Enpleguko BGA-EI buruzko jardunaldia

2020.eko uztailak 20

 

Egun on guztioi: Egun on guztioi.

Gizarte-aurreikuspen osagarriaren inguruan egiten den edozein ekitaldi eta jardunaldi aukera bat da haren zabalkunderako, gizarteak hobeto ezagutzeko eta gizartearentzat etorkizun bikaina nola eraiki eztabaidatzeko, hura errealitate egiteko eta erabat orokortzeko.

Eskerrik asko, beraz, EMPRESA XXI-i eta, ondorioz, parte-hartzaile guztiei, dakigun bezala luzea izango den eta zailtasun ugari izango dituen bidea egiten jarraitzeko beste aukera bat gehiago emateagatik.

Eta iragarpen konprometitu hori ulertzeko nire hitzen amaierara itxaron behar ez izateko, hura arrazoituko dut. Esku artean dugun enpresak araudi-esparrua behar du, baina, Konstituzioak haren derrigortasuna debekatzen duenez, arauak, nolabait, bermatu egiten du erakundea zabaltzea eta, hori dela eta, tartean diren agente guztien aldetik kultura-aldaketa handia behar du.

Egia da erkatutako azioarteko beste esperientzia batzuetan, derrigorrezko arauaren ondorioz ohitura automatikoago egin dela, baina, gure kasuan, ez da hala, eta, hori dela eta, nagusiki soziala den prozesuan oinarritzen da.

Horrek gogorarazten digu finantza publikoak eta pribatuak arriskuari eta ezjakintasunari aurre egiteko tresna bat direla, eta, Charles Sanders Peirce filosofoak esaten zuenez -pragmatismoaren sortzaileetako bat-, gizabanakoa finitua eta hilkorra izanik, ez duela beste aukerarik bere arriskuen aurrean estaltzeko, erkidegoaren bidez ez bada. Gaurko aurreikuspeneko erakundeen aurrekari historikoa (XVII. mendetik) ermandadeak, kofradiak, Sutearo eta antzekoak dira; haiek baserriak taldekatzen zituzten, elkarri laguntza emateko suteek, haizeek edo denboraleek eragindako ezbeharren aurrean; gaur egun oso osasuntsu daude, eta jarraitzen dute sorreran helburu izan zituzten prestazioei arreta ematen.

Denbora berriak eta behar berriak aintzat hartuta, hari erantzuteko erakunde-berrikuntza sendotuko duen kultura-aldaketako gizarte-prozesua jarri behar da abian. Baina ezar ditzagun esku artean dugun erronka honen alderdiak.

Zergatik enpleguko BGAEak?

Lehengo tradizio mutualistan errotuta, Eusko Jaurlaritzak Estatutuaren 10.23 artikuluaren aurreikuspen goiztiarra garatu zuen, zeinak gaiari buruzko gaitasuna aurreikusten baitzuen, 5/1983 Legearen bidez; hark bide eman zion ermandade horiek sartzeko, enplegu-modalitateko erakundeak finkatu eta hazteko eta, azkenik, zerga-tratamendu eskuzabalaren onuradun izan diren modalitate indibidualeko erakundeak sortzeko. 37 urte hauetan, historia arrakastatsua izan da, eta hala aitortu da Euskadi barruan eta kanpoan, eta, gaur egun, honakoa da: 26.784 M€-ko funtsak, milioi bat eta ehun mila bazkide baino gehiago eta 660 M€-ko urteko prestazioak. Hori guztia, pentsioen sistema publikoaren edo lehen zutabearen prestazioak osatzeko, hura baita eta izango baita beti funtsezko oinarria.

