Etxebizitza Sailak etxebizitzen metro karratu eraikiko prezioa gehitu du Alokairu Merkatuaren Estatistikan (AME), prezioa 8,7 eurokoa da batez beste

IMG_3427.JPG

2020.eko martxoak 13

  • Euskal Autonomia Erkidegoan, alokairu libreko etxebizitzen hileko batez besteko errenta 667,6 eurokoa izan zen 2019ko ekainaren 30ean. Donostia da, berriro ere, hiririk garestiena, 880 eurorekin, eta atzetik datoz Getxo (847 euro), Zarautz (770 euro), Leioa (755 euro) eta Bilbo (742 euro). Gasteizen batez besteko errenta 612 eurokoa da.
  • Donostia dago, era berean, metro karratu eraikiko errentaren araberako sailkapenaren buruan, 11,5 eurorekin, eta atzetik ditu Getxo (10,3), Bilbo (10,1), Zarautz (9,6) eta Leioa (9,5), guztiak batez bestekoaren gaineko balioekin. Gasteizen, metro karratuko batez besteko prezioa 7,7 eurokoa da.
  • Alokairu Merkatuaren Estatistika indarrean dauden kontratuetako fidantzen datuetan oinarritzen da. Horrek aukera ematen die higiezinen merkatuan diharduten agente pribatuei eta publikoei —eta, oro har, herritarrei— modu fidagarrian eta eguneratuan ezagutzeko alokairuko merkatuaren bilakaera.

 

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak Alokairu Merkatuaren Estatistikaren (EMA) bigarren entrega argitaratu du. Tresna horrek Euskal Autonomia Erkidegoko alokairuen batez besteko prezioari buruzko benetako informazioa ematen du, udalerriz udalerri eta, hiru hiriburuen kasuan, auzoz auzo. 2019ko ekainaren 30ean eguneratutako datuekin osatutako bigarren entrega honetan, aurreko urteko urrian argitaratutako adierazleen analisia finkatu da (2018. urteari dagozkionak), eta beste adierazle batzuk hartu dira barnean; horien artean, nabarmentzekoa da eraikitako metro karratuko batez besteko errentaren analisia. Euskal Autonomia Erkidegoan errenta hori 8,7 eurokoa da, batez beste.

Donostia dago metro karratu eraikiko errentaren araberako sailkapenaren buru, 11,5 eurorekin, eta atzetik ditu Getxo (10,3), Bilbo (10,1), Zarautz (9,6) eta Leioa (9,5), guztiak batez bestekoaren gaineko balioekin. Gasteizen, metro karratuko batez besteko prezioa 7,7 eurokoa da.  

20.000 biztanletik gorako udalerrietan, metro karratuko hileko batez besteko errenta, 2019ko ekainaren 30ean indarrean dauden fidantzen arabera

 

Udalerria

Batez b. errenta

Donostia

11,5

Getxo

10,3

Bilbo

10,1

Zarautz

9,6

Leioa

9,5

Barakaldo

9,0

Erandio

9,0

Portugalete

8,9

Errenteria

8,8

Santurtzi

8,6

Basauri

8,3

Sestao

8,3

Irun

8,2

Durango

7,7

Gasteiz

7,7

Galdakao

7,3

Eibar

7,1

Arrasate

6,9

EAEko batez bestekoa

8,7

 

2015eko Etxebizitza Legearen ondorioz sortutako erregistroetan nahitaez gordailutu beharreko fidantzetan oinarritzen da Alokairu Merkatuaren Estatistika. Hortaz, errentariek benetan ordaindutako prezioak jasotzen ditu, ez jabeek iragarrita dituzten etxebizitzengatik eskatzen dituzten prezioak. 2019ko ekainaren 30ean hiru lurralde-erregistroetan indarrean zeuden kontratuei dagozkie datuak; guztira, 52.024 kontratu dira, eta Euskal Autonomia Erkidegoan zenbatetsitako alokairuko etxebizitza-parkearen ehuneko oso handia eta fidagarria dira. Alokairuko etxebizitza-parkea 90.000 etxebizitza ingurukoa dela kalkulatzen da, baina parke horretan sartzen dira urtebetetik beherako iraupeneko kontratuak dituzten etxebizitzak, familia bakarrekoak, babes publikoko etxebizitzak edo Bizigune eta ASAP bezalako programekin lotutako etxebizitzak, eta horiek ez dira Alokairu Merkatuaren Estatistikan kontuan hartzen, haien ezaugarriengatik.

