Europako hamar herrialdetako 35 erakunde publiko eta pribatuk parte hartuko dute ICEBERG proiektuan, eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak berrerabiltzeko proiektu berritzailea dena

Argitalpen-data: 

ICEBERG_grupo.jpg
  • Proiektuak lau urte iraungo du eta 15.667.498 euroko aurrekontua izango du. Diru horretatik 12.997.935 euro Europar Batasunaren Ikerketa eta Berrikuntza 2020 Esparru Programak ordainduko ditu. 
  • EAEko sei erakundek parte hartuko dute programa horretan: Ihobe, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak, TECNALIA Research & Innovation Fundazioak (partzuergoko koordinatzailea), GAIKER zentro teknologikoak eta Serikat, Lezama Demoliciones eta Viuda de Sainz enpresek. 
  • Eraikuntzako eta eraispeneko hondakin ohikoenak erabiliz gaitasun handiko materialak ekoizteko irtenbide berritzaileak ematea da helburua, ekonomia zirkularrean oinarrituta. 

 

Bilbon, 2020ko uztailaren 27an. Europako hamar herrialdetako 35 erakunde publiko eta pribatuk parte hartuko dute ICEBERG proiektuan (Innovative Circular Economy Based solutions demonstrating the Efficient recovery of valuable material Resources from the Generation of representative End-of-Life building materials). Proiektu hori Europar Batasunaren Ikerketa eta Berrikuntza 2020 Esparru Programak finantzatuko du (869336 kontratuaren arabera) eta helburu nagusia eraikuntzako eta eraispeneko hondakin ohikoenak birziklatu eta berrerabiltzea da.

Berrerabiltzeko sistema eta teknologia berritzaileak diseinatu, garatu eta balidatzea da proiektuaren helburua, horiei esker balio handiko material berreskuratu fidagarriak ekoitzi ahal izateko (ezpurutasun baxukoak, % 8 baino gutxiago). Material hori industria mailan balidatzeko, sei ikerketa-kasu egingo dira Europako zenbait tokitan. Modu horretan honako material hauen berrerabilpena aztertuko da: hormigoia, egurra, igeltsua, apar isolatzaileak eta material superisolatzaileak. Eraikuntzako hondakinetatik birziklatutako materialen segurtasuna eta onargarritasuna hobetu nahi da era horretan. 

Izan ere, eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen kudeaketaren arloan azken bi hamarkadetan aurrerapen handiak egin diren arren, aurrerapausoak eman behar dira oraindik eraikuntzaren eta eraispenaren sektorean ekonomia zirkularra lortzeko. Hondakinek zabortegian amai dezaten eragoztea ez ezik, helburua ere bada balio erantsi handiagoko erabilerak balidatzea hondakin horietarako. Horretarako, hondakinen azpikorronteen gaikako sailkapena hobetu behar da obran bertan, bai eta ekipoak garatu ere, horiek automatikoki sailkatzeko, linean karakterizatzeko, arazteko eta balioesteko.  

Proiektuak lau urte iraungo du eta 15.667.498 euroko aurrekontua izango du. Diru horretatik 12.997.935 euro Europar Batasunak ordainduko ditu. Eraikuntzako eta eraispenetik datozen materialen trazabilitatea, identifikazioa, bereizketa, birziklapena eta berrerabilpena hobetzeko tresnak eta teknologiak garatuko dira proiektuaren lehen zatian. Proiektuaren bigarren zatian, berriz, sei ikerketa-kasutan, lortutako irtenbideak egiaztatzen saiatuko dira, eta ekonomian, ingurumenean zein langileen osasunean zer eragin duten aztertuko dute horretarako.

ICEBERG proiektuaren barruan 35 erakunde bildu dira: 14 enpresa handi, hamar ETE, bederatzi ikerketa-zentro eta unibertsitate, eta ingurumenaren arloko bi sozietate publiko. Horiek guztiek eskarmentu handia dute eraikuntza eta ingurumen sektorean (Alemania, Belgika, Espainia, Finlandia, Frantzia, Grezia, Italia, Herbehereak, Erresuma Batua eta Turkia). Horrez gain,  EAEko sei erakundek ere hartuko dute parte proiektuan. 

TECNALIAk koordinatuko du proiektua, ibilbide luzea baitu Europako era horretako programak zuzentzen. Eusko Jaurlaritzaren Ihobe Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak, berriz, proiektuaren komunikazio, zientzia-dibulgazio eta sentsibilizazio arloko jarduerak zuzenduko ditu. Eta horrez gain, material horien berrerabilpena ere sustatuko du administrazioko politikak eta tresnak garatuz.

Gaiker zentro teknologikoa eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak automatikoki bereizi eta sailkatzeko unitate mugikorra garatzeaz arduratuko da. Azkenik, Demoliciones Lezama, Serikat eta Viuda de Sainz enpresek beren ezagutza emanez eta alderantzizko logistikari laguntzeko tresnak garatuz parte hartuko dute proiektuan. Horrez gain, irtenbide guztiak balidatuko dituzte tokiko azterketa-kasu batean (proiektuaren 6 ikerketa-kasuetatik bat Euskadin zuzenduko da).

