ETSk Cycasa/Bycam enpresari esleitu dizkio Bilboko tranbiaren Atxuri-Bolueta luzapenaren lanak, eta irailaren hasieran hasiko dira

atxuri_bolueta.jpg

2020.eko uztailak 24

  • Lanen aurrekontua 1,4 milioi eurokoa da, eta egikaritze epea 8,5 hilabetekoa  
  • Proiektuaren barruan, trazatua tranbiarako prestatuko da eta Atxuriko eta Boluetako geltokiak ere egokituko dira
  • Esleipen horrekin, Kukullagako kotxetegietako lanen bitartez maiatzean hasi zen tranbia konexio berriaren operazioa osatuko da

Euskal Trenbide Sareko kontratazio mahaiak, Cycasa eta Bycam enpresek osatutako ABEEri esleitu dio Bilboko tranbiaren Atxuri-Bolueta luzapenaren obra zibila. Lanen kostua 1,4 milioi eurokoa izango da, eta egikaritze epea 8,5 hilabetekoa. Trazatuaren luzapena 2,3 kilometrokoa izango da, eta Atxuriko eta Boluetako geltokien egokitzapena ere barne hartuko du.

ETSk duen denbora-aurreikuspenaren arabera, irailaren hasieran hasi ahal izango dira lanak. Zuinketa akta sinatzeko hilabete inguruko epea kalkulatzen da. Abusuko Ikastolaren inguruan eraikiko den geralekua laster esleituko da aparteko kontratu batean, egikaritze epe txikiagoa baitu.

Jarduketa hori Eusko Jaurlaritzak eta Bilboko Udalak Atxuri-Bolueta tartea tranbiarako egokitzeko proiektua finantzatzeko eta eraikitzeko sinatutako lankidetza-hitzarmenaren emaitza da. Tarte hori ez da erabiltzen duela urtebete baino gutxiago (joan den irailean) Bizkaiko hiriburua Gernikarekin eta Bermeorekin lotzen duten Euskotrenen unitateak Bilbora 3. linearen bitartez sartzen hasi zirenetik. Azpiegitura martxan jartzen denean, Bilboko tranbiak 8 kilometroko sarea (orain 5,8 kilometrokoa da), eta 17 geraleku izango ditu, Bolueta eta La Casilla artean.

Tartea 2,3 kilometro da luze, Atxuriko geltokiko trenbide zabalgunean hasi eta Boluetan amaitzen da, eta, lanak, funtsean, trenbideko trazatua tranbiara egokitzea edo eraldatzea dira.

Atxuriko tranbiaren geralekuak gaur egun dagoen lekuan jarraituko du. 2014an mendeurrena bete zuen Manuel María Smithek egindako eraikin historikoak Eusko Trenbideak – Ferrocarriles Vascos sozietatearen bulego nagusiak eta tranbiaren beraren eta trenbidearen aginte postuak hartzen jarraituko du. Halaber, tranbiaren kotxetegiek eta tailerrek gaur egungo lekuan jarraituko dute.

Atxurin, egokitzapena egin ondoren, tranbia tren instalazio zaharreko trenbideetara sartuko da, konexioa ahalbidetuko duen desbideratze baten bidez. Beste alde batetik, tailerretara eta kotxetegietara sartzeko dauden desbideratzeek bertan jarraituko dute, tranbia zerbitzuarekin bateragarriak direlako eta trenbidea mantentzeko unitateen maniobrak ahalbidetzen dituztelako.

Bilboko Metroaren ondoan dagoen Boluetako geltokia egokitzeko lanak egin beharko dira, bai trenbidean, baita nasetan ere. Diseinatutako proiektuaren barruan sartzen dira, besteak beste, nasen altuera tranbiako material mugikorrera egokitzea eta nasetako ertzak tranbiekiko duten posizioa moldatzea.

Horrez gain, geralekua irisgarritasunari buruzko araudira egokitu beharko da, eta bidearen gainegitura material mugikor berrira eta bidearen mantentze lanetarako ibilgailuetara ere egokitu beharko da. Gainera, oinezkoentzako sarbide berriak eraikitzea aurreikusten da, Telleria kaletik nasetara.

Kukullagako kotxetegietako lanak

Esleipenarekin, Kukullagako kotxetegietako lanen bitartez maiatzean hasi zen tranbia konexio berriaren operazioa errealitate bilakatuko da. Leku horretan “egingo dute lo” une honetan Atxurin egiten duten trenek. Horrela, ehun urte baino gehiagoko geltokiko trenbide zabalgunea libre geratuko da, tranbiaren trenbideak eta nasak egokitzeko.

Etorkizunean tranbiak izango dira, hain zuzen ere, Atxurin egongo direnak. Proiektu honetan hainbat jarduketa batera gauzatzearen helburua epeak murriztea da, hain zuzen ere, tranbiako trazatu berria 2021ean zerbitzua ematen hasi ahal dadin.

Bigarren fasea aztertzen

Euskal Trenbide Sareak, Los Caños pasealekuan, uhartearen parean, beste geraleku bat ezartzeko dagoen aukera ikusteko azterlana aginduko du, eta baita Boluetako geltokiaren ingurua urbanizatzeko eta egokitzeko ere. Lan horiek, gauzatuz gero, bigarren fase batean lizitatu eta esleituko lirateke.