eutsiz, alegia).

Bigarren erronka Osasun Sailak lehen mailako arretaren alde egindako apustuan sakontzea da. Laguntza-maila hori indartzeko estrategia espezifiko bat dago eta, aurten, inbertsio arruntaren % 30 bideratuko da estrategia horretara. Gainera, azpiegitura-inbertsioa hirukoiztu egingo da.  

 Osasuneko sailburuak azpimarratu duen hirugarren erronka gero eta zahartuago dagoen eta gero eta gaixotasun kroniko gehiago dituen gizarteari erantzuteko beharrezkoa den koordinazio soziosanitarioa da.

Eta, azkenik, laugarren erronka ikerketak eta berrikuntzak bide berrietan aurrera egiteko eta enpresa-sare bat sortzeko tresna gisa duten garrantziari lotutakoa da.  

Sailburuak euskal osasun-sistemaren indarren errepasoa egin du bere hitzaldian, eta osasun-arloan lortutako emaitzak bi faktore nagusiri lotuta daudela adierazi du: ia lau hamarkadatan garatutako osasun-arloko inbertsio-politiken jarraitutasuna eta egonkortasuna, eta Osakidetzako profesionalen konpromisoa eta kalitateko prestakuntza.

Nekane Murgak gogorarazi duenez, Eusko Jaurlaritzak aurreikusi du aurten ere bere aurrekontu osoaren herena osasunera bideratzea, pertsonako 1.801 euroko per capita gastuarekin (Estatu osoan osasun-arloan egin den inbertsio-zenbatekorik handiena).    

 

 

                                                        Madril, 2020ko urtarrilaren 22a