Nik ez dut gogoko gizarte-aurreikuspen osagarriaren balioa nabarmendu nahi izatea Gizarte Segurantzaren krisiaren oinarriaren gainean; izan ere, horrek sektore handien konfiantzarik eza pizten du, eta horrek, azkenean, nabarmen zailtzen du haren garapena. Gizarte-aurreikuspen osagarriak zentzua zuen lehen urteetan, gizarte-segurantzaren sistema egungo krisitik urrun zegoenean; gainera, Euskadin bereizgarri zen soberakin handiengatik, eta bai orduan bai orain, haren osagarritasunaren helburuak sistema publiko sendoa behar du. Ekarpeneko ibilbide luzean % 6ko ekarpen idealak (% 3 eta % 3 bananduta enplegu-sisteman) azken soldataren % 20ren estaldura bermatzen du. Ideal horretan gaur egun kolektibo oso txikia egoteak dena azaltzen du: sistema publikoa ordezkaezina da, eta gizarte-aurreikuspen osagarriaren defendatzaileok lehen zutabea sendotzearen aldeko defentsa irmoa egiten dugu.

Hiru zutabeen ordena ez da hutsala: enpleguaren gizarte-aurreikuspena publikoaren osagarria da; eta banako aurreikuspena, nolabait, enplegu-osagarriaren osagarria da, azken horri heldu ezin dietenei aukera emateko.

Horren arrazoiak enpleguko BGAEen indarguneak dira, zeinak oso garrantzitsuak baitira: kotizazio-karrera luzeak izateko bide ematen dute, adin gazteen segmentuetan sartzen baitira; kobrantzak errenta-forma hartzen du; errentagarritasunak neurrizkoak dira; administrazio-gastuak moderatuak dira, eta kudeaketa batera egiten dute gizarte-eragileek (sindikatuak eta patronala). Ahulezia bilakatzen diren indarguneak, indibidualen kasurako: ibilbide laburrak eta penetrazio urria 35 urtetik behera; kapital forman kobratzea; errentagarritasun murriztua, eta administrazio-gastu handiak. Alderdi horien xehetasunak ez dizkizuet emango, baina zifrak Ogasun eta Ekonomia Sailaren web-orrian dauden txostenetan kontsultatzera gonbidatzen zaituztet.

Enpleguko BGAEak, beraz, gizarte-aurreikuspen osagarriaren funtsezko oinarria lortzeko tresna pribilegiatua dira, alegia, errenta ertainetarako eta baxuetarako orokortzea lortzeko. Eta, hori dela eta, otsailaren 23ko egungo 5/2012 Legeak orokortzea eta estaldura-maila egokia ziurtatzeko beharrezkoak diren ezaugarriak batzen dituzten lehentasunezko enplegu-erakundeak arautzen ditu:

  • Enpresako plantilla osoari eskaini behar zaizkio
  • Enpresaren eta langilearen artean partekatutako ekarpenak behar dituzte
  • Ezin dira aurreikuspenaz bestelako xedeetarako erreskatatu
  • Prestazioak errenta forman egiten dira
  • Enplegatzailearekin lan-harremanik ez duten hainbat kolektibotara zabal daitezke, besteak beste autonomoetara.

Enpleguko BGAEen errealitatea

Hala ere, mintzagai dugun historia arrakastatsu horren barruan ikusten dugu enpleguko BGAEak milioi bat bazkideen % 43ra baino ez direla iristen, eta haien balantzea  26.760 M€-ko funts osoen % 54ra. Erakunde batek ere ez du eskatu lehentasun kalifikazioa, nahiz eta batzuk oso ongi egokitzen diren egoera horretara; zalantzarik gabe, berentzat zerga-esparru berezirik ez dagoelako.

Aurrekoaz gainera, erakundeen eta haietako bazkideen banaketa oso bestelakoa da lurraldeen arabera: bi heren inguru Gipuzkoakoak dira, % 25 Bizkaikoa eta % 9 Arabakoa. Ondorioz, biztanleria okupatuaren gaineko estaldura % 69koa, % 15ekoa eta % 19koa da. Zifra horiek erakusten dute orokortzea oraindik oso urrun dagoela; baina hori ez da dena, nahikotasuna ere ez baita errealitatea. Lagun Arok eta Elkarkidetzak baino ez dituzte sistema egokiak eta nahikoak, baina bi horietako bazkideak 36.500 inguru dira, eta Gipuzkoan  biztanleria okupatuaren % 12ra iritsiko litzateke.

