Etxebizitzak Donostian energia-kontsumo ia nulua lortzeko plana abiarazi du Gobernuaren alokairu-parke publikoan

2020.eko maiatzak 29

  • Zero Planak jarduketei ekingo die 7.000 etxebizitza inguru hartzen dituzten 136 bloketan
  • Arriola sailburuak proiektuaren irismenaren eta dimentsio berritzailearen balioa nabarmendu du; proiektuaren helburua da dagoen alokairu-parke publikoa kudeatzea, jasangarritasunari eta energia-efizientzia altuari begira, eta hartan bizi diren pertsonen bizi-baldintza eta erosotasuna hobetzea

 

Etxebizitza Sailak asmo handiko plan bat jarri du martxan, bere alokairuko etxebizitzarako egoitza-parke publikoaren energia-efizientzia hobetzeko, eta, epe ertainera, dauden eraikinen energia-kontsumo ia nulua lortzeko. Zero Planak jarduketei ekingo die 136 eraikinetan; eraikin horiek 7.000 etxebizitza inguru dituzte, Euskadi osoan, askotariko tipologiakoak eta antzinatasunekoak. Horiek guztiak Eusko Jaurlaritzaren Alokabide Alokairuko Sozietate Publikoak kudeatzen ditu.

Ekimenak 193 milioi euroko aurrekontu eutsia behar du, 30 urtez, eta helburu nagusi du parke eraiki publikoko energia-kontsumoa murriztea eta, horretarako, dauden higiezinak nZEB (nearly Zero Energy Building/Energia Kontsumo ia Nuluko Eraikinak) estandarreko eraikin bilakatzea, eskari energetikoaren murrizketaren, energia berriztagarrien erabilera areagotzearen eta atmosferara isurtzen den karbono dioxidoa gutxitzearen bidez. Helburu horri beste balio batzuk batzen zaizkio, besteak beste, erabiltzaileen konfort termikoko baldintzen hobekuntza eta etxebizitzen bizigarritasun-baldintzen hobekuntza -bereziki irisgarritasunarena- eta pobrezia energetikoa arintzea.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila buru duen taldeak alokairuko parke publikoaren analisi sakona eta ezaugarri-bilketa egin du, eta eraikin bakoitzaren beharrak zehaztu ditu, bai eta kasu bakoitzean egin beharreko jarduketak ere. Taldeko partaide dira enpresak, klusterrak eta zientzia- eta teknologia-eragileak, besteak beste Acede Clúster del Hogar, Eraikune Euskadiko eraikuntzaren Klusterra, Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU), Sailaren beraren Eraikuntzaren Kalitatea Kontrolatzeko Laborategia eta zenbait enpresa teknologiko, esaterako Wintel, Efiner Servicios Energéticos, Idom eta Tecnalia teknologia-zentroa. Egin beharreko jarduketen artean, honako hauek zehaztu ditu: inguratzailea hobetzea, galdara efizienteagoak, energia berriztagarriak (eguzkikoa-termikoa, fotovoltaikoa) sortzeko sistemak sartzea eta abar, parke publikoak A energia-kalifikazioa izateko eta, gutxienez, % 70eko berriztagarriekin.  

Modu berean, parkea digitalizatzeko erronka aintzat hartuta, aurretik lan batzuk egin behar izan dira, datuak aktiboen kudeaketarako plataforma informatikoekin integratzen direla ziurtatzeko eta, hala, kudeaketa zehatz, modu fidagarrian eta koherentean egiteko bide emateko eta alokairurako BIM (Building Information Modeling) estandar berria eta zehatza zehazteko, eremu honetan ezezaguna eta aitzindaria dena.

Alokairuko etxebizitza publikoen parkearen energia-ebaluazioa ereduzko 11 eraikinen energia-auditoretza batean oinarritu da; eraikin horiek energia-efizientziaren mailen (altua A-B, ertaina C-D eta baxua E-F-G), berokuntza-instalazio moten eta ACS (zentralizatuak edo indibidualak) eta klimatologien arabera sailkatu dira. Haietan, hainbat kontu ebaluatu dira, besteak beste, benetako energia-kontsumoak fakturetan, itxiturak eta instalazioak, energia-efizientziaren ziurtagiriak, osasungarritasuna eta eraikuntza-kalitatea eta hobekuntza-neurrien ahalmenaren kalkulua.

