Eskuak Garbitzearen Mundu Eguna dela eta prebentzio-neurriak zorroztearen garrantzia gogoratu du Osasun Sailak

2020.eko urriak 15

Eusko Jaurlaritzak aurten ere bat egiten du, higiene-praktika egokiak planeta osora zabaltzeko helburua duen Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) urriaren 15erako ezarritako Eskuak Garbitzearen Mundu Egunarekin.

Eskuak garbitzea inoiz baino garrantzitsuagoa da gaur egun. OMEk dioenez, eskuen higienea, berez, COVID-19aren infekzioa prebenitzeko eta kontrolatzeko neurri nagusia da. Gainera, neguko birusak ate-joka daudenean, eskuak garbitzeko ohiturak berak hainbat gaixotasun kutsatzetik babesten gaitu, adibidez, hotzeriak, gripeak, beherako gaixotasunak, arnas gaixotasunak eta abar.

Horregatik, egun hau ospatzen dugula aprobetxatuz, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak norbanakoa babesteko neurriak zorrozteak duen garrantzia —bereziki COVID-19ari aurre egiteko— azpimarratu nahi dute, pandemiak irauten duen bitartean honako hau egitea komeni dela gogoratuz:

  • Leku publiko batean egon eta azalerak edo objektuak —adibidez, txanponak, barandak, eskutokiak, heldulekuak, etab.— ukitu ondoren eskuak garbitu behar dira.
  • Bakandua dagoen pertsona batekin harremanetan egon bagara, pertsona horrekin egoten garen edo hark erabili dituen tresnak ukitzen ditugun bakoitzean eskuak garbitu behar ditugu.
  • Eskularruek, eskuek bezala, birusa kutsa dezaketela azpimarratu behar da.
  • Garraio publikoan sartu eta bertatik irten ondoren eskuak garbitu behar dira.
  • Lantokietan materiala ez partekatzea gomendatzen da. Partekatuz gero, hura erabili aurretik eta ondoren desinfektatu egin behar da.

 

Testuinguru honetan, gogoratu behar da eskuak ura eta xaboiarekin edo soluzio hidroalkoholikoekin garbitu daitezkeela. Hala ere, ahal den guztietan, xaboiaren erabilera lehenetsi behar da. Ura, berez, ez da nahikoa eskuak behar bezala garbitzeko eta germenak ezabatzeko.

Gainera, garbitzeko moduari dagokionez, esku bat bestearen aurka igurtzi behar da 40-60 segundoz; eta arreta berezia jarriko da hatz-mamitan eta azazkalen azpian geratzen den zatian.

Osasun Sailak eta Osakidetzak gogoratu nahi dute neurri horiek herritarren segurtasuna eta ongizatea hobetzeko direla. Eskuak garbitzeko ohitura hori hartzea herritar guztien onurarako izango da, epe luzera zein motzera, gaixotasun ugari —adibidez, koronabirusa— kutsatzea eta zabaltzea ekiditen duelako.

 

Gomendioen liburuxka

 

 

Vitoria-Gasteiz, 2020ko urriaren 15a