Ertzaintza berriro ere parte hartzen ari da SICUR Segurtasunaren Nazioarteko Azokan. Azoka aste honetan ari dira egiten Madrilen

2020-02-27

UNIJEPOL erakundeak Ertzaintzaren berdintasun-politika saritu du

Ertzaintza hirugarren aldiz parte hartzen ari da otsailaren 25etik 28ra bitartean egiten ari den Segurtasunaren Nazioarteko Azokan —SICUR—. Azoka hori segurtasun publikoaren eta pribatuaren arloko profesionalentzako garrantzi handiko foroa da. Ertzaintzak bere standa du eta bertan Ertzaintzaren antolaketa- eta funtzionamendu-sistemaren berri ematen du, baita baliabide materialen berri ere (Zaintza eta Erreskate Unitateko lur orotako ibilgailua eta dagokion tresneria, armen hautaketa bat eta askotariko materiala). Segurtasun Departamentuaren ordezkaritzan, azokara bertaratu dira Gervasio Gabirondo Ertzaintzako zuzendaria eta Rodrigo Gartzia Segurtasuna Koordinatzeko zuzendaria.

Espainiako Udaltzaingoetako Buruen eta Zuzendarien Batasun Nazionalak —UNIJEPOL— Ertzaintza saritu du, Ertzaintzaren berdintasun-politikagatik, eta Rosa Romero ertzaina saritu du, gizarte-aniztasunaren kudeaketarekin lotzen diren polizia-programen alde azaldutako konpromisoagatik.

 

IFEMAk Madrilgo Erakustazokan antolatzen duen SICUR 2020 azoka da segurtasunaren sektoreak Espainian duen nazioarteko erreferente nagusia. Bi urtean behin Madrilen biltzen ditu segurtasun globalaren arloko enpresak, elkarteak, profesionalak eta erabiltzaileak, arlo publikokoak zein pribatukoak.

 

Berrikuntza eta garapen teknologikoa dira topaketa profesional horren protagonista nagusiak, eta bost arlotatik jorratzen du segurtasun integrala: Security; defentsa; zibersegurtasuna; suteen aurkako segurtasuna eta larrialdiak; eta lan-segurtasuna. Hori guztia gizarte-ongizatea eta -garapena bultzatzen jarraitzeko helburuarekin.

 

Ekitaldi honetan parte hartzearekin, Segurtasun Sailak eta Ertzaintzak aukera baliatzen dute publiko orokorrari eta segurtasunaren arloko profesionalei Ertzaintzaren antolaketa- eta funtzionamendu-sistemaren berri emateko. Ertzaintzaren Erakunde Harremanetarako eta Komunikaziorako Zerbitzuak koordinatutako Ertzaintzaren standean, polizia-tresneria hautatuak erakusten dira, baita Zaintza eta Erreskate Unitatearen lur orotako ibilgailua eta erreskaterako material espezifikoa ere. Horrez gain, unitate horretako agenteek, haien ohiko baliabideez lagunduta, haien egitekoak eta eguneko jardunean duten prestasuna azaltzen dituzte. Azalpen horiek errealitate birtualeko sistema batean oinarritzen dira, eta, sistema horren bidez, modu birtualean ikus daiteke erreskate bat. Standaren beste ataletako batean, Esku-hartzeko Ekintza Taldearen armak erakusten dira.

Atzo, asteazkena, Ertzaintzaren Ertzainor Unitateak erakustaldia egin zuen azokaren jarduera-programaren barruan. Bestalde, Ertzaintzaren Idazkaritza Nagusiko Kalitate Ataleko buru Iñaki Elexalde komisariondokoak parte hartuko du datorren ostiralean egingo den mahainguruan, “Polizia desmaskulinizatzeko ekintza positiboak: esperientziak”.

 

Saria Ertzaintzari eta ertzain bati

Espainiako Udaltzaingoetako Buruen eta Zuzendarien Batasun Nazionalak —UNIJEPOL— Ertzaintza saritu du berriki, Ertzaintzaren berdintasun-politikagatik, eta Rosa Romero ertzaina ere saritu du, gizarte-aniztasunaren kudeaketarekin lotzen diren polizia-programen alde azaldutako konpromisoagatik. Sariak banatzeko ekitaldia bihar, ostirala, otsailaren 27an egingo da SICUR azokaren barruan.

 

Zehazki, UNIJEPOL erakundeak polizia-zerbitzuetan berdintasun-politikak egikaritzearen ondoriozko aitorpen-plaka emango dio Ertzaintzari. Emakida horretarako merituen deskribapenean honako hau adierazten da: “zenbait berdintasun-politika abian jartzea, haren plan estrategikoak garatzeko; bereziki, emakumeen sarrera errazteko, polizia-hizkuntza inklusiboaren eta ez-sexistaren erabilera bultzatzeko eta familia-kontziliazioaren aldeko neurriak txertatzeko”.

 

Era berean, Espainiako udaltzaingoetako zuzendarien elkarte horrek Rosa Romero Bilboko Ertzain-etxeko agentea saritu du, emakume polizientzako meriturako dominarekin. Saria eman zaio “inteligentzia-analista gisa duen kualifikazio-maila handia aintzatesteko eta herritarrenganako hurbilketarako zenbait polizia-programekiko azaldu duen konpromiso irmoa aitortzeko, batez ere, gizarte-aniztasunaren kudeaketaren arloan”.