Energia-birgaitzearen beharrei buruz egindako diagnostikoak dakar parkeko etxebizitzen % 67k erdi mailako esku-hartzea behar duela, eta % 15ek esku-hartze altua; % 2k baino ez du behar esku-hartze integrala (irisgarritasuna barne).

Analisi guztiak egin ondoren eta lehen fase hori gainditu ostean, Sailak Amurrio, Ortuella eta Donostia udalerrietan dauden lehen hiru eraikinen obrak exekutatuko ditu (Donostian, birgaitzea hasi da, dagoeneko). Horretarako 4 milioi euroko aurrekontua esleitu da.

 

Iturritxo eraikina Donostian

Pasa den maiatzaren 18an Donostiako Iturritxo izeneko eraikina eratzen duten 12 etxebizitzen birgaitze integralerako obrak hasi ziren.

Eraikin zaharra da; 1929an eraiki zen. INVk (Etxebizitzaren Institutu Nazionala) eskualdatu zuen eta, oraintsu, Alokabidek kudeatzen duen parkean sartu da. Honako hauek eratzen dute: beheko solairua, 4 etxebizitza-solairu eta teilatupea trastelekuekin. Birgaitze-proiektuaren barruan, honako hauek sartzen dira: fatxadak eta estalkiak birgaitzea eta inguratzaile termiko berria jartzea; instalazioak eta haietako zentralizazioa eguneratzea; irisgarritasuna hobetzea eta, horretarako, igogailu berria jartzea; egituraren eta zimenduaren konponketa puntuala, eta inguruko ura bideratzea, zanga perimetralen eta putzuaren bidez.

Proiektu honetan, zenbait elementu berritzaile daude, besteak beste: kanpotik isolamendu termikoko sistema jartzea kortxozko aglomeratudun eta kortxozko akaberadun xafla isolatzaileekin, zeinak errendimendu termiko altua eta ingurumen-eginkizun efizientea konbinatzen baititu; kargaren eta martxaren noranzkoaren arabera energia sortzen duen igogailu birsortzailea sartzea eta, hala, kontsumo elektrikoa murriztea eta faktura elektrikoan aurrezpen handia lortzea (igogailuaren funtzionamendua/sistema, gainera, xafla fotovoltaikoetan oinarritzen da; beraz, % 100 garbia den energiarekin ibili daiteke), eta aerotermia zentralizatua jartzea, zeinak autogestio energetikoko sistema izango baitu, haren helburua kontsumoen eta haien ordainketen kontrola egitea izango dela. Sistemari esker, erabiltzaileek kontsumitutako energia kontrolatu ahalko dute eta, hala, berehala ezagutu ahalko dute energiaren eta horniduren berehalako, eguneroko eta hileko kontsumoa eta metatua, eta haren arrazoizko erabilera eta ordainketen zatikatzea egin ahalko dute.

Iñaki Arriola Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuak proiektuaren garrantzia nabarmendu du: "aitzindaria da haren zabaltasuna, izaera integrala eta berrikuntza teknologikoa eta soziala aintzat hartuta”, eta haren hiru helburu nagusiak nabarmendu ditu: digitalizazioa, auzokideen ongizatea eta energia-efizientzia.  “Horrek –esan duenez– aldaketa sakona dakar alokairuko zerbitzu publikoaren kudeaketan, eta iraultza digitala erabiltzaileen zerbitzura jartzen du. Gainera, haiek energiaren erabilerarako ahalduntzea ere badakar eta, hala, haietako bat ere energia-ahultasuneko egoeretan sartzen ez dela ziurtatzea; hori egiten hasi da Alokabide Zero Planaren barruan beste eraikin batzuetan, autogestio energetikoko AUGE gailuaren bidez edo E-Lagun elektrizitate- eta gas-zerbitzuak kontratatzeko aholkularitzako programaren bidez".

Arriolak esan du alokairuko parke publiko osoa zero energia-kontsumoko eta zero emisioko irizpideetan oinarrituta birgaitzea erronka izugarria dela, “eta prest gaude erronka horri ekiteko; izan ere, Plan honetan, nolabait, gure Sailaren bi misioak batzen dira: beharrizana dutenei etxebizitza duina eta egokia izateko aukera ematea, eta ingurumena kontserbatzea”.