Etxebizitza Sailak 400.000 euroko dirulaguntza eman du Zerainen alokairu sozialeko 8 etxebizitza eraikitzeko

IMG-20191226-WA0008.jpg

2020.eko irailak 11

  • Gipuzkoako udalerri horretako Udala etxebizitzen jabea izango da, eta etxebizitza horiek alokairu babestura bideratu beharko ditu datozen 50 urteetan
  • Dirulaguntza horien helburua, alokairua sustatzeaz gain, biztanleen exodoa (eta bereziki gazteena) ahal den neurrian saihestea da.

 

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak 400.000 euroko dirulaguntza eman du Zerainen (Gipuzkoa) alokairu babestura bideratuko diren 8 etxebizitza eraikitzeko. Etxebizitzak amaituta daude dagoeneko, eta, une honetatik aurrera, Zeraingo Udalak (etxebizitzen jabeak) alokairu sozialera bideratu beharko ditu datozen 50 urteetan. 

Etxebizitza Sailburuordetzak abian jarritako jarduketa-ildo honen helburua da alokairu babestua sustatzea, biztanleria-dentsitate txikiko udalerrietan jarduketak bultzatzea eta, ahal den neurrian, biztanleen exodoa (eta bereziki gazteena) saihestea, Etxebizitza Plan Zuzentzaileak xedatutakoari jarraikiz.

Etxebizitzen eraikuntza-proiektuan, sustapena gauzatzeko ingurunea hartu da kontuan. Landa-ingurunea da, dentsitate txikiko eraikinak, familia bakarreko etxebizitzak eta oso paisaia-ezaugarri zehatzak dituena. 8 etxebizitza horiek familia bakarreko etxebizitza atxikiak dira, eta zuraren erabilera funtsezkoa izan da eraikuntzan, bioeraikuntza-irizpideei jarraikiz.