Errenterian atxilotu dute indarkeria erabiliz lapurreta egiteagatik
2020.eko azaroak 19
Ertzainek 18 urteko gizon bat atxilotu zuten atzo gauean Errenterian, indarkeria erabiliz lapurreta egitea leporatuta. Susmagarriak, ustez, emakume bat lurrera bota zuen zangotraba eginda Fernández de Landa plazan, eta, ondoren, buruan kolpe bat eman eta erdi zorabiatuta utzi zuen. Une horretan poltsa lapurtu eta ihes egin zuen. Agenteek gizona aurkitu zutenean, honek Santa Klara kaleko eraikinetako teilatuetatik ihes egin zuen, baina, azkenean, atxilotu egin zuten.
Atzo gaueko hamaikak laurden gutxi aldera, Ertzaintzari jakitera eman zioten emakume bat zegoela lurrean etzanda edukiontzi batzuen ondoan, Errenteriako Fernández de Landa plazan. Berriemaileetako baten arabera, biktima gizon batek jo zuen, eta erasoaren ondoren Viteri kalerantz ihes egin zuen. Berriemaileak gizonaren deskribapena ere eman zion Ertzaintzari.
Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren hainbat patruila berehala hurbildu ziren adierazitako lekura. Biktima lekuan artatzen ari zirenez, Ertzaintzaren patruilak ustezko lapurraren bila hasi ziren inguruan.
Horrela, handik laster aurkitu zuten ustezko erasotzailearen deskribapenarekin guztiz bat zetorren gizona Santa Klara kaleko portale batean sartzen. Agenteek gizonari atzetik jarraitu zioten, eta jakin zuten seigarren pisura igo zela eta handik aldameneko eraikineko teilatura igotzen zen teilape batera igaro zela, bertan ezkutatzeko asmoz.
Horren aurrean, eta teilatuek malda handia zutela eta teilatu batetik bestera haren atzetik joatea arriskutsua izan zitekeela ikusita, agenteek suhiltzaileei deitu zieten eskailera batekin hurbildu zitezen susmagarria arriskurik gabe jaitsi ahal izateko.
Ustezko erasotzaileak hartu zuen norabidea ikusita, agenteak inguruko portal bateko argi-zulo batetik sartu ziren eta ustezko delitugilearekin hitz egiten hasi ziren, bere jarrera baztertzeko eskatzeko, ezbeharrik gerta ez zedin. Horrela, susmagarria laster jaitsi zen teilatutik, eta leku seguru batera iritsi zirenean, identifikatu egin zuten 18 urteko gizona, eta indarkeria erabiliz lapurreta egitea leporatuta atxilotu zuten.