ETSk bihar jarriko du martxan Amorebietako geraleku berria

Argitalpen-data: 

Euskal Trenbide Sareak bihar jarriko du martxan Amorebietako geraleku berria, urtebete baino gehiagoko lanen eta milioi bat euroko inbertsioaren ondoren. Egun horretan bertan, ohiko nasaren parean dagoen behin-behineko nasak funtzionatzeari utziko dio.

Lan horien barruan nasa zaharra eraitsi da, markesina barne, eta baita geltokiko buruaren txabola ere. Nasa berria 101 metro luze da guztira, eta horietatik 60 metro altzairu herdoilgaitzez eta beira ijeztu epelez egindako markesina batez estalita geratzen dira.

Nasaren lehenengo 12 metroak geltoki gisa eraiki dira, altzairu herdoilgaitzezko eta beirazko arkupedun egiturarekin. Egitura horren barruan geltokiko buruarentzako eta bidaiariei informazioa emateko gela bat egin da, eta bertan daude, baita ere, billeteak saltzeko makinak eta makina baliogabetzaileak.

San Pedro kaletik geralekurako sarbidea hobetu egin da espaloia handitu ondoren; horretarako, Garitondo ibaiaren gainean zegoen zubia ere handitu behar izan da.

Egindako beste hobekuntzetako bat nasa berriaren mendebaldeko muturraren eta Gudari kalearen artean hesi akustiko bat eraikitzea izan da, trenbideetatik gertu dauden etxebizitzek jasaten duten zarata-inpaktua murrizteko.

Geraleku zaharrak oso itxura hondatua zuen, eta eraberritze integrala behar zuen. Obrekin hobetu egin da geralekuak kale nagusitik duen ikuspegia, eta erabiltzaileen esperientzia optimizatzea bilatzen duen azpiegitura modernoa eta funtzionala eman zaio udalerriari.

Erabilera barik geratuko den nasaren aurrez-aurre dagoen nasa berria martxan jartzearekin batera, Euskotreneko langileek aldagela eta komun gisa erabiliko duten txabola bat egingo da. Lanak datorren hilaren amaieran bukatuko dira.