Eta gizarte-aurreikuspen osagarria inguratzen duena marrazten amaitzeko, esan behar dugu oso sektore zehatzetan kontzentratzen dela (administrazio publikoa, Mondragón Korporazioa, antzinako aurrezpen-kutxak); izan ere, gainerakoen ondare-maila ez dira nahikoak, nabarmena den moduan.

Geroa BGAEk aipamen berezia behar du; izan ere, Gipuzkoan biztanleria okupatuaren % 34ra iristen da eta, beraz, eragin handia du; lehentasunezko BGAEen ezaugarri guztiak betetzen ditu, eta patronalaren eta sindikatuen artean partekatutako kudeaketa eraginkorra du. Baina hartan, bazkideko ondarea 7.000 € baino pixka bat handiagoa baino ez da.

Fiskalitatea eraldaketa-palanka gisa

Legegintzaldi honetan, tartean diren agente ugarirekin eginiko hainbat bileratan, errealitate hori azaldu eta Gobernuak errenta ertain eta baxuentzat enplegu-sistemen bidez gizarte-aurreikuspen osagarriaren orokortzea lortzeko duen helburua planteatu dugu.

Ez dugu izan, zehazki, harrera oso ona gizarte-eragileetan, ez eta sindikatuetan eta enpresa-erakundeetan ere. Gizarte-eragileen artean, araua ukatzea izan da, sistema publikoaren esklusibotasunari buruzko planteamendu ideologiko hutsengatik, edo eszeptizismoa, lan-merkatuaren baldintza txarrengatik, bai enpleguaren kalitateagatik, bai negoziazio kolektiboaren krisiagatik. Enpresa-ordezkaritzak (Confebask), bestalde, kostuaren faktorea nabarmendu du, soldata geroratua dela bistakoa izan arren, bai eta gizarte-aurreikuspen osagarria negoziazio-mahaietan ez zegoela eta, antza denez, haien falta nabaritzen ez zela ere.

Oztopo garrantzitsu hori gorabehera, ezin da ukatu elkarrizketaren bidez zenbait aurrerapen lortu direla gizarte-aurreikuspen osagarriak gizartean oro har duen erabilgarritasunaren pertzepzioan, bai eta sektore ez hain sentikorren edo bereziki gogorrak direnen zati batean ere. Bagenekien kultura-aldaketa sustatzeko eginkizuna zaila zela, eta esperientziak hala berretsi du.

Hortik aurrera argi zegoen elkarrizketak jarraitu egin behar zuela, baina elkarrizketan funtsezkoa izan den elementuetako bat zehaztu behar zen, alegia: zerga-esparruaren eginkizuna eraldaketa-palanka gisa.

Euskadin fiskalitatean egiten den edozein aldaketa garrantzitsuk forma eta denbora batzuk bete behar ditu, alegia Zerga Koordinaziorako Organoaren deliberamendua behar du, bai eta ondoriozko prozesua ere, zeina, normalean, lau urtean behin egiten baita, zerga-sistemaren errendimendua ebaluatu ondoren.

Gai horren inguruan tentagarria da pizgarri berriak daudenen kalterako ez izatea eta alde bakoitzak duena mantendu nahi izatea. Benetako arriskua da, eta Gatopardo-n adierazitako aldaketa lanpedusiar bilaka daiteke; alegia, aldaketa-fikzioa.

Gainera, baliabide publikoak urriak dira, eta haien erabilera arrazoitua izan behar da, interes publikoko irizpide zorrotzen arabera. Eta horren harira autokritika egin behar da iraganean kapital-formako kobrantza-prestaziorako emandako tratamenduaren gehiegizko eskuzabaltasunaren inguruan.

Oreka ez da erraza, baina, hala ere, esan behar da alde interesdunekin izandako elkarrizketak bateratasun esanguratsua sustatu duela posizioetan, eta, ondorioz, Gobernuak gizarte-aurreikuspen osagarrien tratamenduaren zerga-erreformaren proposamena eraman ahal izan duela Zerga Koordinaziorako Organora.

