Etxebizitza Sailak 84 udalerriren artean 2019rako irisgarritasunerako laguntzetara bideratutako 6 milioi euroak banatu ditu

2020.eko martxoak 05

  • Esleipenean hiri-igogailuak jartzea eta urbanizazioak egitea lehenetsi da, kostu eta gizarte-inpaktu handia dutelako

 

Euskadiko 84 udalerriren artean banatu da, Etxebizitza, Lurralde Plangintza eta Ingurumen Sailak 2019an irisgarritasuna hobetzeko eta arkitektura-oztopoak kentzeko planak eta jarduketak diruz laguntzera bideratutako 6.000.000 euroko aurrekontua. Aurkeztutako proiektuetarako laguntzak esleitzean, hiri-jarduketak eta hiri-igogailuak jartzea zekartzaten jarduketak lehenetsi dira, kostu handia eta gizarte-inpaktu handia dutelako, eta horrela, oinezkoentzako hiri-konexioak hobetu egiten direlako. Urbanizazioetara edo berrurbanizazioetara laguntzen % 44,89 bideratu dute eta hiri-igogailuek laguntzen guztizkoaren % 33,76 jaso dute.

Zehazki, eraikin publikoetan 7 igogailuren ezarpena lagundu da diruz; horietako 2 Araban, 1 Bizkaian eta 4 Gipuzkoan ipini dira; halaber, 6 hiri-igogailu ipini dira, horietako 5 Gipuzkoan eta 1 Bizkaian.

Aurretik euren irisgarritasun-planetan jasotako proiektuak aurkeztu ondoren diru-laguntzak jasoko dituzten udalerrietatik 25 Gipuzkoakoak dira, 19 Bizkaikoak eta 13 Arabakoak.  Guztira, 110 obra lagunduko dira diruz. Horretaz gain, beste udalerri batzuetako 27 irisgarritasun-plan prestatu edo eguneratuko dira.

Arabako 21 udalerriek, guztira, 399.189,48 euro jasoko dituzte; horien artean nabarmentzekoak dira Artziniegako udala — 100.000 euro baino gehiagoko dirulaguntza jasoko du— eta Laudioko udala —33.457,74 euroko dirulangutza jasoko du—. Bestalde, Bizkaiko 32 udalek 2.035.928,23 euro jasoko dituzte. Galdakao, Ortuella, Portugalete eta Urdulizek 230.000 euro baino gehiagoko dirulaguntzak jasoko dituzte; hauen atzetik Berriatua eta Zamudio azaltzen dira 98.000 euro baino gehiagoko laguntzekin. Dirulaguntzak jasoko dituzten Gipuzkoako 31 udalerrien artean 3.515.323,13 euro banatuko dituzte laguntza gisa. Horien artean azpimarratu behar dira Arrasate, Eibar, Elgoibar, Irun eta Zumarraga, bakoitzak 300.000 euro (maximoa) jasoko baitu. Aipatu behar da ere Azpeitiak 240.020,90 euro, Zarautzek 233.558,43 euro eta Lezok 180. 775,88 euro jasoko dituztela, besteak beste.

Laguntza-lerro horrek oso harrera ona du toki-erakundeen artean, eta hala erakusten du dagoen eskari handiak. Hori dela eta, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak aurrekontu-zuzkidura bikoiztea erabaki zuen; horrela, 2017ko deialdian 3 milioi pasatxo euro izan ziren, 2018ko deialdian 6,4 milioi euro eta 2019ko deialdian 6 milioi euro.

Udalentzako ez ezik, laguntzak irabazi-asmorik gabeko erakundeen jarduketak ordaintzeko ere badira. Edizio honetan, onura publikoko helburu sozialak dituzten bi erakunde pribatuk jasoko dituzte dirulaguntzak, guztira 93. 019,16 euro.

 

54 milioi euro laguntzetan, 1997. urteaz geroztik

Euskadin arkitektura-oztopoak kentzeko eta hiri-espazioak birkonfiguratzeko eginiko ahalegina oso sendoa izan da, 1997an Irisgarritasuna Sustatzeko 1997ko Euskal Legea onetsi zenetik. Horrela, 250 irisgarritasun-plan baino gehiago bultzatu dira. Plan horiek urte hauetan Eusko Jaurlaritzaren etengabeko babesa jaso dute.

Bi hamarkada pasatxo hauetan 54 milioi euro banatu dira laguntzetan, udalerriek eginiko 1.400 obra baino gehiago finantzatzeko.