Energiaren Euskal Erakundeak 11,3 M" bideratuko ditu laguntzetan eraikinen energia-birgaitzera

Eraikina

2020.eko azaroak 05

Euskadin diren eraikinen iraunkortasuna

  • Eskaerak 2020ko azaroaren 16tik 2021eko uztailaren 31ra izapidetuko dira
  • Jarduketak eraikin osoan egin beharko dira laguntza jaso ahal izateko, eta jarduera osoaren kostuaren %35eraino lagunduko da diruz; argiteria hobetzeko, berriz, %15eraino lagunduko da.

  • Dirulaguntza handiagoa lor daiteke, kostu hautagarriaren %85eraino, aldi berean zenbait jarduketa metatu edo batera eginez gero, edo babes publikoaren kalifikazioa duten eraikinen kasuan; baita Landa zein Hiri Berroneratzeko eta Berritzeko Gune baten barruan egonik eraikinetan ere.

 

Energiaren Euskal Erakundeak kudeatuko dituen dirulaguntzei esker, Euskadin diren eraikinen energia-birgaitze jarduketa ugari egin ahal izango dira, Programaren 11,3 milioi euroko aurrekontua honako honetara bideratuko da: inguratzaile termikoaren hobekuntzetara, energia sistema konbentzionalen ordez berriztagarriak jartzera eta argiteria eraginkorra instalatzera. Programa bihar argitaratuko da EHAAn, eta eskaerak aurkezteko epea azaroaren 16an hasiko da.

Eraikinen energia-birgaitzeko programaren helburua da bertako eraikinen iraunkortasuna eta energia-eraginkortasuna hobetzea, eta horretarako dirulaguntza zuzenak emango dira zenbait jarduketetarako, baldin eta Euskadin diren eraikin osoan egiten badira eta eraiki izan badira 2007. urtea baino lehen eraikin horiek.

Programa horren oinarriak bihar argitaratzen dira EHAAn. Hala, dirulaguntzak eskatzeko eskariak azaroaren 16rik aurrera onartuko dira, eta Energiaren Euskal Erakundearen webgunearen bitartez egin ahal izango dira. Dirulaguntzak eskatzeko epea zabalik egongo da 2021eko uztailaren 31 arte. Dirulaguntza jasotzeko aldeko ebazpena emanez gero, birgaitze proiektua egiteko 18 hilabeteko epealdia izango da.

Dirulaguntzen onuradunak honako hauek izan daitezke: pertsona fisikoak eta juridikoak, diren eraikinen jabeak; jabeen erkidegoa, enpresa ustiatzaileak, eraikinen errentariak edo kontzesionarioak eta baita beste erakunde batzuk ere, hala nola energia-zerbitzuen enpresak eta toki-erakundeak, besteak beste. Nolanahi ere, jarduketak eraikin osoari eragin behar dio eta EAEn egon behar da eraikina (komunitateak zein etxebizitza familiabakarrak) eta ez banakako apartamentuak.

Programa honek jarduketa guztietarako emango dituen dirulaguntzak kostu hautagarriaren %35 izango dira, salbu eta argiteria-instalazioak hobetzekoak, %15 izango baitira. Programaren izaera soziala areagotzeko asmoz, dirulaguntza osagarri bat emango da, baldin eta etxebizitza-eraikina babes publikoaren kalifikazioa badute edo Landa zein Hiri Berroneratzeko eta Berritzeko Gune batean badaude.

Gainera, dirulaguntza areagotu egingo da beste kasu batzuetan ere, hala nola eraikinaren energia-kalifikazioa hobetzeko jarduketak, A edo B energia-klasea lortzeari begira, edo hasierako energia-kalifikazioa bi letretan hobetzen direnak; baita aurreikusten diren jarduketen artean bi ekintza batera, gutxienez, integratzen dutenak, baldin eta horietako bat inguratzaile termikoari lotuta bada eta klimatizazio-eskarira ekarriko dion jaitsiera %30 bada. Konbinazio horri esker, % 85eko diru-laguntza ere lor daiteke egindako jarduketen gainean. Dirulaguntza horiek bateragarriak izango dira helburu bera duten beste laguntza batzuekin.

Jarduketa hautagarriek azken energia-kontsumoan lortu eta justifikatu behar duten murrizketa ehuneko hamarra izango da, gutxienez, hasierako egoerarekin alderatuta, eta eraikinaren energia-kalifikazio osoa hobetu behar dute hurrengo letrara pasatuz.

Programa honek Instituto para la Diversificación y Ahorro de Energíaren (IDAE) funtsak ditu, Eusko Jaurlaritzari besterenduak edo transferituak.

Energia hobetzeko jarduketak
Dirulaguntzak eraikinen inguruko hiru jarduketa nagusiri begira eratu dira: batetik, eraikinen inguratzaile termikoa; bestetik, instalazio termikoen hobekuntza eta hirugarrena, berriz, argiteria.

Eraikinen inguratzailea
Eraikinen inguratzaile termikoa da epigrafe nagusia dirulaguntza programa honetan, haren hobekuntzak energiaren aurrezpen handia baitakar. Energia-birgaitze horri esker lortzen da eraikinak isolatzea, bero-galerak eta iragazketak murrizte aldera, energia-eraginkortasuna nabarmen hobetzeaz gain. Hartara, berokuntza gutxiago erabiltzen da eta energia aurrezteko aukera dago. Horrelako jarduketek kostu hautagarriaren %35erainoko dirulaguntza jaso dezakete.

Instalazio termikoen hobekuntza
Eraikinek aukera handia eskaintzen dute energia berriztagarriak instalatzeko bertan, energia konbentzionalez elikatzen diren galdaretan oinarritutako ekipoen ordez, ur beroa produzitzeko, berokuntza, aireztapena edo klimatizazio premiak ase edo betetzeari begira. Horrexegatik, hain zuzen, energia berriztagarriez baliatzen diren sistemak jarriz gero, konbentzionalak ordezkatuz, inbertsio hautagarriaren %35erainoko dirulaguntza emango da; berriztagarrien artean, biomasa, geotermia, eguzki termikoa, bero-ponpa edo autokontsumorako sorkuntza elektriko berriztagarria daude. Era berean, sistema horien erabileran eraginkortasun handiagoa ahalbidetzen duten erregulazio eta kontrol teknologiei sarbidea emateko gailuak ere diruz lagunduko dira.

Hobekuntza teknologikoak argiterian
Argi konbentzionalak ordezkatzeko teknologia aurreztaile berriak jartzeari begira, kostu hautagarriaren %15erainoko dirulaguntza emango da. Horretarako, jarduketa hauek eraikinaren azken energia-kontsumoan murrizketa justifikagarria lortu behar dute, baita haren emisioetan ere.

Jardunaldi informatiboak
Energiaren Euskal Erakundeak zenbait saio informatibo antolatuko ditu luze gabe, laguntza programa honen onuradun izan litezkeen guztiei haren berri zehatza emateko xedez.

Hain zuzen ere, azaroaren 18an izango da lehen saio informatiboa formatu telematikoan, alorreko profesionalei zuzendua nagusiki; bigarren saio batean, berriz, arratsaldez, azaroaren 19an egingo dena, publiko orokorrak izan ditzakeen galderak edo zalantzak argituko dira. Saio horiek www.eve.eus webgunearen bitartez eskainiko dira.

Informazio gehiago eta izen emateak