Proposamena, logikoa den bezala, irekia da, baina haren gako nagusiei eutsi beharko litzaieke, ahalmen eraldatzaileari eusteko. Gure ustez, honako hauek lirateke gako horiek:

  1. Lehentasunezko enpleguko sistema osagarriarentzako laguntzak eta ekarpenak, sistema publikoenak bezala, oinarritik murriztu behar dira eta gero ordaindu, errenta formako prestazioen aldeko tratamenduarekin. Modalitate horretan eta gainerakoetan kenkariaren gehieneko zenbatekoek errenta ertain eta baxuetan kontzentratzeko helburuarekin etorri behar dute bat.
  2. Plan indibidualetarako eta lehentasunezkoak ez diren enplegu-planetarako ekarpenak kuotatik kendu behar dira eta gero ordaindu, sorkuntza-urte bakoitzeko % 1eko murrizketarekin errendimenduen tributazioan.
  3. % 40ko murrizketa desagertu behar da kapital formako kobrantzaren kasuan, errenta formaren kobrantza sustatzeko. Horretarako, eskuratutako eskubideak errespetatuko dituen aldi iragankorra ezarri behar da.
  4. Sozietateen gaineko zergaren kuotan pizgarria berreskuratu behar da enpresen kontribuzioetarako, horietako lehena nagusitzen dela.

 

Hurrengo urratsak

Ildo horiei jarraituko dien fiskalitateak pizgarri bereizgarri handia ekarriko du lehentasunezko enplegu-planen garapena sustatzeko, dauden sorreraren edo eraldaketaren bidez, betiere haietara jo ezin dutenei estaldura egokia emanez.

Baina gizarte-aurreikuspen osagarria errenta ertain eta baxuetara orokortzeko helburua lortzeko, negoziazio kolektiboa behar da, eta hori ez da gertatuko, baldin eta errealitate bilakatzeko konpromiso orokor formalak hartzen ez badira.

Hemen bi aukera interesgarri planteatzen dira. Lehena, hausnarketa partekatu baten ondorioz “negoziatzeko akordio” bat adostu ahal izatea, zuzeneko araudi-eraginkortasunik ez duen baina gure lehentasunezko enplegu-eredua aplikatzeko oinarriak ezar ditzakeen betebeharren irudia. Bigarrena, gizarte-aurreikuspen osagarriaren arloan zuzeneko araudi eraginkorreko akordioa sinatzea euskal ekonomia orokorrerako, jarduera-sektore guztietara iritsiko dena, bai eta enpresa guztietara ere, Langileen Estatutuaren 83.3 artikuluan oinarrituta.

Hori lortzeko, gizarte-aurreikuspen osagarria gizarte-elkarrizketan sartu behar da. Gizarte-elkarrizketa hori aberasteko, politika publikoak kontzertazioaren eremura bideratu behar dira. Laguntzek, finantzaketak, dirulaguntzek, fiskalitateak eta gizarte-aurreikuspen osagarriak ere erabat pribatua den ikuspegia gaindituko duten gizarte-orekak lortzen lagundu behar dute.

Oso ondo dago enpresa kooperatiboaren eta parte-hartzailearen kulturaren alde egitea, Eusko Legebiltzarraren aho bateko babesak eragin zuena bezalakoa. Edo enpresa-ideia horrek babestu beharreko ondasun erkide gisa gaur egungoa bezalako sozietateen gaineko zerga justifikatzea, Espainiakoa baino askoz ere abantailatsuagoa, eta zer esanik ez Europakoa baino. Baina horrek guztiak ondasun erkidearentzako aldaketa errealak ekarri behar ditu.

Gizarte-aurreikuspen osagarriak gaur egun jarraitzen du herrialdeko proiektu handia izaten: guztion esku-hartzea behar duen euskal gizartearen ongizateari lagundu behar dion ondasun publikoa. Ezin dugu huts egin.  

Eskerrik asko.

Alberto Alberdi Larizgoitia

Ekonomia, Finantza eta Aurrekontuetako sailburuordea

Eusko Jaurlaritza