"Euskadi Bono Denda" programak otsailaren 28ra arte luzatu du trukearen azken eguna

EUS_Bono_denda_gen_rico_page-0001.jpg

2020.eko abenduak 30

Euskal Autonomia Erkidegoko merkataritza-sektoreko establezimenduetan kontsumoa sustatzeko “Euskadi Bono Denda” programak bonuak trukatzeko azken data 2021eko otsailaren 28ra arte luzatu du.

Sektoreak erregeen kanpaina eta neguko beherapenak barne hartzeko epea luzatzeko egindako eskaeraren ondorioz luzatu da epea. Horrela, eskura dauden baliabideak ahal bezainbeste agortu dira.

Gainera, orain arte trukatu ez diren bonuak berriz banatuko dira esleitutako bonu guztiak trukatu ez dituzten establezimenduetako batzuetan. Nabarmentzekoa da establezimendu askok bonu guztiak agortu zituztela kanpainaren lehen asteetan.

Erakunde arteko kanpainan, Eusko Jaurlaritzarekin batera, honako hauek parte hartzen dute: Bizkaiko eta Arabako aldundiek, eta Bilbo, Gasteiz, Hondarribia, Zumarraga, Legazpi, Portugalete, Gueñes eta Sestaoko udalek.

Eusko Jaurlaritzak finantzatutako beherapen-bonuak irizpide honi jarraituz banatu ziren: programari atxikitako lurralde historiko bakoitzeko establezimendu kopuruarekiko banaketa proportzionala egitea, gainerako erakunde parte-hartzaileek finantzatutako establezimenduei dagokienez bezala —horiek zegokion lurralde-esparru bakoitzean banatu ziren—.

Kanpainak erritmo etengabea izan du lurralde guztietan, eta trukatutako bonuak 431.312 izan dira guztira —guztizkoaren % 82,68—, 4.313.120 euroko zenbatekoaz eta 12.939.360 euroko eragin ekonomikoaz.

Lurraldeka, guztira 2.434.860 euroko bonuak trukatu dira Bizkaian, 1.239.100 eurokoak Gipuzkoan eta 639.160 eurokoak Araban.

 “Euskadi Bono Denda” bonuak 10 euroko beherapen-txartelaren ereduan oinarritzen dira, eta 30 euroko gutxieneko erosketetarako dira. Bonuak online plataformaren bidez kudeatzen dituzte establezimenduek beraiek. Horietan, Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren 18 urtetik gorako pertsonek gastatzen dituzte bonu horiek, 4ko mugarekin.

 

www.euskadibonodenda.eus