2019ko ekainaren 30ean estatistika horrek emandako datuen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan alokairuaren hileko batez besteko errenta 667 eurokoa da. Alabaina, udalerrien dimentsioaren araberako batez besteko errentaren diferentziala oso handia da. Izan ere, alokairu-kontratuen batez besteko prezioa nabarmen igotzen da udalerriak zenbat eta biztanle gehiago izan, kontratu bakoitzeko 745 eurora iristen baita batez beste 100.000 biztanletik gorako udalerrietan, hau da, EAEko hiriburuetan. Donostiako batez besteko prezio handiak (880 euro) eragin handia du horretan. Donostia dago Euskal Autonomia Erkidegoko alokairu-garestienen sailkapenaren buruan; gero, Getxo (847 euro), Zarautz (770 euro), Leioa (755 euro) eta Bilbo (742 euro) datoz. Gainerako udalerriak batez besteko prezioaren azpitik daude. Gasteizen batez besteko errenta 612 eurokoa da.

Batez besteko errenta 600 eurotik gorakoa da 40.000 eta 100.000 biztanle bitarteko udalerrietako etxebizitza bakoitzeko (670 euro), eta 20.000 eta 40.000 biztanle bitarteko udalerrietako etxebizitza bakoitzeko (629 euro). 2.500 eta 20.000 biztanle bitarteko udalerrietan, indarrean dauden kontratuen batez besteko prezioa 535 euro eta 594 euro artekoa da (535 eurokoa 2.500 eta 5.000 biztanle bitarteko udalerrietan eta 594 eurokoa 10.000 eta 20.000 biztanle bitarteko udalerrietan). 2.500 biztanle baino gutxiagoko udalerrietan kontratuen batez besteko prezioa 504 eurora arte jaisten da.

 

20.000 biztanletik gorako udalerrietan, hileko batez besteko errenta, 2019ko ekainaren 30ean indarrean dauden fidantzen arabera

 

Udalerria

Batez b. errenta

EAEko batez b. errentaren gaineko %

Donostia

880,0

% 31,8

Getxo

847,6

% 27,0

Zarautz

770,4

% 15,4

Leioa

755,1

% 13,1

Bilbo

742,1

% 11,2

Erandio

658,0

-% 1,4

Irun

648,7

-% 2,8

Barakaldo

637,2

-% 4,5

Errenteria

629,3

-% 5,7

Galdakao

623,8

-% 6,6

Portugalete

616,1

-% 7,7

Gasteiz

612,2

-% 8,3

Santurtzi

610,2

-% 8,6

Durango

600,7

-% 10,0

Basauri

600,6

-% 10,0

Sestao

579,2

-% 13,2

Eibar

528,5

-% 20,8

Arrasate

516,6

-% 22,6

EAEko batez bestekoa

667,6

 

 

 

Hiriburuetako datuak

2019ko ekainaren 30eko kontratuen batez besteko errenta aztertuta, alde handiak daude etxebizitza hiriburuetako auzo batean egon edo bestean egon.

Gasteizen alde handiak daude Zabalgune (687 euro) eta Lakua (636 euro) auzoen eta Alde Zaharraren artean; azken horretan batez besteko errenta 532 eurokoa da. Dena dela, metro karratuko analisian aldeak txikiagoak dira, etxebizitzen askotariko azaleren ondorioz.

Bilbon Abando auzoa nabarmentzen da, auzo horrek nabarmen gainditzen baitu gainerako auzoen batez besteko errenta; 953 eurora iristen da, eta batez besteko errentarik txikiena baino % 50 handiagoa da —Otxarkoagari dagokio errentarik txikiena, 626 eurorekin—. Abandoko metro karratuko prezioa 12 eurotik gorakoa da, eta gainerako auzoetan homogeneo samarra da, beti 9 euro ingurukoa.

Donostian, batez besteko errenta handiaz harantzago, oso alde handiak antzeman daitezke etxebizitzen kokalekuaren arabera.