Hala bada, ICEBERG proiektuak 2,3 milioi euro lortu ditu EAEko enpresetarako, eta beste milioi bat, Espainiako beste erakunde batzuetarako: Lenz Instruments enpresak Gaiker zentroarekin batera garatuko du eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak bereizi eta sailkatzeko unitate mugikorra, eta Zientzia Ikerketen Kontseilu Nagusiak (CSIC), berriz, Keraben enpresarekin batera, mikroehotze prozesu bat egokituko du, eta berreskuratutako materialez egindako zeramika-produktuak balidatuko ditu.

Honako enpresa hauek ere parte hartzen dute proiektuan:

  • Alemania: Epea eta Rampf Eco Solutions
  • Belgika: Colruyt, OVAM, Orbix Productions, Tracimat eta Vlaamse Instelling Voor Technologisch Onderzoek
  • Finlandia: Teknologian Titkimuskeskus VVT, Tiihonen Ismo eta Purkupiha
  • Frantzia: Keey Aerogel eta Soprema
  • Grezia: Megara Resins
  • Italia: Rina Consulting
  • Herbehereak: GBN, Technische Universiteit Delft, Universiteit Leiden, Volkerinfra eta C2CA Technology
  • Erresuma Batua: Enva, Loughbrorough University eta Saint Gobain Construction Products UK
  • Turkia: Bese, Cimsa, Hacettepe Universitesi eta Tepe Betopan.

Proiektuaren helburu nagusia irtenbide berriak, teknologikoak eta teknologikoak ez direnak, garatu eta martxan jartzea da, eraikuntzako eta eraispeneko hondakinetan dauden lehengaiak are gehiago berreskuratzeko, eta, horrez gain, ekonomia zirkularraren kontzeptuak sartzea eraikuntza sektoreko balio-katean: esate baterako, eraikuntzako eta eraispeneko hondakinetatik berreskuratutako materialak bigarren mailako lehengai gisa erabiltzea eraikuntza-sektoreko aplikazio berrietan. 

HELBURUAK 

Alderantzizko logistikari laguntzeko irtenbideak sortu eta ezarriko ditu proiektuak. Eraikuntzako materialak berreskuratu eta berrerabiltzea dakar alderantzizko logistikak. Besteak beste, aurreikusita dago eraispena laguntzen duen tresna bat garatzea. Tresna horri esker, eraitsi beharreko eraikinaren eredu birtual bat azkar eta behar besteko zehaztasunez sortuko da, eta egongo diren hondakinen mota eta kopuruaren gaineko estimazio fidagarria lortuko da horrela. Halaber, tresna horren bidez ezagutu ahal izango dugu eraisteko eta hondakinak kudeatzeko lanek ingurumenean eta ekonomian zer inpaktu dituzten. Gainera, plataforma digital bat eta autentifikazio-sistema bat ere ezarriko dira, haririk gabeko teknologian oinarrituta, materialen eta produktuen identifikazioa eta trazabilitatea hobetzearren.

Sailkatzeko eta birziklatzeko teknologiei dagokienez, ICEBERG proiektuak hondakin mistoen bereizketa automatikoa hobetu nahi du, eta bereizteko unitate mugikor bat diseinatu eta egingo du horretarako. Unitate horrek sentsore hiperespektralak erabiliko ditu, bai eta software machine-learninga, beso robotizatuak eta haize-pitak ere, hondakin mistoen bereizketa eraginkorragoa izan dadin.

Era berean, eraikuntzan erabiltzen diren oinarrizko materialei dagokienez, hobetu egingo dira birziklatu eta arazteko zenbait teknologia, material horien balio-erantsia handitzeko: lineako kalitate-kontrola; hormigoi-hondakinen karbonatazio eta arazketa; zeramika-hondakinen mikroehotzea; egur-hondakinen pirolisi azkarra eta lortutako zuntzen kalitatea ondoren hobetzea; erauspenetik edo iturri alternatiboetatik lortutako igeltsu birziklatuaren kalitatea hobetzea; poliuretano-aparren arazketa eta solbolisia, eta beira-hondakinen edo silize maila handiko hondakinen erreaktore hidrotermal bidez prozesatzea, aerogelak lortzeko.

Ondoren, zirkulazio maila altuko eraikuntzarako produktu berriak diseinatu eta fabrikatuko dira. Elementu iraunkorrak izango dira, erraz bereiztekoak, eta material berreskuratuen kantitate handia dutenak (% 30 eta 100 artean). Honako produktu hauek garatu nahi dira, besteak beste: ekozementuak eta ekohormigoiak, hormigoi ultraarinak, karbonatazio bidezko hormigoi-bloke aurrefabrikatuak, energia gutxiagorekin sortutako zeramika-produktuak (% 40 gutxiago), egur-zuntzezko panel isolatzaileak, isolamendu termiko handiko igeltsu-plakak (igeltsu birziklatua % 35 izango da gutxienez) eta poliuretano birziklatuz egindako panelak. Irtenbide horiek guztiak sei ikerketa-nodotan balidatuko dira Europako zenbait kokalekutan (horietako bat Euskadin).

Bazkide diren erakundeen aurreikuspenen arabera, ICEBERG proiektuaren bidez bultzatutako eraldaketek, epe ertainera, 1.758 milioi euroko irabaziak eta 6.265 lanpostu berri sortuko dituzte 2030. urterako.