Hiriguneko auzoetan (hiriko hondartzen inguruan) dauden etxebizitzen batez besteko errenta nabarmen handia da: 994 eurokoa Antiguan, 978 eurokoa Erdialdean eta Alde Zaharrean, eta 900 euro ingurukoa Grosen eta Amaran (azpimarratu behar da Donostian oso ohikoak diren sasoiko etxebizitzak ez direla kalkulu horren barruan sartzen; horiek aintzat hartuko balira, batez besteko horiek are handiagoak izango lirateke). Auzo horietan, metro karratu eraikiko prezioa 11 eurotik gorakoa da: 13,3 eurora iristen da Alde Zaharrean eta Erdialdean, 12,1 eurora Antiguan eta 11,9 eta 11,1 eurora Grosen eta Amaran, hurrenez hurren.

Aitzitik, hiriko gainerako auzoetan (batera aztertu dira, besteak beste, Altza, Intxaurrondo, Bidebieta, Egia eta abar) alokairu libreko etxebizitzen batez besteko errenta nabarmen txikiagoa da (709 euro). Nolanahi ere, auzo horietan metro karratuko batez besteko prezioa 9,4 eurokoa da, Euskal Autonomia Erkidegoko batez bestekoaren gainetik.

 

 

Vitoria-Gasteiz

 

 

 

Batez b. prezioa

Batez b. prezioa / metro² eraiki

1. Alde Zaharra

532,1

8,5

2. Zabalgune

687,2

8,8

3. Lovaina

626,1

7,5

4. Zaramaga

597,6

7,4

5. Lakua

636,8

7,0

6. Ali-Gobeo

562,5

8,0

 

 

Donostia

 

 

Batez b. prezioa

Batez b. prezioa / metro² eraiki

1 eta 2 zonak. Alde Zaharra eta Erdialdea

978,3

13,3

3. Amara

877,9

11,1

4. Antigua

994,9

12,1

5. Gros

869,0

11,9

6. Beste auzo batzuk

709,7

9,4

 

 

 

Bilbo

 

 

Batez b. prezioa

Batez b. prezioa / metro² eraiki

1. Deustu - S. Ignazio

753,0

9,8

2. Uribarri

667,3

9,5

3. Otxarkoaga

626,4

9,2

4. Bolueta

677,1

9,7

5. Alde Zaharra

691,8

9,5

6. Abando

953,6

12,1

7. Rekalde

691,5

9,7

8. Basurto

709,1

9,9

 

 

Urteko bilakaera

Euskal Autonomia Erkidegoan sinatutako alokairu libreko kontratuen batez besteko errentaren hiruhileko hazkunde-tasak % 0,7koa eta % 1,8koa izan dira lehen eta bigarren hiruhilekoetan, hurrenez hurren; eta 687 euroko batez bestekora iritsi da. Urteko hazkunde-tasari dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoko alokairuaren prezioaren igoera moteldu egin da 2019ko lehen zati horretan.

Euskal Autonomia Erkidegoan, 2019ko bigarren hiruhilekoan, sinatutako kontratuen batez besteko errentaren urte arteko hazkunde-tasa % 3,4koa izan da, betiere 2018ko hiruhileko berdinarekin alderatuta; hartara, hazkunde-erritmoa moteldu egin da, 2018ko ekitaldiaren osotasunean izandako hazkundea baino bost hamarren txikiagoa baita (+% 3,9).

Lurralde Historikoei dagokienez, eta urte arteko hazkunde-tasa aztertuta, ikus daiteke batez besteko errentaren hazkunde-tasa zertxobait moteldu dela hiru lurraldeetan.

Araban, 2019ko bigarren hiruhilekoan sinatutako kontratuen batez besteko errentaren tasa % 4,8 hazi da, 2018ko hiruhileko berarekin alderatuta —2018ko osotasunean % 5,2koa izan zen; oraingoan lau hamarren txikiagoa—. Bizkaian % 3,4ra iristen da (% 3,1 izan zen 2018an) eta Gipuzkoan % 2,8ra (% 4,3 izan zen 2018an).

Alokairu librearen prezioaren irudi zehatza emateaz gain, Alokairu Merkatuaren Estatistika oinarrizkoa da errentarientzako eta errentatzaileentzako zerga-pizgarrien balizko sistemak diseinatzeko —alokairuaren prezioaren araberako pizgarriak izango dira—, eta laguntzen eta prestazioen sistemak lurralde-esparru bakoitzeko alokairu-merkatuaren errealitatera egokitzeko. Estatistika osoa —udalerrien arabera banakatuta eta, hiriburuen kasuan, auzoz auzo— eskuragarri dago Etxebizitzaren Euskal Behatokiaren web-gunean.